Ezagutu ibilbidea

ITZIAR ITUÑO ETA LUKA PEROS

Aktore izatetik pilotari izatera

Altua, sendoa eta beso eta esku onekoa. Luka Perosek benetako pilotari bihurtzeko baldintza guztiak betetzen ditu, berak ez jakin arren. Bere lagun ona den Itziar Ituño arduratuko da horretaz, Itziarrek oso ondo ezagutzen baitu euskal kirolaren ikuskizun handienetako bat. Horretarako aukeratutako lekua: Markinako Unibertsitatea. Aktore izateari utzi eta pilotari bihurtuko al da Luka Peros?

Izenik laburrena duen herria

Bi bokal. Horrela dago osatuta Bizkaiko herri guztietatik izen laburrena duena, ikusteko politenetako bat. Egun euritsu eta hotz batean –gure lurraldean oso ohikoa den klimatologia–, Itziarrek herri txiki hau horren berezia zergatik den erakusten dio Lukari. Ea herria Luka Peros liluratzeko gai ote da, euria egin arren. 

Sukaldaritza onak lagun onak biltzen ditu

Edozein aitzakia da ona jatetxe batera bazkaltzera joateko, eta, aitzakiarik ez izanez gero, bat asmatu eta kito. Apustu bat galdu izanaren ondorioz, Luka Perosek euskal baserri batera afaltzera gonbidatzen du Itziar Ituño, hemengo plater tipikoak dastatzera, baina, horren aurretik, Itziarren erronka bati aurre egin beharko dio…

Hamarreko esperientzia Bilboko Zazpikaleetan

Bilboko Zazpikaleak ezagutzeko modurik onena bertako kaleetan barrena galtzea da. Asmo handirik gabe, Luka etxetik atera da Zazpikaleetatik zehar paseatzeko eta Bilboko alde zaharra ezagutzeko asmoz. Zenbat eta gehiago barneratu Zazpikaleetan, orduan eta gehiago harritzen da bere bizitasunaz, edertasunaz, kulturaz eta, nola ez, jendeaz.

Emozioa eta historia Athleticen zelaian

Sekulako obra arkitektonikoa izateaz gain, San Mames futbol-zelaiak altxor bat dauka futbol onaren zale amorratu ororentzat. Bertan dago Athleticen museoa, historiak eta emozioek bizia hartzen duten lekua. Futbolzalea izanik, Luka Perosek hobeto ezagutu nahi izan du, eta ez dio aukerari ihes egiten utzi. Baina ez daki Athleticek ezusteko bat duela berarentzat…

Urdaibaiko kosta bisitatzeko modurik politena

Bizkaira etorri eta Urdaibai ez bisitatzea bekatua izan beharko litzateke. Luka Perosek oso ondo daki hori, eta, horregatik, Biosfera Erreserba ahalik eta modurik egokienean ezagutzea erabaki du: itsasontziz. Bizkaiko itsasoko olatuei beldurrik izan gabe, Luka itsasontzi batera igo eta Urdaibaiko estuarioko uretan murgildu da, itsasorantz.

ALIDA GOTTA

Michelin izar batekin sukaldean

Masterchef Italiako finalista, Bizkaian? Hala da! Alida Gottak ez dio aukerari ihes egiten utzi, eta gure sukaldaritzari buruz gehiago ikasi nahi izan du gure lurraldera egin duen bisitan. Eta Bizkaian Michelin izarra duten hamabi jatetxeetako batean egin du, jakina. Bertan, oso gurea den plater bat prestatu du, baina modernitate ukitu batekin, gure lurraldeko osagaiekin.

Urriko lehen astelehena Gernikan

Sukaldaritza onak osagairik onenak behar ditu –eta hori ondo daki Alidak– eta osagai horiek erosteko ez dago Gernikako azoka bezalakorik. Alida gure lurraldeko azoka garrantzitsuenetako batera hurbildu da Gernikako lehen astelehenean. Zer aurkituko du han?

Gure kostako ilunabarrik onenaren bila

Ilunabar hunkigarri batek hitzik gabe utzi du Alida Gotta. Bizkaian barrena egun osoa gelditu gabe ibili ondoren, eguneko azken argi-izpiek urre-kolorez margotu dute Barrikako itsaslabarra. Irudi ikusgarria, eguzkiaren berotasunaz eta olatuen orroaz gozatzeko.

Egin txotx eta ez dago stop

Gure gastronomiak eskaintzen dituen aukera anitzek animatuta, Alida esperientzia bat bizitzera animatu da, sagardotegi batean. Ez da erraza izango, horretarako ezinbestekoa den teknika bat menderatu beharko baitu: txotx. Zenbat saiakera egin beharko ditu sagardoa benetako profesional batek bezala zerbitzatzeko?

Arrantzaleen herrixka bat Algortan

Zenbat eta gehiago sartu Algortako portu zaharrean, orduan eta gehiago maiteminduko zaitu. Horixe gertatu zaio Alidari bertako kale estu eta koloretsuetan zehar paseatzen, postaleko txokoak aurkitzen eta lekuko pintxorik onenak dastatzen hasi denean. Zerk bihurtzen du arrantzaleen herrixka txiki hau horren leku magikoa?

