angle-left Kresalaren inguruko bizitza

Denbora izanez gero, Bizkaiko kostaldeko arrantza herri guztiak bisitatzea esperientzia bakarra da. Itsaso berberak euren kaiak berdin-berdin busti arren, horietako bakoitzak bere ohiturak, kondairak, izaera eta nortasuna dauka. Guztiak ezagutu ahal izateko denbora da behar duzu osagarria, hauexek baitira inoiz ahaztuko ez dituzun toki horiek.

Ondarroa gure kostaldeko ekialdean kokatutako herri ederra da. Kontrastez beteriko herria da, non mendiak eta itsasoak bat egiten dute. Artibai ibaiak hiria besarkatzen du eta bisitariari interesgarria iruditu ahal zaizkion zenbait zubi dauzka:

Alde zaharreko kaletxoetatik barrena Likona dorrea eta Andra Mari elizarekin topatuko zara, XV. mendekoak biak. Interes turistiko eta historikoaz gain, Ondarroako jendearen izaera irekia, jatorra eta berauen euskara azpimarratu beharrekoa da: itxia bezain zoragarria. Itsasoak aztarna hunkigarriak utzi dizkio herriari: Saturraran haitzak, esaterako, herriko maitale biren arteko kondaira dakarkigu.

Lekeition edo Lekitton (bertako euskaldun zaharrek esaten dioten bezala) bakea eta portuko usainak arnastu daitezke. Bertako antzinako arrantzaleek baleak arrantzatzen zituzten, baina XVII eta XVII. mendeetan desagertzen hasi ziren. Kolorez beteriko portuak eta inguruko taberna eta jatetxeen mugarik gabeko eskaintzak arreta erakarriko digu. Alde zaharreko kale txikien xarmak poteatzera gonbidatuko gaitu. Denboraz ondo bagabiltza, Isuntza eta Karraspio hondartzetatik paseotxoa ematea gomendatzen dizugu, San Nikolas isla ikusi ahal izateko. Marea behea egonez gero, bertara oinez joan daiteke problemarik gabe.

Ea naturako parentesia da. Errepideko seinaleengatik ez balitz, inork ez luke herria topatuko. Busturialdean kokatuta, Ibarrangeluren ekialdean eta Ispasterren ipar-hegoaldean, euskaldun zaharrek Ie deitzen diote XVI. mendetik arrantzaz bizi izan den honi. Erdigunea berez, 15 minututan bisitatu daiteke. Bertan topa daitezke Jesusen Santa Maria parrokia eta Natxitua. Hondartza txikia erdigunean ikusi daiteke, eta herriko portua haratago dago. Oso gomendagarria da Talako Ama baseliza bisitatzea, Belletxe eraikinaren paretik dauden eskailera batzuk jarraituz. Itsasoaren ikuspegi ederraz gozatu daiteke bertatik.

Elantxobe bisitatu beharreko beste herri arrantzale bat da. Ogoño mendiaren besapean eta itsaslabar biren artean eraikitako herria da, malda batean ezarrita. Bertara heltzean, autoa portura edo herriaren goiko aldera eramateko aukera dauka bisitariak. Herriaren ikuspegiaz gozatu nahi baduzu, autoa goiko aldean utzi beharko zenuke, alde modernoan. Hain estuak dira bertako kaleak ezen autobusek plataforma berezia dute 180ºko bira automatikoa eman ahal izateko. Portua bisitatzeko aldapan behera egingo dugu, harrizko kale maldatsuetatik. Portuan, marea bizietako igerilekuak ikusiko ditugu.

Ekialdeko kostaldeko gastronomiak ez gaitu ezaxola utziko; herri arrantzaleetan, erregea Marmitakoa da, hegaluzea eta patatekin egindako gisatua. Jatorri xumeko platera da, antzina arrantzaleek sukaldean zeukaten horrekin prestatzen zuten janaria baitzen. Gaur egun, ostera, gure gastronomiaren erreferente bihurtutako plater entzutetsua da. Marmitakoarekin batera, ezin ditugu alde batera utzi txipiroiak beren tintan, bisigu errekia, almejak saltsa berdean… bezalako itsasoko bestelako altxorrak.

Mendebalderantz

Mendebaldeko kostaldean Mundaka edo eskoziarrek hizkuntza latinoan deitzen zuten bezala, Munda Aqua dago (Ur gardena). Ia 2.000 biztanleko herri arrantzale honetan denetarik topa dezake bisitariak: alde zaharreko bazter guztiak arakatzen badituzu, laster edo berandu Santa Maria Elizarekin edota Kasinoarekin topo egingo duzu. Ipar mendebaldean, Izaro uharteari begira, Santa Katalina baseliza topatuko duzu. Gotiko eta errenazimenduko trantsizioko eraikuntza 1879an eraiki zuten eta askotariko erabilerak izan ditu, baina batez ere Urdaibaiko estuarioaren sarrerak eta irteerak kontrolpean izan ditu lurmutur estrategikotik.

