angle-left Kantauriko haserrearen hormak

Uribe Kostako itsaslabarrak Interes Geologiko turistiko bezala izendatuak daude. Getxotik Armintzara gure kostaldea aberasten dute esparru geologiko eta paisajistikoan. 80 metro inguruko altuera dauka.

Getxoko Galea toki aparta da arnasa hartu eta inguratzen zaituen paisaiaz gozatzeko. Aurrez aurre Bilboko Superportua izango duzu. Parean, Bilboko Portuaren azpiegiturak, eta atzekaldean, Serantes mendia. Denbora badaukazu, eseri zaitez paseoko eserleku batean eta Bilboko Portura begiratu: etengabeko aktibitatea dago bertan. Itsasontziak heldu eta joaten dira eta kontainerrak daramatzaten kamioiak ikus daitezke, aurrera eta atzera, inurriak bezala.

Eserita zauden toki hau Bizkaiko Flysch-aren partea da. Bertako itsaslabarretako haitzek geruza ezberdinak dituzte, antzinako garai ezberdinen erakusgarri. Hurbilduz gero, material horiek gogorrak eta bigunak direla jabetuko zara, aurrehistoria garaikoak biak. Bizkaiko Flysch hau munduko atal geologiko onena eta zaharrenetarikoa da, dinosaurioak desagertu ziren garaikoak, hain zuzen ere.

Horrez gain, gure kostaldeko hondartzek edertasun eztabaidaezina dute: Sopela, Getxo eta Barrikakoetan milioika argazki egin dira, eta argazkilariak ez dira aspertzen egun eguzkitsuetako gaualdean bertara hurbiltzeaz paisaia motako argazkiak egiteko. Hondartza hauek ezinhobeak dira surfa, bodyboard, kayak-surfa, parapentea, eskalada eta naturarekin lotura duten antzeko kirolak praktikatzeko. Barinatxe (hondartza Basatia bezala ezaguna) surflari ausartenen hondartza da, bertan indar handiko olatuak topa daitezkelako egun haizetsuetan. Gainera, nudismoa praktikatzen den hondartza da eta urtero nazioarteko lasterketa nudista antolatu ohi dute Barinatxeko hondarrean. Arrietara-Atxabiribil hondartzak bestelako formatua dauka: itsasora guztiz irekia eta itsaslabarren artean kokatuta, turista eta bertako askoren aukera preziatua da. Udan jendez gainezka egon ohi da.

Zure helburua turisten urrun egotea bada, hobe zenuke Barrikako Meñakotzera joatea. Oso hondartza lasaia da eta fenomeno geologiko xelebreak topatuko dituzu bertan: Pillow Lavak. Harrizko kalak ederrak dira, zoragarriak bost zentzumenetarako. Muriolako hondartzan antzeko fenomenoa gertatzen da: Gorlizko ikuspegi zoragarria eskaintzen duen hondartza honen inguruetako duna batzuetan historiaurreko silex materialezko erremintak topatu izan dira.

iytu.reportaje.rutas

Plentzia kontrastez beteriko herri liluragarria dugu. Herrira heltzean ikusiko duzun lehenengo gauza Javier Manterolaren zubi zuria da, Plentziako ibaiaren gainean. Ibaia normalean itsasontziz gainezka egon ohi da, eta marea gora denean, bizitza beteriko koloredun eszena eskaintzen dio bisitariari. Ibilbide bi egin daitezke Plentzian: lehena, ibai parean doan paseoa Gorlizera jarraituz, eta bigarrena, paseoa alde batera utzi eta erdigunera jo. Bertan, herriko alde zaharra topatuko duzu, kale estu, aldapatsu eta ederrekin.

Ibilbide honek Plentzia, Gorliz eta Cabo Billanotik jarraitzen du, Armintzara heldu arte

Plentzia goitik behera ikusi ostean, paseoa jarraituz Gorlizeraino helduko gara. Gorlizen askotariko zerbitzuak dituzu, eta hondartza handia ere badauka.

