angle-left Urkiola: Mari jainkosaren auzoa

Naturak menu berezia prestatu du Urkiolan. Baso ugariko zonaldea da, eta gora egiten dugun heinean zuhaiztiak desagertzen dira, aberez beteriko larreei tokia eginez. Gorago, landaretzak zonaldeko mendien harkaitzei paso egiten die, geruzaz osaturiko kontrastedun paradisua eraikiz. Horixe da Urkiola.

Urkiola benetan berezi egiten duena bere kokapen geografikoa eta lekuko mendien fisiografia da. Mendiz, haranez eta haitzez inguraturik dago, harriz beteriko paradisu malkartsua sortuz. Bertan 137 animalia espezie bizi dira 3.200 hektareez osatutako basoetan, non 700 landare mota topatu daitezke.

Topagune nagusia Antonio Abad eta Padua Santuei eskainitako Santutegia da. Urtean zehar ehunka erromes igarotzen dira bertatik tenplu hau bisitatzera. Horrez gain, santutegiaren ondoan harkaitz erraldoia dago. kondairaren arabera, ezkongabe batek hiru bira ematen badizkio harriari, bikotekidea aurkituko du. Tenpluaren inguruan aparkalekua topa dezakezu.

Mendizaletsuna, xendazaletasuna eta eskalada parkean praktikatzen diren jarduera nagusiak dira. Adin guztietarako ibilbide ugari daude: portutik hasten direnak Saibigain eta Urkiolagirrekoak dira ospetsuenak. Atxarteko zonaldean, ostera, Atxarte-Asuntze, Atxarte-Txakurzulo-Atxartekoa, Astxiki eta Alluitzeko ibilbideak gomendatzen dizugu. Hala ere, askotariko ibilbideak topatuko dituzu paradisu natural honetan, ibilbide handiak (GR edo Gran Recorrido, gazteleraz), ibilbide txikiak (PR, Pequeño Recorrido) eta ibilbide lokalak (SL, Sendero Local) deritzotenak.

Eskaladaren esparruan, zaletasun izugarria dago Urkiolan. Atxatxiki, Urrestei eta Alluitzeko hormak eskalatzaileen gogokoenetarikoak dira. Mari jainkosaren kobazuloa haitz artean dago eta eskalatzaile askori gustatzen zaie bertara hurbiltzea. Kondairak dio Anboton hodeiak ageri direnean, bertatik dabilela Mari. Bolinkoba, Gentilkoba, Baltzola eta Gentilen Zubia bezalako bestelako kobazuloak daude.

Ibilbideak

Saibigain mendia Gerra Zibileko eszenatokia izan zen. Gailurrean harrizko gurutzea dago, plaka batekin. Plaka horretan, gudan zehar hil zituzten gudarien omenaldia. Gailurretik gertu, trintxeren arrastoak eta bonbek utzitako zenbait aztarna ikusi ahal izango dituzu.

Gailurrean harrizko gurutzea dago, plaka batekin. Plaka horretan, gudan zehar hil zituzten gudarien omenaldia

Ibilbidea Toki Alaitik hasten da. Bidea seinalez beteta dago, baina hala ere, ondo dago jakitea ibilbidea hasi bezain pronto 10 minutu inguruko igoera maldatsua izango duzula zipresez inguraturiko bidexka batetik.

Astiro-astiro, bidea zabaldu egingo da eta otez beteriko txilardi batetik igaroko zara. Zuhaitzak desagertzean, inguruko mendiak ikusteko aukera izango duzu, paisaia zoragarri bateko parte sentituz. Ezkerretik eskumara: Saibigain (gurutze bat dauka gailurrean), Eskuagatx, Mugarra eta Untzillatx. Eguraldi ona egiten duten egunetan Urdaibaiko Laida ikus daiteke ere.

Igotzeari utziko diozu eta bidea laua bihurtuko da, bidegurutze batera heldu arte. Bertan, eskumako bidea hartu beharko zenuke, pinudi batetik igaroz. Bukatzean, belardi batera helduko zara eta bertatik Gorbeia ikusi ahal izango duzu. Igoera bat baino ez da falta Saibigainera heltzeko (945 metro). Gailurrean egonda, Urkiolako mendien orientazio mahaia ikusiko duzu. Itzulera bide beretik egin beharko duzu.

Urkiolagirre

Urkiolako ibilbide tipikoena da honako hau. Ia hiru orduko ibilbide honetan ikuspegi zoragarrietaz gozatuko duzu bertako baso, belardi eta mendietan barrena.

Ibilaldia Santutegian bertan hasiko dugu. Bertan, gure ibilbidearen panela topatuko dugu. Hesi bat igaro ostean martxan jarriko gara. Urki batzuk igaro ostean maldan gora hasiko gara belardi batzuetatik zehar eta ordu erdi eskasean gailurrean izango gara. Belardi hauetatik Urkiola parkeko lehen panoramikak ikusi ahal izango dituzu, Alluitzen gandorra aurrez aurre, bereziki.