Bermeon itsasoko haizeak eta jatetxeetako keek topo egiten dute alde zaharreko kaleetan zehar. Oso atsegina da portuko inguruetatik paseotxoa ematea eta kaira heltzean buelta erdia ematea: portuaren eta herriaren argazki ederra ikus daiteke. Bermeon bale-arrantza asko praktikatu zen iraganean. Aukerarik izatekotan, Arrantzalearen museoa bisitatzea gomendatzen dizugu.

Ikuskizun polita da itsasontziak Armintzako portura heltzen ikustea, arrainez beteta. Herriaren. Arrantzan oinarritutako herria da, eta bertara heltzean horretaz jabetzen da bisitaria lehen momentutik. Bertako tabernetako barretan itsaskien pintxoak nagusi dira. Herrian lasaitasuna nagusi da, eta kofradiako arrantzale zaharren arteko istorioak eta kaioen hotsak entzun arren. Kai muturraren bestaldean itsasoaren orroak entzun ohi dira.

Algortako Portu Zaharrean giroa bestelakoa da. Itsaslabar baten gainean eraikita dago, eta bertatik ibiltzean beste garai batean gaudela ematen du: kaleak oso estuak dira, baina hala ere espazio nahikoa dago tabernatxoak eta plaza txikientzat, antzinako etxeez inguraturik. Bertako jendea duela mende erdiko bera dirudi: janzkerak, izaera irekia... Portutik etxetxoetara doazen eskaileretan arrantzale biren eskultura dago itsasoari begira, bertako arrantzaleen omenean.

Ibilbideak

Ekialdeko Kostaldeko herrixken ibilbidea Ondarroan hasiko dugu. Bertara joateko, Bilbotik irten eta Txorierriko autobia hartuko dugu (N-637), Durangora norabidean. Durangora heldu bezain pronto N-633 errepidetik Markina-Xemeinerantz joko dugu, Ondarroara heldu arte. Ordubeteko ibilbidea da.

Bilbo Handiko inguruetan ostatu hartu baduzu, ibilbidea Bizkaiko ipar-ekialdetik mendebaldera egitea gomendatzen dizugu, lehenik eta behin urrunen dagoen lekua ikusteko, eta astiro astiro bueltatzeko

Ondarroa edertasunez inguratutako herria da. Alde zaharrean Likona dorrea eta Andra Mari eliza ikus daitezke, XV. mendekoak biak. Interes turistiko eta historikoaz gain, Ondarroako jendearen izaera irekia eta berauen euskara azpimarratu beharrekoa da: itxia bezain zoragarria. Herritik bueltatxoa eman ostean Lekeitio edo bertakoek dioten bezala, Lekittora abiatuko gara BI-3438 herri-errepidetik.

Lekeition bakea arnastu daiteke. Bertako antzinako arrantzaleek baleak arrantzatzen zituzten, baina XVII eta XVII. mendeetan desagertzen hasi ziren. Kolorez beteriko portuak eta inguruko taberna eta jatetxeen mugarik gabeko eskaintzak arreta erakarriko digu. Alde zaharreko kale txikien xarmak poteatzera gonbidatuko gaitu. Denboraz ondo bagabiltza, Isuntza eta Karraspio hondartzetatik paseotxoa ematea gomendatzen dizugu, San Nikolas isla ikusi ahal izateko. Marea behea egonez gero, bertara oinez joan daiteke problemarik gabe.

Autora bueltatuko gara, BI-3238tik Eara joateko. Euskaldun zaharrek Ie deitzen diote ezkutaturik dagoen herri txiki honi. Berez, 15 minututan bisitatu daiteke erdigunea. Bertan topa daitezke Jesusen Santa Maria parrokia eta Natxitua. Hondartza txikia erdigunean ikusi daiteke, eta herriko portua haratago dago. Oso gomendagarria da Talako Ama baseliza bisitatzea, Belletxe eraikinaren paretik dauden eskailera batzuk jarraituz. Itsasoaren ikuspegi ederraz gozatu daiteke bertatik. Neguan jende gutxi dagoen arren, udan ez dago ia aparkatzeko tokirik, eta gazte gehienak portuaren inguruan daude eguzkitan, ur gardenaren alboan.

