Urteko garai honetan, familiak eta kuadrillak elkartu egiten dira gure gastronomiaren alderdirik onenetaz gozatzeko, landa-munduko tradizioei eusteko eta, azken batean, Bilbao Bizkaia osatzen duten gabonetako giroaz bizitzeko.

Nekazaritza-azokek ematen dute Gabonetako irteera-seinalea Bilbao Bizkaian. Hiriek jai-giroan jasotzen dituzte baserrietako jaki gozoz betetako baserri-merkatuak: barazkiak, frutak, eztia, gozokiak, gazta, baserriko animaliak... Gabonetako menu zoragarria prestatzeko behar den guztia. Zalantzarik gabe, azokarik nabarmenena Santo Tomas da. Urtero egiten da, abenduaren 21ean, Bizkaiko hainbat herritan, baina garrantzi berezia hartzen du Bilbon. Milaka pertsona biltzen dira urtero Zazpi Kaleetako Plaza Berriaren inguruan eta Areatzako pasealekuan, Gabonetako afari eta bazkarietarako erosketak egiteko.

Gainera, denborak aurrera egin ahala, lagunekin Gabonak aldez aurretik ospatzeko modua bihurtu da eta elikagaiak saltzen diuzten postuei, txistuen eta danbolinen musika eta janariak eta edariak zerbitzatzen dituzten postuak elkartu zaizkie. Santo Tomaseko errege ukaezina talo zoragarria da; txorizoarekin, txistorrarekin edo odolkiarekin zerbitzatzen den arto, ur eta gatz-irinez egindako opila. Sagardo edo txakolin edalontzi batekin, azokaz eta eguneko jai-giroaz gozatzeko mokadu ezin hobea.

Saskia kalitate bikaineko eta kilometro 0-ko produktuez betetako dugularik, Gabon-gaueko afaria prestatzeko momentua iritsi da. Tradizionalki, menua oliba-olioz egositako aza eta bakailao gazia izaten zen lurralde barrualdean era  bisigu freskoa kostaldean; haragia, San Martinen prestatutako hestebeteak eta, postrera, gaztaina erreak eta intxaur-saltsa. Dena inguruko mahastietako txakolinaz lagunduta. Gaur egun, Gabonetako menua zabalagoa da, baina gure gastronomia tradizionalaren funtsa gordetzen du: kostaldeko arrantza-portuetatik ekarritako arrain eta itsaskiak, etxe bakoitzean ukitu pertsonala duten eta belaunaldiz belaunaldi pasatu diren errezeta zaporetsuekin prestatutako platerak, Bizkaiko abangoardiako jatetxeetan dasta daitezkeen plateretan oinarritutako prestakin berriak eta Lurraldeko gozotegi ospetsuenetako postre tipikoak.

Elkartzea eta abestea urteko edozein garaitan Bilbao Bizkaian gehien gozatzen dugun ohituretako bat da, eta are gehiago Gabon garaian, non kaleak Hator Hator edo Din Dan Don bezalako gabon-kanta tradizionalez betetzen diren. Zenbait herritan, hala nola Gernikan, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren inguruan, Arratian eta Zeberion, oraindik ere gordetzen da Marijesien antzinako tradizioa, Gabonen aurreko bederatzi gauetan Jesusen jaiotzari eskainitako bertsoak kantatzen dituzten taldeak. Errondak goizaldean izaten dira, eta herrietako eliza eta ermitetatik igarotzen dira. Egun bakoitzean, bertsoek Natibitateari lotutako alderdi bat lantzen dute, eta azken txanda Eguberrietako goizean izaten da, erromeria pintxo eta tixikitoak hartzen bukatuz.

Dudarik gabe, Olentzero  da etxeko txikienek kantatzen dituzten Gabonetako abestien protagonista nagusia. Ilusioa Bilbao Bizkaiko etxe guztietara eramaten duen ikazkin atseginari eskainitako gabon-kantak indartsu bizi dira abenduaren 25a baino lehen; Lurralde osoko herri eta hirietako kaleetan zehar ibiltzen diren kabalgata bizietan batez ere. Olentzeroren etxea Mungiako Landetxo Goikoa harrizko baserrian dago, Bizkaian dagoen baserririk zaharrena. Izenaduba Basoan berriz, Bizkaiko legendazko pertsonaiekin: Mari jainkosa, Galtzagorri, Basajaun, Lamia… topera gozatzeko jarduera dibertigarriak aurkituko ditugu.

Bizkaiko baserri batzuek antzinako tradizioari eusten diote oraindik:  inguruko basoetan  haritz, pago edo arte enbor handi bat bilatzen dute Gabon-gauean etxean erretzeko. Familia hauek suaren inguruan biltzen dira, neguko solstizioan eguzkiaren argia etxean sartuz urteko gaurik luzeenean babesteko ospatzen ziren garaiak gogoratuz. Sute berezi horren hondarrak eta errautsak urte osoan kontserbatzen dira, baserriaren, bertako biztanleen, animalien eta uzten babes gisa, eta hurrengo urtean sua pizteko ere erabiltzen dira baita.

Eguberrietako Bizkaiko beste ohitura bat, urte berriko egunsentia Gorbeia mendiaren gailurretik ikustea da; lurralde osoko gailurrik altuena. Gorbeiako Parke Naturaleko paisaiak zeharkatzen dituzten ibilbideak jarraituz, Bizkaiko mendizaleek Gorbeiako Gurutzetik Lurraldearen ikuspegi ikusgarrienetariko bat gozatzen dute,  1.481 metroko altueran. 

Azkenik, ezin duzu galdu Areatzako eta Zazpi Kaleetako Gabonetako giroa. Inguru horretara hurbiltzen garen einean, begi-bistan ateratzen den lehenengo gauza Areatzako kaian eta Erripako kaian hurrenez hurren dauden izotz-pista eta izotz-txirrista handia dira. 800 metro karraturekin, izotz ekologikoz egindako pista leku ezin hobea da gure patinatzeko gaitasuna frogatzeko. Txirristak, berriz, etxeko txikiek trineoz irristatu eta 100% Gabonetako esperientzia bizitzeko 6 errei ditu . Bilbao Gabonak eremua, azaroaren 25etik urtarrilaren 5era dago erabilgarri. Esperientzia horiez gozatu ondoren, ezin gara geratu Itsasadarraren beste aldean dagoen Gabonetako artisau-azoka bisitatu eta Zazpi Kaleetan barrena ibili gabe.