Bai Plentzia, bai Gorlizko hondartzak ur lasaiak dituzte, udan familiarekin eguna pasatzeko aukera aparta. Gainera, Gorlizko uretan haurrentzako jolas-plataforma flotanteak antolatu ohi dituzte, familiako txikienek euren kabuz jolas dezaten. Gorlizko hondartzaren zonalde batean Astonoko duna fosil babestuak daude, 6.000 urte baino gehiagokoak. Bisitariari inguru natural babestu hau behar bezala errespetatzea eskatzen zaio.

Hondartzako ibilbidea jarraituz 1755eko Azkorriaga gotorlekura helduko zara. Eraikuntza hau herriaren defentsarako egin zen, Inglaterrarekin izandako gerra zela-eta. Azkorriagako gotorlekuaren aztarnak ikusi ostean, mendi magalean eskailera batzuk ikusiko dituzu. Hor, Gorlizko Cabo Billano itsasargira doan ibilbidea hasten da. Ibilbide honek benetan merezi du, maldatsua izan arren. Hiru ordu laurdeneko ibilbidean zehar itsasoa ezkerretara izango duzu, eta landa eremua, eskumatara. Bidean zehar ibiltariak ikustea ez da gauza arroa, bideo hori egunero egiten duenik badago eta! Otez beteriko pistatxoa jarraituz, kilometro batzuk ibili ostean, errepide batera helduko gara. Errepide horretako trafikoa bertako auzotarren autoentzat baino ez da, eta ezkerretara jo beharko zenuke. 10 minututan, maldan gora, Cabo Billano itsasargira helduko zara.

Cabo Billanotik Armintzara

Cabo Billanoko itsasargiak kostaldeko ikuspegi izugarria eskainiko dizu. Egun eguzkitsuetan itsasoa urdin-urdin azaltzen da bisitariaren begien aurrean. Itsasargitik itsasorantz metro batzuk jaisten badituzu, Ermua mendiko gerra zibileko bateriak eta bunkerrak topatuko dituzu. Linternarik izatekotan, bunkerrak exploratzea gomendatzen dizugu, eta kanoi nagusiaren alboan argazkiak egitea. Historiako zati bat eramango duzu etxera, oroigarri bezala.

Itsasargira bueltan, aukera bi eskainiko dizkizugu: lehena, etorri zaren errepide bera jarraituz Gorlizera bueltatzea edota itsasargiaren eskuinaldean (itsasoari begira) dagoen hiru pisuko bateria aztertu ostean, bertan ageri den pista jarraituz Armintzaraino paseoa ematea. Erne egon beharko zara pista aurkitzeko, pixka bat ezkutatuta dagoelako.

Paseo hau oso berezia bezain polita da, Gorliz eta Armintzako herriak uztartzen dituen itsaslabarreko gailur-lerrotik igarotzen baita. Bidean zehar, kostaldea ezkerraldean dugularik, Billano uhartea ikusteko aukera izango duzu. Frailearen irla bezala ezaguna da, itsasotik ikusita fraile talde baten itxura duelako. Patxadaz eginda ordubeteko ibilaldia da, zailtasunik gabekoa. Armintzara heltzean, Gorlizera bueltatzeko autobusa har dezakezu, nahi izatekotan.

Nola heldu

Uribe Kostara heltzeko ez dago inolako zailtasunik. Auto propioz, garraio publikoz, oinez… aukera anitz daude bertara gerturatzeko. Bizikletaren maitaleek aukera aparta dute Uribe Kosta eta Plentziako zonaldean, bidegorri eta pista ugari daudelako.

 

  • iytu.reportaje.metro

    Aukeratutako ibilbidearen arabera, geltoki batean edo bestean jaitsi beharko zara. Uribe Kostako ibilbidea egiteko gogoa baduzu metroko lehen linea erabili beharko duzu (L1) Bizkaiko Zubitik hasi nahi baduzu, Areeta edo Portugaleten jaitsi beharko zara. Ibilaldia Galean hasi nahi izanez gero, Sopelan jaitsi beharko zinateke. Plentziako zonaldea ikusi nahi baduzu, Plentzian bertan lehen lineako azken geltokia duzu: Plentzia.

  • iytu.reportaje.autobus

    Bizkaibuseko hainbat linea dauzkazu eskura Bilbotik Uribealdeko Getxo, Sopela, Barrika, Plentzia eta Gorlizera doazenak: A3411 (Bilbo-Getxo-Azkorri), A3414 (Bilbo-Getxo). Cabo Billano ibilbidea egin baduzu eta Gorlizerako buelta autobusez egin nahi izatekotan, Bizkaibuseko A3451 linea duzu, Armintza Areetarekin konektatzen duena.