Bizkaiko enbaxadorerik onena ardoa da

Ardo onaren zale bakar batek ere ez dio uko egiten gure enbaxadore onenetako bat ezagutzeko aukerari: txakolina. Alida hainbat upategitara hurbildu da ardo horren berezitasunak ezagutzera. Lortuko al du txakolinak beste jarraitzaile bat?

ANNE MARIE

Paseo mitologikoa Gorbeian

Anne Marie mendizale amorratua da eta gure lurraldeko mendi enblematikoenetako bat ezagutu nahi izan du: Gorbeia. Hala ere, ez da Gorbeiako Gurutzera igo; paseo bat eman du Itxinako mendigunetik. Leku magiko bat, baso hostotsuz, zelaiez, amildegiz eta leizez betea; hantxe du egoitza Marik, euskal mitologiako jainkosak…

Mendi-igoera Bilboko mendirik ikonikora

Bilbo bere iragan industrialagatik da ezaguna, baina Bizkaiko hiriburuak aukera asko ditu naturaz gozatzeko. Motxila bizkarrean hartuta, Anne Marie hiriko mendirik mitikoenetako bat igotzen hasi da. Esaten dute mendi horretara igotzen ez bazara, ez zarela Bilbokoa.

Itsasoak eta mendiak bat egiten duten tokia

Arratsaldeko azken argiak dira itsasoaz gozatzeko unerik onenetako bat, eta are hobeto itsasoaren arrasean paseo bat emanez egiten bada. Aitzakia horrekin, Anne Mariek trenbide zahar bat erakutsi digu –antzina minerala garraiatzeko erabiltzen zena–, bide berde bihurtua. Ez dauka zerikusirik izan zenarekin, baina oraindik ere ikus daitezke inguru horretako meatzaritzaren iraganeko arrastoak.

Urdaibai goitik begiratuta

Eta Urdaibai guztia goitik ikusi ahal izango balitz? Egia esan… Posible da eta egin beharreko esperientzia horietako bat da! Anne Mariek Urdaibaiko postalik politenetako bat ezagutzera animatu gaitu, Atxarreko San Pedroko begiratokia. Handik ikaragarria da ilunabarra, Mundaka, Laida eta Sukarrieta ikusten direla. 

Pelikuletako gaztelu bat

Butroe gazteluaren jabeek gazteluko giltza utzi diote Anne Marieri, leku horrek bere baitan ezkutatzen dituen sekretuak ezagutu ditzan. Aukera paregabea da, gaztelua jabetza pribatua izanik, publikoak fatxada bakarrik bisita baitezake. Nolakoa izango da barrutik?

ALIA & ALI

Guggenheim Museoaren 25. urteurrena

Nola imajinatzen duzu zeure burua 25 urte barru? Ez da lan-elkarrizketa bateko galdera, Aliak eta Alik euren buruei egindako galdera bat baizik, Guggenheim Museoa bere 25. urteurrenean bisitatu dutenean. Izan ere, leku hori inflexio-puntu bat izan da Bilborentzat eta hura bisitatu duten pertsona guztientzat.

Jauregi sorgindu bat Barakaldon

Aliak eta Alik Munoa Jauregia bisitatu dute, XIX. mendeko eraikin historikoa, garai hartan girotua. Bertan, beren nerbioak azalarazi dituzte, jauregiak ezkutatzen dituen zokoak ezagutzen dituzten bitartean. Baina dena ez da dirudiena…

Lekeitioko uharte misteriotsua

Bada itsasbeheran bakarrik irits zaitezkeen uharte bat: Lekeitioko uharte misteriotsua. Hondartza eta uhartea elkarrekin lotzen dituen paseoa ordu gutxi batzuetan bakarrik geratzen da agerian, itsasoa behar adina jaisten denean. Marea berriz ere noiz igoko den jakin gabe, Garraitz uharte magikoa ezagutzera joan dira Alia eta Ali.

Elorriotik maitasunez

Aliarentzat eta Alirentzat Elorrion gertatzen da maitasun-probarik zailena. Izan ere, hango iturri batetik edaten baduzu, bizitza osorako maitemintzen zara. Bikotekidearen maitasuna behar bezain sendoa ote da? Betiereko maitasuna bezainbestekoa?

Topa bion alde

Abenturaz beteriko egun baten ondoren, Aliak eta Alik agur esan diote gure lurraldeari, Bizkaian egindako egonaldian bizitako guztiaren pareko afari batekin. Galaz janzteko eta hamarreko esperientzia honi amaiera bikaina emateko unea da.

Gosaria Anbotoren azpian

Aliak eta Alik beren jaioterritik, Paristik, ihes egitea erabaki dute, gure lurraldeak eskaintzen duen luxu handienetako batez gozatzeko: natura betean gosaltzea, mendiz inguratuta eta Anbotoren magalean. Han arnasten den lasaitasunak guztiz harrapatu ditu, hiriko iskanbilara gehiago ez itzuli nahi izateraino.