Eatik Elantxobera 15 minutu baino ez daude BI-3238 errepidea jarraituz. Elantxobe itsaslabar biren artean eraikitako herria da, malda batean ezarrita. Bertara heltzean, autoa portura edo herriaren goiko aldera eramateko aukera dauka bisitariak. Herriaren ikuspegiaz gozatu nahi baduzu, autoa goiko aldean utzi beharko zenuke. Hain estuak dira bertako kaleak ezen autobusek plataforma berezia dute 180ºko bira eman ahal izateko. Portua bisitatzeko aldapan behera egingo dugu, harrizko kale maldatsuetatik. Portuan, marea bizietako igerilekuak ikusiko ditugu. Portua eta inguruak bisitatzea benetan merezi du.

Elantxobe ekialdeko kostaldeko azken herri arrantzalea da. Urtaroaren arabera argi gehiago edo gutxiago izango dugu inguruko tokiak bisitatzeko, etxera itzuli arren. Kostaldearekin jarraitu nahi baduzu, Laga bisitatu zenezake, hondartzatik Ogoño mendiaren ikuspegi zoragarriaz goza dezakezu-eta.

Mendebaldeko Kostaldeko herrixken ibilbidea

Bilbotik gertuen dagoen kostaldea da mendebaldekoa. Hiritik 20 minutura heldu zaitezke itsasaldera. Bertako herri arrantzale bakoitzak ezaugarri azpimarragarri batzuk dauzka zuretzat: Algortako Portu Zaharrak, tradizioa eta gaztetasuna uztartzen ditu bere kale estuetan. Armintzako arrantzaleek bizirik mantentzen dute arrantza tradizionala.

Bilbotik Getxora joango gara autoz, BI-637 errepidetik, Algortarantz. Ereaga hondartza atzean utzi ostean Portu Zaharrera helduko gara. Autoa aparkatzean, eskailerak igo eta auzoa bisitatzea gomendatzen dizugu, Portuaren inguruko panelak daude-eta.

Bukatzean, etorri garen bide beretik atzera egingo dugu eta BI-634a errepidetik Berango, Sopela, eta Barrika atzean utzi ostean, Plentziara helduko gara BI-2122 errepidetik. Plentziatik Lemoizera joko dugu orduan BI-3151tik lehenengo eta BI-3154tik gero. Errepideak Armintzako portura eramango gaitu.

Armintzak xarma berezia dauka. Edozein herritik urrun dago eta isiltasuna nagusi da bertan. Egunean zehar arrantzaleak ikus daitezke ontziak prestatzen, portutik irteten edo portura heltzen. Tabernetan bizitzen den giroa oso herrikoia da eta barretan nekorak, txangurruak eta itsa-barrazkiloak ikus daitezke, letxuga artean.

Armintzatik BI-2120a hartu eta Bermeorantz joko dugu. Autoko ezkerraldeko lehiatilak paisaia zoragarriaren erakusleihoan bihurtu dira. Bertatik ikusiko ditugu Bakio eta Gaztelugatxe. Errepide berria BI-3151a izango da eta Bermeora mendebaldetik helduko gara.

Bermeoko alde zaharran maldak nagusi dira, eta bertako jatetxeetan Marmitakoa dastatzeko aukera paregabea izango duzu. Jateko ordua pasa bazaizu, bertako dendetan askotariko kontserbak saltzen dituzte: hegaluzea, hegalaburra, antxoak… itsasotik kontserbetara, zuzenean. Ez dago alderik bestelako hirietan topa daitezken kontserbekin. Alde zaharreko gune altuenetean portuaren eta itsasoaren ikuspegi ederraz goza dezakezu.

Mundaka Bermeotik 15 minutura dago BI-2235 errepidea jarraituz. Portua Bermeokoa baino txikiagoa da, baina bertako uraren gardentasunak ez dauka parekorik. Eskoziarren latineraz Munda Aqua esaten zioten, uraren garbitasuna dela eta. Kale estuetako xarma eta familia giroak zonaldeko topagunea bihurtu du. Bertan, arrantzaz gain, mundu mailako surf txapelketa eta Mundaka Festival - The Basque Festival & Cook jaialdia antolatzen dute urtero.

Nola heldu

Herri hauetara heltzeko ez dago inolako zailtasunik. Bizkaibuseko zenbait linea erabili daitezke ekialde zein mendebaldeko ibilbideak egiteko, eta ordutegia kontsultatzea oso garrantzitsua da, udan eta neguan aldaketak baitaude. Herri asko direnez eta den-denak bisitatzeko ordu asko eman beharko dituzunez, autoa alokatzea gomendatzen dizugu.

  • Trena

    Euskotreneko E4 lineak Bilbo-Bermeo ibilbidea egiten du, Mundaka eta Bermeo herrietatik igaroz.

