Bilbao Bizkaian non edo zer jatea erabakitzea ez da lan erraza. Gure gastronomiaren aniztasuna eta kalitatea hainbestekoa da, non jatean pentsatzean ahogozo egiten zaigula. Txikiteoan ibiltzeko giro onena duten herrietako tabernetan pintxoetan ibiltzea; betidanik etxean gozatu ditugun bezalako plater tradizionalak prestatzen dituzten sukaldeak; haragi zoragarriz edo gure baratzeetan bildu berri diren produktuez gozatzeko erretegiak; arrainik freskoenak dastatzeko portuen ondoan dauden lokalak, goi-mailako sukaldaritza modernoko jatetxeak… Bilbao Bizkaiko gastronomia gusturako gozamena da.

Michelin Gidaren 2022ko edizioak aurten ere Bilbao Bizkaiaren proposamen gastronomikoaren kalitatea aitortu du, eta lurraldeko hamabi jatetxe oneni 14 izar eman dizkie. Hauek dira, gida entzutetsuaren arabera, Bilbao Bizkaia gastronomiaren tenpluak:

Azurmendi ***

Bilbao Bizkaiko zapore tradizionaletan errotuta dagoen Azurmendiko sukaldaritza modernoak eta mundu osoko aintzatespenak jasotzen ditu etengabe. Larrabetzuko herri txiki baina monumentaletik, gure gastronomiaren muinaren irudimenezko interpretazioa, tradizioarekiko errespetuz egina eta benetako produktua eskaintzeko grinan oinarritua, 0. kilometroko produktuen eta Eneko Atxa sukaldariaren jasangarritasunaren aldeko apustuarekin bat dator.

Eneko*

2017an, Eneko Atxak abentura berri bati ekin zion Eneko jatetxea irekiz, Larrabetzun ere, Azurmendiren eta bere ardo-karta hornitzen duen txakolin-upeltegiaren ondoan. Jatetxearen barruan jantokiari irekitako sukaldaritza nabarmentzen da, plateren prestakuntza esperientzian integratuz. Atxaren filosofia eta gure sukaldaritza tradizioa errespetatuz, Enekok eskaintzen duen menua kalitatezko eta jasangarritasun handiko produktutik abiatzen da emozioak emateko.

Etxebarri*

Sua da Etxebarri Erretegiko sukaldearen oinarria, elikagai bakoitzerako txingar perfektuaren bila pasatzen baita. Bittor Arginzonizek diseinatutako esperientzia paregabeak jatetxe hau munduko onenen artean jarri du urtez urte. Etxebarriko parrillak txuletetatik, legatzetik edo bisigutik onena ateratzen du, sasoiko barazkiak ahaztu gabe. Eta, opari gisa, Etxebarri Erretegiak leku aparta eskaintzen du Atxondon, Anboto mendiaren itzalean, gure Mari jainkosaren etxean.

Boroa*

Zornotzako Boroa auzoan, Bilbotik eta Durangotik kilometro gutxira, ehunka urteko haritzez inguratutako XV. mendeko baserri batean, Boroa Jatetxea dago. Benetako paradisu gastronomikoa da, ametsetako ingurune naturalean. Mari Asun Ibarrondok zuzentzen duen jatetxe honen bokazioa betiko platerak berraurkitzea eta haietatik abiatuta aurrera egitea da, jankideak harritzeko bere prestaketak berrituz.

Andra Mari*

Gure lurraldeko sukaldaritza tradizionalaren errezetak inspirazio-iturri dira Andra Mari jatetxean, 1964tik geroztik Bizkaiko gastronomiaren erreferentea. Urteen poderioz, zubiak eraiki ditu gure gastronomiarik tipikoenaren eta sukaldaritzako abangoardiaren artean. Andra Mari leku bakarra da, Galdakaoko Elexalde auzoko baserri zahar batean kokatua, Bizkaiko mendialdearen eta Gorbeiako Parke Naturalaren gaineko ikuspegiekin.

Garena*

Zerrenda hautatuan sartu den azkena Garena jatetxea da, Julen Baz sukaldaria buru duela. Dimako jatetxe honetako sukaldaritza, Gorbeiako Parke Naturaleko gailurren azpian, Bilbao Bizkaiko sukaldaritza tradizionalean oinarritzen da, inguruko produktuez eta bertako ekoizleen jakintzaz baliatuta, freskotasunez eta nortasunez betetako sukaldaritza-esperientzia berritzailea sortzeko. Hori guztia XVIII. mendeko baserri batean, bere mahastiko txakolinak lagunduta.

