angle-left Menu Berezia, egunero

Betiko euskal sukaldaritzak eta eraberritzaileenak zera dute amankomunean: gastronomiaz haratago doan esperientzia eskaintzea. Kalitatezko produktuetatik abiatuz betiere, arreta, sormena eta pasioa ere ‘dastatuko’ dituzu gure plater gozoetan. On egin!

Amamaren errezetak oinarri ditu euskal sukaldaritza tradizionalak. Belaunaldiz belaunaldi, jaki tipiko horien zaporea mantendu eta aldarrikatzen dute Bilbo hirigunean aurki ditzakezun jatetxe eta taberna ugariek. Batik bat, Alde Zaharrean eta Zabalgunean duzu eskaintza zabala: Amboto, Casa Rufo, Getaria, Baita Bilbao, Mazarredo itsaski jatetxea edota Bordatxo, adibide bakan batzuk aipatzearren.

Guggenheim Museoa bisitatu ondoren, artetzat ere har daitekeen menua dastatu dezakezu Bistró Guggenheim Bilbao jatetxe minimalistan. Ildo berean, Arte Ederren museoko Arbolagaña edota Azkuna Zentroko Yandiola jatetxeen sormenezko karta ezagutzera gonbidatzen zaitugu.

Bilbotik pixka bat aldenduz, merezi du Larrabetzuko paisaia berdean murgiltzea, hiru Mitxelin izardun Azurmendi jatetxea baituzu bertan, Eneko Atxaren gidaritzapean. Berebat, Galdakaon Patxi Asuaren Andra Mari daukazu. Amorebietan, Jabier Gartziaren Boroa ere gomendagarria da oso. Atxondoko haran zoragarrian, bestalde, Victor Arginzonizen Etxebarri erretegiaren kartak nahiz ingurune paregabeak bapo asetuko zaituzte.

Garai berriak, menu berriak

Bilbok bizitako hirigintza-eraldaketa eta aldakuntza sozialekin batera, jatetxe modernoak ezarri dira. Gure bizimodu lanpetuarekin bat datozen menu xeheak eskura dituzu hirigunean; arkitektura, diseinua eta historia kartaren barne daudela. Horren adibide dira El Viejo Zortzi, Claudio, Iruña, El Txoko Berria, Mina, Larruzz edota Guria, beste askoren artean.

Erribera Merkatuan erosketan nahiz ikusmiran ibili ondoren, berriztutako eraikin berean duzu La Ribera jatetxea. Bilboko Itsasadarrera begira eta zuzeneko musikarekin, giro erakargarri eta atseginaz gozatuko duzu. Itsasadarrera begira ere bai, Astillero Euskalduna jatetxea Olabeagako kaian dago, bere karta mamitsuan abakandoa nabarmentzen dela.

Gure garaiari datxekion ziztu-biziko erritmoari aurre eginez, ‘slow food’ mugimenduak gero eta zale gehiago ditu. ‘Fast food’-aren aurkako filosofia aldarrikatzen du, hau da, sasoiko produktu ekologikoez osatutako jakiak ganoraz prestatu eta patxadaz disfrutatzera gonbidatzen du. Beraz, lasai hartu bizitza eta disfrutatu menuaz Aitor Elizegiren Bascook jatetxean, baita Zaraten, Aizian edota La Escuelan ere, besteak beste.

Bilbo hiri kosmopolita den heinean, mundu osoko sukaldaritza ere ezagutu ahal duzu. Japoniar janaria gustuko baduzu, Shibui, Miu eta Mao jatetxeak dituzu, adibidez. Italiara ‘joan’ nahi izatekotan, aldiz, La Fontana Trattoria edota La Nicoletta dauzkazu. Alemanen artean, Ein Prosit eta Lupulo nabarmentzen dira. Berebat, Cantina Tapachula mexikarra nahiz Punjabi indiarra ere aipatzekoak dira.

Nola heldu