Bilbao Bizkaiako museo berezienak

Bilbao Bizkaian bai ala bai ikusi beharreko museoak

Bilbao Bizkaia natura, gastronomia, abentura, kirol, kultura... lurra da, eta bai, baita museoena ere. Gure lurraldeko toki askotan, lurraldearen historiaren, kulturaren eta tradizioen alderdi desberdinak ezagutzen lagunduko dizuten museo interesgarriak aurkituko dituzu.

Bilbao Bizkaiako museoen eskaintza gehiena Bilbon dago, hiriburuan. Ziur entzun dituzula inoiz Guggenheim museoa eta Arte Ederrena (haietaz ere hitz egingo dugu), baina Bizkaiko beste leku batzuetan ere museo-ondarea oso baliotsua da.

Historia maite baduzu, kulturak, arte modernoak edo baita auto klasikoek zoratzen bazaituzte, Bilbao Bizkaiak asko eskaini ahal dizu. Hemen adibide bat: 7 museo oso berezi Bilbao Bizkaian, zure hurrengo bidaian sartzeko.

 

Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa

Berangon kokatutako museo hau izen bereko defentsa-lerrotik oso gertu dago: Burdin Hesia, Gerra Zibilean Euzkadiko Gobernuak eraikitako gotorlekuen multzoa, tropa errebeldeen aurreratzea eragozteko.

Museo honetan ezagutuko duzu nolakoa zen Burdin Hesia, nola eta zergatik eraiki zen eta nolakoak izan ziren haren erorikoa eragin zuten borroka biziak, ondorioz, Bizkaiko hiriburua Francoren esku geratu zenean.

Informazio gehiago: www.cinturondehierro.eus

 

Guggenheim Bilbo Museoa

Guggenheim Bilbo Museoak agian ez luke aurkezpenik behar. 1997an inauguratutako arte garaikideko museo ezagun hau hiriaren erdi-erdian dago. Frank O. Gehry arkitekto kanadarrak diseinatu zuen eta Bilbok azken urteetan bizi izan duen hiri-berroneratzearen ikurtzat hartzen da.

Bilboko Guggenheim Museoaren museo-programazioak bikain konbinatzen ditu erakusketa iraunkorra aldi baterako erakusketekin.

Informazio gehiago: www.guggenheim-bilbao.eus

 

Itsasmuseum Bilbao

Itsasmuseum Bilbao edo Euskal Itsas Museoa museo bihurtutako antzinako ontziola bat da, eta Bilbao Bizkaia itsas lurraldea, haren historia, aniztasuna, aberastasuna eta zaintza jorratzen ditu. Ramon de la Sota Kaian dago, Carola garabia ezagunaren aurrean.

Bere kokapenarengatik, Bilbao Bizkaiak betidanik izan du harreman estua eta sakona itsasoarekin, eta Itsasmuseum Bilbao da gure historiaren atal horretan sakontzeko tokirik onena.

Informazio gehiago: www.itsasmuseum.eus

 

Euskal Herriko Meatzaritza Museoa

Meatzaritza Museoak, Gallartan kokatua, Bilbao Bizkaiako meatzaritza eta industria ondarea eta kultura ikertzen, kontserbatzen eta hedatzen du.

Museo honetan ikusiko duzu nola burdin mineralaren ustiapenak benetako iraultza ekarri zuen lurraldearentzat eta goitik behera aldatu zuen bere egitura soziala, bere garapen historikoa eta baita lurraren beraren itxura ere.

Informazio gehiago: www.meatzaldea.eus

 

Auto Zahar eta Klasikoen Museoa

Esperientzia desberdin baten bila bazabiltza eta ibilgailu klasikoak gogoko badituzu, pasa zaitez Torre Loizagatik, Galdamesen. Concejuelo Gaztelu zaharberrituan kokatutako museo honek mundu osoko auto klasikoen bilduma onenetako bat du.

Ford, Ferrari, Hispano-Suiza, Jaguar… firmetako modeloak eta, aipagarriena, munduko 1998ra arteko Rolls-Royce ibilgailuen bildumarik handiena, guztiak egoera ezin hobean.

Informazio gehiago: www.torreloizaga.com

 

Bilboko Arte Ederren Museoa

Arte erromanikotik hasita joera garaikideetara: Bilboko Arte Ederren Museoa nahitaezko geltokia da artea maite dutenentzat, izan ere bidaia zehatza eta zirraragarria eskaintzen baitu mendebaldeko arteko artista nagusien eta joeren geltokietan barrena.

Bilboko Arte Ederren Museoan euskal artearen bilduma onena eta osoena ere aurkituko duzu, hurrengo izenak barne: Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Ignacio Zuloaga, Aurelio Arteta eta askoz gehiago.

Informazio gehiago: www.bilbaomuseoa.eus

 

Athletic Club Museoa

Klub bat baino askoz gehiago den futbol klub bat: Athletic Cluben ehun urteko ibilbidea xehetasunez ezagutu daiteke 1.000 pieza eta 900 bideo baino gehiago erakusten dituen artxibo historiko honetan.

Ibilbide museografiko hau ezinbestekoa da Athletic Clubeko jarraitzaileentzat, datozen lekutik datozela, penintsulako klub zaharrenetako baten ondarea ezagutzeko eta balioa emateko.

Informazio gehiago: www.sanmames.athletic-club.eus/museo