angle-left Zinegoak: zazpigarren artea, hamaika ideia

“Izateko harrotasuna” aldarrikatzen dute Zinegoak jaialdiaren sustatzaileek. Horrela, gizartearen aniztasuna goraipatzen du bere ikuskizunen sail interesgarriak, baita horren inguruan antolatzen diren hitzaldiak, tailerrak eta festak ere, beste ekitaldi kitzikagarrien artean.

Ehun lan inguru aurkeztu ohi ditu jaialdiak urtero, 2004ko bere lehendabiziko ediziotik. Zinegoak elkarteak (lehen Hegoak) bultzatzen duen egitasmoak Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalaren laguntza jaso du, beste erakundeen artean.

Zinemagileez eta adituez osatutako epaimahaiaren bitartez, kalitatezko programaren ildo nagusia honako hau da: arrazoi afektibo-sexualengatik bazterkeria eragoztea, hala nola gizartea eraldatzea eta honen aniztasuna ezagutaraztea. “Zinegoakek izateko harrotasuna aldarrikatzen du”, antolatzaileen hitzetan.

Arriaga Antzokiak eta Guggenheim Museoak hasiera eta amaiera ekitaldiak barne hartu ohi ditu, hurrenez hurren. Sarrera librea da, gonbidapenarekin. Jaialdiak hiriguneko hainbat areto ditu egoitza gisa, esaterako: BilbaoArte Fundazioa, Golem Alhondiga zinema-aretoak (Azkuna Zentroan) edota Hika Ateneo kultura-espazioa, besteak beste.

Nazioarteko filmen erakustaldiaz gain, Zinegoaken inguruko hainbat ekintzez disfrutatzea gomendatzen dizugu: hitzaldiak, kontzertuak, antzerki-lanak… Jai-giroa ere nabarmentzekoa da, jakina: zine-festibalaren omenez antolatutako festek nahiz era askotako ikuskizunek xarma are bereziagoa eransten baitiote hiriari.

Izaera parte-hartzaileko jaialdia dugu gainera: ikusleek beren botoekin aukeratu ditzakete film labur sariduna, emanaldi bakoitzaren aurretik proiektatzen dutenen artean. Halaber, boluntario izateko aukera ere baduzu, Zinegoak “barrutik” ezagutzeko asmoz.

Ohorezko Saridunak

Zinegoaken edizio bakoitzak bere Ohorezko Saria du. Aktore, zinema-zuzendari edota ekoizleen ibilbidea eta LGBT-ren aldeko konpromisoa balioesten da. Saridun batzuk aipatzearren: Eusebio Poncela (2006), Rosa Maria Sarda (2007), Josep Maria Pou (2008), Esther Garcia (2011) edota Hassam Kamoga (2017) aipatu genitzake.

Azken edizioan, hots, 15.enean, Émile Jouvet zinegile, argazkilari eta ekoizleak jaso du Ohorezko Saria. Zinemagileak 2006. urtean zuzendu zuen Frantziako lehen film ‘queerra’, lesbikoa eta transgeneroa: ‘One Night Stand’. Pelikulak sari ugari jaso zituen nazioarte mailan. Hiru urte beranduago, Jouvetek artista talde bat sortu zuen eta Europan zehar ibili zen; bere proposamen feminista eta ‘querra’ defendatuz, politikoki zuzena eta aurreiritzien aurka irmoki azalduz betiere.

Zinegoaken epaimahaiari jarraiki, “ezberdintasunaren naturaltasuna, mugarik gabeko gizartea defendatzen dutenen eta pertsona guztienganako errespetua bilatzen dutenen ausardia” baloratu dute Jouveten lanean eta oro har bere ikuspuntu sozial-artistikoan.

Nola heldu

Zinegoak jaialdiak Bilbo hirigunean du leku, hainbat areto dituela zinema-areto eta ekitaldi anitzetarako egoitza gisa. Arriaga Antzokia eta Guggenheim Museotik hasita, Bilborock, BilbaoArte, Hika Ateneo, BBK Aretoa edota Sarean espazioan topatuko duzu programazio guztiz erakargarria.

Horien inguruan hainbat ekintza ere zain dituzu, kafetegi nahiz bestelako aretoetan. Beraz, gomendagarriena oinez mugitzea da. Dena den, gogora ezazu garraio publikoak erraz lotzen dituela jaialdiko gune nagusiak. 
 

  • Metroa

    Abando eta Alde Zaharra geltokiak lirateke adierazgarrienak.

  • Tranbia

    Tranbiaz ere egin dezakezu ibilbidea, Guggenheim Museoan geltokia ere baduzula (bertan egin ohi da jaialdiaren amaiera ekitaldia).

Gastronomia

Non jan

Zinema saio paregabe baten ostean (edo aurretik), bapo jatea eskertuko duzu ziur. Bilbon izanda, arazo bakar bat topatuko duzu: zein jatetxe edo tabernan gozatu. Eskaintza izugarri zabala da, eta zail izango duzu bat (edo bi) hautatzea bakarrik. Alde Zaharreko nahiz Zabalguneko tabernetatik pintxo-ibilbide zaporetsuak egitea gomendatzen dizugu.

Era berean, euskal sukaldaritza tradizionala ezagutzeko aukera zabala daukazu betiko jatetxeetan. Menu berritzaileago bat dastatu gura baduzu, egizu proba adibidez Zabalgunean (Abandoibarra inguruan). Michelin izardun jatetxeak ere baditugu; beraz, edozein dela zure apeta, Bilbok gustora asebetuko zaitu.

Ostatua

Non lo egin

Jaialdiak hotel-kate baten laguntza jaso ohi duenez, eskaintza bereziak ditu zinemazaleentzat. Hortaz, Zinegoaken webgunea kontsultatzea aholkatzen dizugu, eskaintza guztien berri jaso dezazun.

Zinegoak ospatzen den unea nahiko lasaia da, oro har (otsail amaiera-martxo hasiera). Beraz, ez duzu arazorik izango hirigunean edota inguruetan ostatu hartzeko. Eskaintza zabala izango duzu aukeran, poltsiko guztietara egokitzen diren hotel, ostatu edota aterpetxekin. Halere, saia zaitez aldez aurretik egiten zure erreserba, azken uneko ezustekorik eragoztearren.