Erdi Aroko kutsuekin, Balmasedak ondare kultural zabala eta orotarikoa du: gastronomia bereizia eta eraikuntza zahar ugari, mendi, baso eta ibaiez inguraturik. Dudarik gabe, erlaxatzeko eta ingurugiroaz gozatzeko leku bikaina.

Balmasedako hiri-erdigunetik at plan ugari egin ahal dira, hiribildua mendiez inguratuta baitago. Ibilbiderik ezagunena, Kolitzaren gailurreraino (879m.) heltzen dena da, Sollube, Oiz, Gorbeia eta Ganekogortarekin batera Bizkaiko deiadar mendietako bat dena. Bitxikeria bezala, azaltzekoa da antzina bertako tontorretan sua piztu eta soinu seinaleak egiten zituztela adarrekin Bizkaiko Batzar Nagusiak hasiko zirela aditzera emateko, eta tradizio horretatik datorrela haien izena.

Balmasedaren historia

Balmaseda Bizkaiko hiribildurik zaharrena da. Bertako lehenengo aztarnak historiaurrekoak badira ere, Lope Sánchez de Mena Bortedok eman zion hiribildu titulua 1199an. Hiribildua sortzeko arrazoi nagusiak bi izan ziren: alde batetik, mendi eta ibai artean gotorlekua eraikitzeko kokapen aproposa zuen; eta bestalde, Gaztela eta Bizkaiaren arteko merkataritzarako ibilbide bikaina zuen, bertatik antzinako erromatar galtzada igarotzen baitzen. Hori dela eta, Balmasedan kokatzen zen Gaztelako Erresumaren eta Kantauriar gunearen arteko aduanarik garrantzizkoena.

Halaber, Balmasedak zenbait guda bizi izan ditu: Konbentzio gerra, Independentzia gerra eta gerra Karlistak. Guztiek utzi zuten hiribildua porrot ekonomikoan. Ondorioz, gudak bukatu ostean, Balmasedak beste mota bateko egitura ekonomikoa bereganatu zuen: XX. mendearen hasieran, industrializazioaren eta ferrokarrilen etorrerarekin, pobreziatik atera zen. Bere garrantzia izan zuen horretan 1888 urtean Compañia del Ferrocarril de Cadagua enpresaren sorrerak, Zorrotza eta Balmaseda trenez lotzen baitzuen meatzeen ustiapena errazteko helburuarekin.

Bestalde, bi industria garrantzitsu zeuden garai horretan hiribilduan: Boinas La Encartada lantegia, txapelak egiten zituena eta gaur egun Bizkaiko museo garrantzitsuenetariko bat dena; eta Mariano Murga Tamayoren altzari-lantegia, Balmasedako altzarigintzan aitzindarietako bat.

Amerikaren aurkikuntzaz geroztik, Enkarterrietako biztanle ugari bizimodu berriaren bila joan ziren. Zenbaitek “Amerikak egitea” lortu zuten eta Balmasedara bueltatzean luxuzko etxeak eraiki zituzten eskuratutako aberastasunekin. Haien istorioa ezagutu nahi baduzu, ibilbide gidatua egin dezakezu Balmasedako indianoen legatutik.

Galdu ezin duzuna

San Severino eliza. San Severino plazan kokatuta, XV. mendean eraiki zen. Altuera ezberdinetako hiru nabe ditu, eta bere absidea zazpi hutsarte handietan nabarmentzen da. Aipatzekoa arkitektura apaingarriek forma neogotikoak dituztela (1892tik mantentzen den organoa barne), baina santuen irudiak erromantikoak direla.

San Joan Bautista eliza. Martin Mendia kalean dago, Kadagua ibaiaren ezkerrean. XV. mendean eraiki zen eta nabe eta abside bakarra duen eraikuntza gotiko-errenazentista da. Bertan, San Bonifazioren aztarnak ondratu ziren. Gaur egun, Balmasedako Historia Museoa bertan kokatzen da.

Horkasitas Jauregia. Martin Mendia eta Erdikoa kaleen artean kokatzen da. Lau solairuko eraikina da eta argi baoak ditu fatxada guztietan. Zutabe korintiarrez beteta dago eta burdin hesi batez inguratuta dagoen lorategi ederra du. Antzina jabego pribatuko eraikina bazen ere, egun udal ondare da.

Zubi Zaharra. Erdi Aroan eraikia, zubiak Kadagua ibaia zeharkatzen du. Garai baten oso garrantzitsua izan zen, harrizko zubia izanik, segurtasunerako baliagarria zelako. Hala ere, arku garai bat duenez, salgaiak garraiatzea zailtzen zuen. Zubia, goikaldean duen dorretxo gotikoagatik ezaugarritzen da.