  • Autobusa

    Ekialdeko ibilbidea egiteko lineak honakoak dira: A3512 (Bilbo-Lekeitio, autopistatik), A3523 (Bilbo, Galdakaoko ospitalea, Gernika, Aulesti, Bermeo), A3915 (Bilbo, Durango Ondarroa, autopistatik), A3916 (Bilbo, Ermua, Ondarroa, autopistatik). Mendebaldeko ibilbideko herrixketarako lineak, ordea, hauexek dira: A3411 (Bilbo, Getxo, Azkorri), A3414 (Bilbo-Getxo, Artxandako tuneletik), A3515 (Bilbo, Amorebieta, Gernika, Bermeo).

  • Autoa

    Herri hauek goitik behera disfrutatzeko garraiobiderik gomendagarriena autoa da. Denbora zure nahien arabera antolatuko duzu, inolako presarik gabe. Kontutan izan beharko duzun gauza bakarra Bizkaiko kostaldeko errepide-sarea da. Ekialdeko ibilbidea egiteko, Txorierri autobia eta N-637, N-633, BI-3438 eta BI-3238 errepideak erabili beharko zenituzke. Mendebaldeko errepide sareari dagokionez, Bilbotik Getxora jo beharko zenuke hasteko eta honako errepideak jarraitu beharko zenituzke: Bi- 637, Bi-634, Bi-2122, Bi-3151, Bi-3154 eta Bi-2235.

Gastronomia

Non jan

Edozein herritan gustura jateko aukera izango duzu. Arrantzaleen herriak izanik aukera anitz izango dituzu janari mota aukeratzeko orduan. Ohikoena izaten da bazkaldu baino lehen edozein herrietako tabernenatik zehar poteatzea eta ostean, gose izatekotan, jatetxe batera joatea. Janari motari dagokionez, herri hauen espezializazioa itsasoko produktu freskoak direla, batez ere marmitakoa, txipiroiak, almejak saltsan, antxoak, bisigua… zaila izango duzu hemen baino arrain freskoagoak topatzea.

Ostatua

Non lo egin

Herri bakoitzak ostatu propioak eskaintzen ditu. Hala ere, herri txikiak dira eta eskaintza gehienak hostal eta pentsioen inguruan izango dira, salbuespenak salbuespen. Bermeo bezalako herrietan hotelak topa ditzakezu, erdigunetik kilometro batzuetara.

  • Ekialdeko zein mendebaldeko kostaldeko herri arrantzaleen ibilbideak egin nahi badituzu, egun osoa emango duzu ostatutik kanpo. Horrexegatik egun osoko denbora-antolaketa egitea oso garrantzitsua da. Kontutan izan herri bakoitzean zer ikusi nahi duzun, denborari etekin handiena ateratzeko.

    • Ordutegia

      Kontutan hartu beharreko ordutegi bakarrak museoenak dira. Beraz, ostatutik irten baino lehen bisitatu nahi dituzun museoen webguneak kontsultatu edo telefonoz deitu.

    • Prezioa

      Museo bakoitzaren prezioa dagokion webgunean topatuko duzu.

  • Ordu asko emango dituzu bidaiatzen. Beraz, atseden hartu aurreko egunean. Horrez gain, ur botila eta oinetako erosoak janztea gomendatzen dizugu.

    Ideia nagusia herriak bisitatzea bada, kilometroak egingo dituzu aurrera eta atzera.

    Horrez gainean, diru-zorroan eskuko dirua eramatea ez legoke batere gaizki, poteatzearen plana edo jatetxeetan bazkaltzea gustuko baduzu, behintzat.

  • Herri arrantzaletako jai ospetsuena Lekeitioko Antzar-Eguna da, ezbairik gabe. Urtero milaka pertsona hurbiltzen dira San Antolinetan, irailaren 5ean, Lekeitiora. Jai hauek 350 urte baino gehiago dauzkate, eta helburua, eskuz egindako ontzi batean kai erdira joan, eta soka malgu batetik eskegita dagoen antzar bati heltzea da. Kaian sokari heltzen dion neska-mutil talde bat dago, eta tentsioaren bitartez sokari tira eginez uretan dagoen neska edo mutila airetik jaurtiko dute, jokalariak antzarraren burua eskuratu arte. Gaur egun portuan egiten den joko tradizionala bada ere, 1722. urtera arte herriko plazan antolatzen zen.

    Madalenak herri arrantzaletako beste jai ospetsuak dira. Ohitura da jai hauetan, itsasontziz Izaro irlaren aurreraino joan eta Bermeoko alkate edo alkatesak teila bat jaurtitzea uretara., Bermeoko muga norainokoa den erakusteko. Ondoren, itsasontzia Elantxobera joan ohi da, bertako portuan Ohorezko Aurreskua dantzatzeko Bermeo, Mundaka eta Elantxobeko ordezkarien aurrean.