Enkarterrin nahitaez bisitatu beharreko 10 leku

Loizaga Dorrea

Galdamesen kokatuta dagoen XIII. mendeko gotorlekua da, 800 biztanle inguru baino ez dituen herria. Eraikin hau bere antzinatasunagatik, diseinuagatik, tamainagatik eta handitasunagatik da deigarria. Baina bada gehiago ere: Europako Rolls-Royce autoen bilduma pribaturik handiena du barruan.

Museoak 1910 eta 1998. urteen artean fabrikatutako auto europarrak eta amerikarrak ditu, kontserbazio-egoera ezin hobean mantendu direnak. Silver Ghost da zaharrena, 1910ekoa, eta Silver Spur bat berriena, 90eko hamarkadakoa. Autoen bildumari esker, automobilgintzaren munduko aurrerapen teknologikoak ikus daitezke, baita hark gizartean izan duen eragina ere.

Rolls-Royce autoez gain, badira beste marka batzuetako ibilgailuak ere: Hispano-Suiza, Isotta Fraschini, Delaunay-Belleville, Ford, Ferrari, Lamborghini eta Jaguar.

Armañon

Armañongo Parke Naturala, Karrantzaren eta Turtziozen artean, gure lurraldeko ezezagun handienetako beste bat da. Ingurune horretan paisaia karstikoa eta harrizko mendiguneak, pagadiak eta artadiak dira nagusi, eta sekulako ikuskizuna bihurtzen dira ikusmenerako.

Baina Armañonen edertasuna ez da mugatzen lehen begiratuan ikusten dugun horretara bakarrik; izan ere, 200 haitzulo baino gehiago daude zorupean, eta esperientzia handiko espeleologoak baino ezin dira sartu horietako batzuetara. Horietatik guztietatik Pozalagua Kobazuloa da ezagunena.

Pozalagua Kobazuloa

Enkarterrin ez dago Europako Rolls-Royce bildumarik handiena bakarrik; bertan dago, halaber, munduko estalaktita eszentrikoen bildumarik handiena, Pozalagua Kobazuloan.

Estalaktita eszentrikoak kobazuloaren sabaitik hazten diren estalaktitak dira, grabitateari aurre eginez eta airean bihurrituz. Ikusmenerako sekulako ikuskizuna. Estalaktita eta estalagmita arruntez gain, zutabeak, koladak eta laku lehortu bat ere badaude Pozalagua Kobazuloan.

Pozalaguaren edertasuna barruan zein kanpoan ikus dezakegu. Kobazuloaren kanpoaldean, Pozalaguako Anfiteatro handia dago, harrizko harrobi batean zizelkatua. 2.000 pertsona baino gehiago har ditzake eta, beraz, leku ezin hobea da kontzertu eta ikuskizunetarako.

El Pobaleko Burdinola

Burdinola hau Muskizen dago; XVI. mendean eraiki zuen Salazartarren leinuak, eta 1965era arte egon zen martxan. Denbora-tarte horretan, burdinola handitu egin zen pixkanaka, lehiakorrak izaten jarraitzeko eta garai bakoitzeko behar teknologikoetara egokitzeko.

Antzina, etxean erabiltzeko tresnak eta lanabesak egiten ziren bertan. Gaur egun ikus daitezkeen sutegia, ikaztegiak, harrizko hauspoak, mailua eta ingudea XIX. mendearen amaierakoak dira.

2004tik, El Pobal Burdinola museoa da, eta bertan, Bilbao Bizkaiaren industriaurreko iragana ikus daiteke: burdinaren fabrikazioa eta ehokuntza. Bisitaren baitan ditugu, halaber, azpiegitura hidraulikoa, olagizonak bizi ziren jauretxea eta ogi-labe eta gari-errota txiki bat.

Meatzaritzaren Museoa

Gure meatze-iraganaz ikasteko toki baten bila bazabiltza, Meatzaritzaren Museoa da horretarako lekurik egokiena, Gallartan. Museoak informazio baliagarria eskaintzen digu azaldutako gaiei buruz sakontzeko, batzuk akademikoak eta beste batzuk, berriz, informalagoak. Bertan, bagonetak, tresnak, argazkiak eta garaiko dokumentuak ikusi ahal izango ditugu.