Santa Klara komentua. Burgoserako irtenbidean eraiki zen arrazoi estrategikoak direla medio. 1666an heldu zen komentura lehen abadesa, María Jacinta de la Puente andrea. Gaur egun bere barnean komentua bera, Gramatika Prezeptoria eta eliza daude. Komentua jatetxe-ostatua da, Prezeptoria etxe partikularra eta eliza Balmasedako Pasioaren interpretazio gunea. Azken hau, hiribilduan Aste Santua bizitasun handiz bizi delako dago.

Urrutia Jauregia. Ibañez de Zalbidea arkitektoak eraiki zuen eta estilo klasiko zurrunekoa da. Diego de Urrutia y de los Llanos almirantea bizi izan zen bertan (Leon eta Aragoiko errege-etxeetako oinordekoa). Bere azkeneko jabea Manuela de Otaola y de la Torre izan zen, baina hau oinordekorik gabe hil zen. Barnealdean hiru etxebizitza ditu, eta nabarmentzekoa da fatxadaren oinplanoaren ezkutuan Urrutia familiako armak daudela.

Nola heldu

Balmaseda lotura onak dituen hiribildua da. Bertara bai garraio publikoz bai partikularrez heldu daiteke. Bilbotik 28 kilometro baino ez daude eta aukera guztiekin heltzen da azkar eta eroso.

  • Trena

    Feve sarearekin heltzeko bi modu daude: Bilbotik irteten den Bilbao-Balmaseda hartu eta azkeneraino iritsi, edo Bilbao-Leon linea hartu eta Balmaseda geltokian jaitsi.

  • Autobusa

    Bizkaibusek zenbait linea ditu Balmasedara heltzeko (Bilbo, Gurutzeta/UPV, Lanestosa, Santurtzi, eta Zalla). Bilboko Termibusetik A0651 autobusa irtetzen da. Beste lineak kontsultatzeko, begiratu Bizkaibusen webgunea. Halaber, Alsak Burgos-Balmaseda eta Guardo-Balmaseda lineak ditu.

  • Autoa

    Bilbotik ailegatzea oso erraza da, eta bide erosoa du. Jarraibideak hauek dira: lehenik A8 errepidea hartu, gero BI-636 jarraitu. Behin errepide horretan, Balmasedara heltzeko E-70 irteera hartu behar da.

Gastronomia

Non jan

Putxera Enkarterrietako plater tradizionala da. Bere jatorria XIX. mendean dago, trenbideko makinistak trenaren lurruna indabak putxeran prestatzeko erabiltzen zutenean. Putxera horiek su motelean prestatzen jarraitzen dira, eta horien barne, indabez gain, tipula gorria, piperra, baratxuria, odolostea, txorizoa eta saiheskia sartzen dira.

Astebururo hiri erdigunean edonon jan ahal badituzu ere, urriaren 23an, San Severino jaiak ospatzen direnean, putxera lehiaketa egiten da eta gero hauek jaten dira. Gomendagarria da bertara joatea eta hauek dastatzea, ez baitituzu horrelakorik beste lekuetan aurkituko.

Ostatua

Non lo egin

Balmasedan, eta Enkarterrietan orokorrean, hotel eta ostatuen eskaintza anitza da. Hala ere, nabarmentzekoa da landetxeen presentzia. Erlaxatzeko momentuaren bila bazabiltza, dudarik gabe mendiguneko landetxeetan ostatzea duzu aukerarik onena. Gazteentzako, hiribilduaren erdigunean 10 ohatze dituen Udal Aterpea dago.

Bestalde, oraindik posible ez bada ere, gutxi barru autokarabanan lo egitea posible izango da. Izan ere, apirilerako Udalak Balmasedako Las Laceras gunean autokarabanentzako aparkalekua eraikiko duela iragarri du.

  • Informazio gehiagorako kontsultatu Balmasedako Turismo webgunea.

    Balmasedako Turismo bulegoa
    Martin Mendia Kalea, 2.

    48800 Balmaseda, Bizkaia.

    Telefonoa: 946 80 26 p76

    E-posta:
    info@enkartur.eus

    • Kokapena

      Balmaseda

  • San Severinoko jaiak dira Balmasedako ezagunenak eta parte hartzaile gehien dituenak. Urriaren 23an ospatzen dira eta egun horretan putxera lehiaketa tradizionala egiten da. Oso ezagunak ere Aste Santuko prozesioak, zeinetan herritar guztiak Kalbarioaren Dramaren aurkezpena egiten duten, Pasio Bizia deritzona. Halaber, bisitari anitz izan ohi ditu maiatzeko Erdi Aroko Azokak, herritarrak antzinako arropekin janzten baitira mendeak atzera bota direlako itxura egiteko.