Bilbo egun batean: ezinbestekoak

Dudarik gabe, ibilbidearen abiapunturik onena Alde Zaharra da, hiriaren bihotz historikoa. Unamuno Plazan hastea gomendatzen dizugu, metro geltoki propioa baitu eta Euskotren sareko tren irteeratik 100 metro eskasera baitago. Bi kasuetan, Zazpikaleak/Casco Viejo geltokian jaitsi behar duzu.

Miguel de Unamuno filosofo eta idazlea omentzen duen plazatik 'Zazpikaleak' izenez ezagutzen diren kaleetarako sarbideak ikusiko dituzu. Jendetzak biltzen dituzten kaleak, hauetatik ibiliz Bilborik originalena eta tradizionalena sentituko duzu. Abangoardiatik at bizirik irauten duen Bilbo hori. Tokiko dendekin, pintxoz beteriko tabernekin, janari tradizionaleko jatetxeekin eta eraikin historiko politekin.

Oso laster, zonaldeko aberastasun historikoarekin egingo duzu topo: Pilota kaleko John Jauregia, La Bolsa eraikina izenez ere ezaguna, Bidebarrietako Bidebarrieta Liburutegia eta Txakur kaleko Txakurraren Iturria. Egia esan, bazenekien bere kainuak lehoiak direla? Kale guztietatik ibiltzeak merezi du, nahiko arin egin ahalko duzu gainera. A! Ibilbidea egin bitartean Bilboko lauza behatu. Ikusiko duzunez, lora forma du erdialdean eta lau kanal kanporantz begira. Diseinu bereizgarri horren helburua egun euritsuetan uraren pilaketa ekiditea da.

ARRATSALDEA: XXI. mendeko Bilbotik txangoan

Zazpikaleak ikusi ondoren, jateko ordua izango da. Plater tradizionalen bat jan nahi baduzu, Santa Maria eta Txakur kaleen artean zenbait jatetxe dituzu. Halaber, pintxoak jatea nahiago baduzu Plaza Berrira hurbiltzea edo Erriberako Merkatura joatea gomendatzen dizugu. Bigarren hau, Europako estalitako hornidura-azoka handienetako bat da, eta seguruenez, bertan hiribilduko pintxorik onenetarikoak daude. Berdin dio hauetan jan nahi ez baduzu, merezi du behintzat ikustera hurbiltzeak.

Behin eguerdia pasata, Alde Zaharra atzean uzteko unea da. Irteeran, Areatzarako noranzkoan (antzina barnealdeko hondartza izandakoa), Arriaga Antzokia dotorearekin aurkituko zara, 1890ean zabaldua eta zenbaitetan berreraikita sute eta uholdeen eraginen ondorioz. Gelditu eta begiztatu minutu batzuetan zehar. Hortik abiatuta, Nerbioi itsasadar sinbolikotik doan ibilbidea has dezakezu. Bitxikeria bezala, jakin ezazu itsasadarrak, behin Bilbo hiribildua atzean uzten duenean, Bilbo Handiko bi alderdiak banatzen dituela: eskuin aldeko kostaldeko herriak; eta ezker aldeko herri industrialak. Gainera, laster ohartuko duzu itsasadarrak zubi ugari dituela, 14 guztira.

Ibilaldia Areatzatik hasita, bost minututan Udaletxera ailegatuko zara. Bertan, Jorge Oteiza euskal eskultore famatuak diseinatutako Variante Ovoide monumentua aurkituko duzu. Hortik aurrera, pauso bakoitzean Bilbo are modernoago egiten joango dela somatuko duzu. Horren eredu argia, pauso gutxira izango duzun Santiago Calatrava arkitektoaren Zubizuri zubia. Behin zubiko gunera helduta, hiriaren ikuspegi ederrez eta aire freskoaz gozatu nahi baduzu, Artxandako funikularra hartu dezakezu eta begiratokira igo. Hiru minutuko igoera baino ez duzu. Halaber, ibilbidea hiritik jarraitu nahi baduzu, Zubizuria gurutzatzera gonbidatzen zaitugu Isozaki dorre futuristetara heltzekotan eta bertatik Abandoibarratik jarraitzekotan, beti ere itsasadarraren bidea jarraituz noski.