Bisitaria bidaia batean murgiltzea da museoaren asmoa, bertan, meatzaritzatik bizi izan ziren arbasoen oroitzapenak eta bizipenak ezagutzeko.

Enkarterrietako Museoa

Museoa Sopuertan dago, Avellanedako Juntetxean, XVI. mendeko eraikina. Bizkaiko Batzar Nagusien jabetza eta egoitza da, Gernikako eta Gerediagako Batzar Etxeekin batera. Enkarterriko historia aztertzea du helburu, ikuspuntu politiko, sozial, ekonomiko eta kulturaletik. Horrela, bada, ikerketak, erakusketak, argitalpenak, ekitaldi kulturalak, jarduera pedagogikoak eta kultura-ibilbideak egiten dira, eta ondarea eskuratzen du, besteak beste.

Museo hamar aretotan banatuta dago, eta horietan Enkarterriko historia azaltzen da, historiaurretik XIX. mendera arte: aldi baterako erakusketak, Historiaurrea, Erromanizazioa, Goi Erdi Aroa, Hiribilduen Fundazioa, Behe Erdi Aroa, Erakundeak eta Antzinako Erregimen .

Basque Biodesign Center

Meatzaritza-legatu handia izan arren, etorkizunera begira dagoen eskualdea da Enkarterri. Gueñesen dago Basque Biodesign Center, esperimentazioaren, berrikuntzaren eta lankidetzan oinarrituz moda jasangarria sortzea xede duen tokia. Hemen sortzen dira etorkizuneko materialak, ekonomia zirkularra eta birsortzailea errealitate bihurtzeko aukera emango dutenak.

Materialistas izeneko erakusketa bat dago, eta bertan, tokiko teknika artisauak eta punta-puntako teknologiak uztartzen dira, modarako, produktuen diseinurako eta arkitekturarako garapen berriak sortuz.

La Encartada museoa

Enkarterrik Basque Biodesign Center bidez modarekin duen lotura ez da oraingo fenomenoa, iraganekoa baizik. 100 urtetan baino gehiagotan, eskualde honetan La Encartada izeneko fabrika bat egon zen; txapelak eta beste ehun-produktu batzuk egiten zituzten bertan, hala nola eskularruak, bufandak, biserak eta harilak.

Gaur egun, La Encartada bisitatu egin daitekeen museo industrial bat da. XIX. mendeko Ingalaterrako makinekin eta hornidura teknologikoarekin osaturiko bilduma da bere erakargarritasun nagusietako bat. Bisitan, ehungintzako produktuak egiteko ekoizpen-prozesu osoa ikus daiteke: lehengaiak jaso eta eraldatzen direnetik, paketatu eta bidaltzen diren arte.

Ordunteko mendiak

20 km baino gehiago dituen mendilerroa da, ikaztegiz, artzaintza-hondarrez eta hilobi-monumentu megalitikoz betea, eta Bizkaiko lurraldearen mendebaldeko muturrean dago. Bertan dago Bizkaiko bigarren mendirik altuena, Zalama, baita Kolitza mendia ere, gure lurraldeko bost deiadar-mendietako bat, eta antzina bertan deitzen ziren Bizkaiko Batzar Nagusiak.

Trianoko mendiak

Trianoko Mendiak meatzaritzaren protagonistetako bat izan dira Enkarterrin, horietan burdin asko zegoelako. Meatzaritza XIX. mendearen amaieran hasi eta 90eko hamarkadan amaitu zen, paisaiaren itxura nabarmen aldatuz. Ordudanik, naturak bere bidea egin du, eta leheneratu eta berriz ere berdegunez bete ditu gizakiak eraldatutako lekuak.

Eraldaketa horretan sakontzeko beste leku bat Ortuellako Peñas Negras Interpretazio Zentroa da, eta bertan dokumentatuta geratu dira leku honek urteetan zehar jasan dituen aldaketak.