Gailurrean benetan merezi du geldialdia egin eta arnasa hartu ostean, inguratzen zaituen naturaz gozatzea. Ondoren jaitsiera hasiko dugu, gailurretik Asuntze mendi-leporaino. Asuntzeko mendi-lepoan bertan Larranoko Santa Barbara elizaraino doan bidea ikus dezakezu. Nahi izatekotan ordu laurdenean bertaraino gerturatu zaitezke. Baseliza honetan, belardiz inguraturik, Atxondo harana ikusi ahal izango duzu eta baita Alluitzera doan gandor arriskutsua.

Asuntzera bueltan Pol-Pol iturritik igaroko gara eta bertako ur hotzak dastatu ostean Urkiolara bueltatuko gara, Urkiolagirre hegoaldetik inguratzen duen pista jarraituz.

Nola heldu

Mendiz inguratuta dago Urkiolako parkea, eta bertara errepide lokaletatik helduko gara. Gure gomendioa autoa erabiltzea da, ordutegiez ahaztuko zarelako, batez ere egun osoa eman nahi baduzu Urkiolan.
 

  • Autobusa

    Bilbotik Urkiolara joateko modurik azkarrena Durangora joatea gomendatzen dizugu A3923 (Bilbo-Durango-Elorrio) linea erabiliz. Durangon bertan Urkiolara doazen linea pribatuak topatuko dituzu. Gainontzeko autobusak alboko herrietatik irteten dira: Abadiñotik A3923, Bermeoko San Juan atetik A3515 A3514 eta A3136, Astrabuduatik A2322 eta A3144.

  • Autoa

    Urkiolara heltzeko garraiobide gomendagarri eta erosoena da. Parkera heltzeko errepidea A-8 autopista da, Durangoko irteera jarraituz. Segituan BI-623 errepidea jarraitu beharko duzu parkera iritsi arte.

Gastronomia

Non jan

Santutegiaren aldamenean jatetxe bat topatuko duzu. Bertan pintxoak eta menuak dituzu. batzuetan jendez gainezka egon ohi da. Tokirik ez baduzu topatzen Durangora jaistea gomendatzen dizugu, bertan askotariko tabernak eta jatetxeak topatuko dituzu eskaintza ezinhobearekin.

Barnealdean, gastronomiak aldaketak jasan ohi ditu. Jatetxe gehienetan beti topatuko dituzu kostaldeko gastronomiako tipikoak diren produktuak, baina horiez gain bestelako aukerak izango dituzu: neguan oso tipikoak dira indabak sakramentuekin edota zonaldeko ortuetako barazkiekin prestatutako porrusalda: patata, porru, azenarioak, tipula… sabela berotzeko ez dago bestelakorik.

Ostatua

Non lo egin

Urkiolako parkean topatuko dituzun zerbitzuak taberna eta jatetxea da, Santutegitik gertu. Berez, parkean ez duzu lo egiteko lekurik topatuko. Ostatua bilatzeko orduan, gertuko herrietara jotzea gomendatzen dizugu: Durango eta Otxandion, esaterako, ostatuak, hotelak, hostalak eta B&B motako ostatuak topatu ahal izango dituzu. Zonalde geografiko honetan landetxe ugari daude.

Urkiolako inguruetan lo egitea erabaki baduzu, gogoratu ostatua aldez aurretik erreserbatzea, garaiaren arabera jende kopurua alda daitekeelako.

  • Urkiola leku oso desberdina da bisitatzen den urtaroaren arabera. Udaberrian edo udan bazatoz, arropa freskoaz gain, eguzkirako betaurrekoak eramatea gomendatzen dizugu. Gainera, urtaro epelak direnez, eguzki gehiago izango duzu egunean zehar, eta ibilbide luzeagoak egitea ahalbidetuko dizu horrek. Neguan bazoaz, ostera, gure gomendioa da ibilbide-orduak behar bezala neurtzea. 16:00etan argia jaisten hasiko da, eta autorantz bueltatzen hasi beharko zinateke.

    Toki Alai interpretazio zentroa
    Urkiola Mendatea, 8. 48211 Urkiola, Bizkaia.
    Telefonoa: 946 814 155
    E-posta: espacios.naturales.protegidos@bizkaia.net

    • Ordutegia

      Negua
      Goizez 10:30-14:30
      Arratsaldez 15:30-17:30

      Uda
      Goizez 10:00-14:00
      Arratsaldez 16:00-18:00

    • Kokapena

      Urkiola Parke Naturala

  • Lur malkartsua topatuko duzu Urkiolan, eta pista zein bidexketatik mugituko zara. Horregatik, gutxienez trekking motako oinetakoak eramatea gomendatzen dizugu. Harkaitzez osatutako ibilaldiak egingo badituzu, kaña altuko botak erabiltzea duzu aukerarik onena, orkatila babesteko.

    Bestalde, neguan etorriko bazara ez ahaztu berokia, eskularruak eta txanoa, portuan hotz izugarria egiten duelako.