Zortziko*

Bilboko klasikoetako bat, Zortzikok esperientzia gastronomiko gaindiezinak eskaintzen ditu 80ko hamarkadatik, Daniel Garcíaren zuzendaritzapean. Zortziko jatetxearen proposamena betidanik izan diren produktu eta zaporeetan oinarritzen da. Produktu horiek berrikuntzaren bidez eta bere elaborazioei zapore exotikoak erantsiz berraurkitzen dira. Isozaki Atearen aurrean, Bizkaiko hiriburuaren erdi-erdian. Zortzikoko sukaldaritzak oroitzapenak eta sentsazio berriak ezagutzeko bidaia eskaintzen du.

Nerua*

Guggenheim Bilbao Museoa bezalako esparru ikusgarri batek maila bereko jatetxe bat merezi zuen. Nerua jatetxeak, Josean Alijaren eskutik, Frank Gehryk diseinatutako eraikin zoragarriaren sormen artistikoa eta haren erakusketak sukaldeetara eramatea lortu du. Gure itsasoko sasoiko produktuetara, baratzera eta baserrietara zapore guztia ateratzeko egokitzen den menu batekin, Neruako sukaldaritzak tradizioa eta abangoardia batzen ditu leku berezi batean.

Atelier Etxanobe*

Bilboko Zabalgunearen bihotzean, beirate-fabrika izan zen lokal original batean, Atelier Etxanobe jatetxea dago. Leku horretan, Fernando Canalesek eta Mikel Poblaciónek beren sormena askatzen dute eta gastronomiarekiko duten grina transmititzen dute. Bikaintasuna beti buruan, Atelier Etxanoberen sorkuntzak originaltasunez eta pozez gainezka eginda daude. Produktu onenen kalitatetik abiatuta, Atelier Etxanobeko menuak protagonismo berezia ematen dio arrainari bere elaborazioetan.

Mina*

San Frantzisko auzoko Mina jatetxeko jangelako leihatea Bilboko Itsasadarrerantz eta San Anton eliza eta zubirantz irekitzen da, baita Erriberako Merkaturantz ere, Alvaro Garridoren sukaldearen inspirazioetako bat: merkatuko, sasoiko eta zaporeko sukaldaritza. Bere sutegietan dena lehengaiari buruz ari da, azken emaitza goraipatzeko produktuen zaporeak konbinatuz. Hasieratik bukaerara zapore eta testuren sinfonia eskaintzen duen menu harmonikoa.

Zarate*

Itsasoa da Sergio Ortiz de Zaraten sukaldaritzako protagonista, aurreko belaunaldien ezagutzarekin zordun dela aitortzen baitu. Eta hori da Zaraten filosofia, gure arrantza-portuetako itsasoaren fruituekiko maitasuna eta ezagutza eta sukaldaritzako tradiziorik onena elkartzen dituen establezimendu bat, San Mamesetik metro gutxira dagoen Poza Lizentziatuko jantokira itsasoko usainak eta zaporeak sukaldaritza berritzaile eta askotariko batean eramateko.

Ola Martín Berasategi*

Denboraldi bakoitzeko produktu freskoekin aldatzen den menu bat da Martin Berasategi euskal gastronomiako maisuak Ola Martín Berasategi jatetxerako egindako proposamena. Bilboko Alde Zaharrean, Bizkaiko hiriburuko mahai onaren muinean, Raúl Cabrerak zuzentzen duen taldeak merkatuak eta estazioek iradokitako sukaldaritza eskaintzen du, Gipuzkoako sukaldariaren printzipioei jarraituz eta errezeta-liburu tradizionalari buruz egiten duen bere interpretazioa gehituz.

Halaber, Michelin Gidak Bid Gourmand 2022 saria eman die Bilboko hiru jatetxeri, kalitate/prezio erlazio bikaina aitortzeko: Los Fueros, Zazpi Kaleetako Plaza Berriaren ondoan 1878an inauguratutako lokala, XXI. mendera ekarritako Bilboko ohiko plateren errepertorioa da; erdialdeko Henao kaleko Kimtxu taberna Asiako sukaldaritzaren teknikak eta bertako produktua konbinatzen dituena fusio gozo bat eskaintzeko; eta La Escuela, Bilboko Ostalaritzako Goi Eskolako jatetxea, non gure gastronomiako talentu gazteen sorkuntzez eta Artxandatik ‘Botxoren’ ikuspegi ikusgarriez goza daitekeen.