Aurkezpenik behar ez badu ere, Guggenheim Museoa minutu gutxitan aurkituko duzu. Miresteko modukoa, Frank O. Gehryk diseinatutako arte garaikideko museoak, itsasontzi forma du eta kareharri, beira eta titanio xaflez egina dago. Orobat, oso maitatuak diren bi maskota ditu: aurreko partean Puppy duzu, lorez egindako txakur zaintzailea; atzekoan aldiz, Mamá, bederatzi metro inguruko armiarma erraldoia. Jeff Koons eta Louise Bourgeoisen obrak, hurrenez hurren. Museoa barrutik ikusi nahi ez baduzu ere, inguruetatik ibil zaitezke eta zortea baduzu, orduan behin errepikatzen den Su edo Laino Iturri ikuskizuna ikusi.

Gertu Iberdrola Dorrea ikusiko duzu, Euskadiko eraikinik altuena. Asteburu eta jaiegunetan 25. solairura igo ahal duzu, 115 metroko altuerara. Bidea jarraituz, Casilda Iturrizar Parkera helduko zara, hiriko birika berdea. Parkean, Bilboko Arte Ederren Museoaz gain, atsedenaldirako zelai berdeak dituzu eskuragarri, eta hegaztiez betetako urmaela, zeinetan ahateak nagusi direnez gero, parkea Ahateen Parkea izenez ezaguna ere den.

GAUA: 'Katedraletik' finantzen erdigunera

Indarberritzen zarenean, iluntzean San Mames Estadiora hurbiltzea gomendatzen dizugu. Munduko estadiorik onenetako bat izateagatik ospetsua, parketik 10 minututara dago. 2013an izandako birmoldaketaren ondoren, gauean duen argiztapena izugarria da. Benetan polita. Jakingo duzunez, Athletic Clubeko lehoien etxea da.

Egunari amaiera emateko, San Mamesetik, Jesusen Bihotza plazara jaitsi zaitezke eta Moyua Plazarako noranzkoan Don Diego Lopez Haroko Kale Nagusia hartu. Bertan hasten da erdigune komertzial eta finantzarioa. Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren inguruetan taberna eta jatetxe anitz dituzten kaleak daude, poltsiko guztietara moldatzen direnak. Kuriositate gisa, ikusiko duzunez zonaldeko metro sarbide guztiek kristalezko estruktura handia dute. Hauek 'fosterito' izenez dira ezagunak metroaren arkitektoa den Norman Fosterren omenez, ezaguna ere Londreseko 30 St Mary Axe eta bestelako nazioarteko obren sortzailea izanagatik. Azkeneko helmuga bezala, Kale Nagusitik paseoa ematea gomendatzen dizugu, eta baita metro geltokiren batera sartzea hauek barrutik nolakoak diren ikusteko.

Honekin, Bilboko ezinbestekoak bisitatu dituzu. Zure egonaldia atsegingarria izatea espero dugu!

Nola mugitu

Kontuan izan behar duzu Alde Zaharrean ezin dela autoa sartu eta erdigunean trafiko mugimendu handia egon ohi dela, beraz, aukerarik onena garraio publikoa erabiltzea da. Bilbok garraio sare ona du, eta metroatranbia, trena (Euskotren eta Renfe) edo autobusa (Bilbobus eta Bizkaibus) erabiliz hiriko edozein ertzetara heldu ahalko zara.

  • Bilboko Turismo Bulegoak

    Alde Zaharretik gertu:
    Helbidea: Plaza Biribila, 1
    Telefonoa: 944 795 760
    E-posta:. informacion@bilbaoturimso.bilbao.eus
     

    Guggenheimetik gertu:
    Helbidea: Alameda Mazarredo, 66

    • Ordutegia

      Alde Zaharretik gertu:
      Astelehenetik  igandera: 09.00-20.00
      Irekita urteko egun guztietan

      Guggenheimetik gertu:
      Astelehenetik larunbatera: 10.00-19.00
      Igande eta jaiegunetan: 10.00-15.00
      Uztaila eta abuztua: astelehenetik igandera: 10.00-19.00

    • Kokapena

      Bilbo

  • Euskaldun berria bazara, euskaltegiak gure hizkuntzan murgiltzeko erreminta paregabeak direla jakin beharko zenuke, baina formatu berezian planteatuta: klase arruntak eskaintzeaz gain, ahozkoak lantzeko, horietako askok irteera bereziak antolatzen dituzte herri eta hirietako kaleetan. Bilboko hainbat euskaltegietan ikasle eta irakasleek poteoak antolatzen dituzte mintzapraktika lantzeko eta hitz egiteko erraztasuna garatzeko.

    Horrez gain, zentro hauek zenbait egunetako irteerak antolatzen dituzte barnetegietara, gehienetan herri oso euskaldunetara. Bertan, askotariko jarduerak lantzen dituzte, eguneko 24 orduetan euskara hutsean moldatuz.