  • iytu.reportaje.coche

    Bilbotik Getxora 20 minutuko bidaia duzu, gutxi gorabehera. Horretarako BI-637 errepidea jarraitu beharko duzu, Getxo-Leioa-Plentzia norabidean. Bilbotik Armintzarako bidea egin nahi izatekotan BI-631 errepidea jarraitu beharko duzu.

iytu.reportaje.gastronomia

iytu.reportaje.donde-comer

Ibilbide honek Bizkaiko kostaldeko sei herri batzen ditu. Herri bakoitzak tokian tokiko menua eskainiko dizu. Algortak ondo jateko eta bertatik paseoa egiteko aukera ematen dizu, aurpegi biko auzoa baita: zentro modernoa dauka, zerbitzu askotarikoa. Kanpoaldean, ordea, Portu Zaharra dago. Kale estuez beteriko auzoa. Bertan,  kresalaren eta tokiko pintxoen usainak bat egiten dute, eta benetan merezi du terraza batean eseri eta bertako jendea zein bizilekuaren inguruak ikustea. Jende xumea bizi da bertan, tratu hurbilekoa. Denbora gelditzen da harrizko kale horietan. Tabernetan arraina nagusi da, aukera horrekin ez duzu hanka sartuko. Duda mudatan bazabiltza, beti izango dituzu pintxoak.

Cabo Billanoko ibilbidea egin baduzu eta Armintzara gosez heldu bazara, saia zaitez bertako ‘Katxopoa’ dastatzen. Ez da kostaldeko gastronomiako produktua, baina bertako herritarrek benetan maite dute okel plater hau, bai okelaren kalitateagatik, kantitateagatik eta baita beronen prezio baxuagatik. Normalean, aldez aurretik telefonoz deitu behar da erreserba egiteko, jendez gainezka egon ohi delako.

iytu.reportaje.alojamiento

iytu.reportaje.donde-dormir

Uribe Kosta zonalde oso turistikoa da eta ez duzu inolako arazorik izango bertan lo egiteko tokia topatzeko. Erreserbatu ahalik eta lasterren zure gustuko ostatua: hotela, pentsioa, hostala… hondartza guneetan, batez ere Getxon, gama altuko hotelak topa ditzakezu, hondartzaren pare-parean. Gainera, lau auzok osatzen dute Getxo: Andra Mari, Algorta, Neguri eta Romo, zein baino zein ezberdinagoak. 78.000 biztanle inguruko zonalde hau oso aktiboa da, eta auzo bakoitzean zerbitzu ugari topatuko dituzu, eta gaualdean taberna ugari daude, eskaintza eta prezio oso ezberdinekin.

Atsedena behar izatekotan, zentroko burrunbatik aldentzea gomendatzen dizugu, Sopela, Gorliz edo Armintzra joanez. Bertako eskaintza ez da hain zabala izango, baina inguruak eta bertako lasaitasunak benetan mereziko du.

  • Bizkaiko itsaslabarretan barrena kostalde basatiaren ikuskizunaren lekukoa izateko aukera izango duzu. Gainera, 11 hondartza eta kala bisitatu ahal izango dituzu, zeinetan surfa, parapentea eta antzeko kirolak praktikatu daitezken. Proposatu dizkizugun paseo gehienak asfaltozko bideak dira, familia edo lagun artean, oinez edo bizikletaz egiteko apartak.

  • Oinetako eta arropa erosoak erabili. Bizikletaz bazoaz, ez ahaztu kaskoa eta badaezpada, gurpilak aldatzeko kit-a. Ura ez duzu soberan izango, eta udan bazatoz, gogoratu eguzkitarako krema eta bainujantzia zorroan eramatea. Batek daki! Neguan etorri bazara, arropa beroa ekarri: berokiak, bufandak, txanoa, eskularruak… kostaldeko ibilbidea oso ezberdina da urtaro batean edo bestean, eta udan oso atsegina bada ere, neguan kontu handiz ibili beharko zara itsaslabarretan sortzen diren haize korronteekin.