angle-left Burdinaren aztarnak

Burdinaren inguruan Bizkaiak hazkunde sozioekonomiko nabaria bizi du, gure lurraldea eta bizimodua erabat aldatu zuena. Siderurgia eta ontzigintza konpainia hala nola banku eta aseguru-etxe ugarik gurean ezarri zuten egoitza, horietako askok atzerrikoak zirela.

“Las altas chimeneas de las fábricas (...) llegarán a ser también curiosidad arqueológica, mudos testigos de cuanto fue y ha muerto” - (“Bere tximinia altuak bitxikeria arkeologikoa bilatuko dira ere bai; izandakoa eta jada hilda dagoenaren lekuko mutuak”)
Miguel de Unamuno ‘La Casa Torre de Los Zurbarán’

Industria-iraultzarekin batera, Bizkaiak loraldi ekonomikoa bizi zuen; burdinaren ustiaketak eta lanketa industrialak meatzaritza eta ontzigintza konpainiak, siderurgia-enpresak nahiz bankuak erakarri baitzituen.

Langile-ezkerraldea eta eskuinalde burgesa lotu ohi zituen Bizkaia Zubiak, zeinak oparotasun horren “garaipen-arku” gisa hartu zen bere sorreratik, 1893an. Gizateriaren Ondare den lekuko honek oraindik dirau indarrean, Portugalete eta Getxo lotzen dituela, Nerbioi Itsasadarra tartean.

Portugaleteko ertzean, esaterako, Rialia Industria Museoa daukagu, burdinak landutako historiaren jagole dugula. Bere bildumak Bizkaiko Labe Garaiak (AHV) eta Babcock & Wilcox enpresen piezak ditu ardatz, industria-estetikan oinarritutako artelanak ere ikusgai daudela. Besteak beste, Agustin Ibarrola, Luis Badosa edota Ignacio Ipiña artisten lanak miretsi ditzakegu.

Goren aro hori ahalbidetu zuen abiapuntua ezagutu nahi baduzu, Meatzaldera jo behar duzu nahitaez. Muskiz udalerrian, adibidez, El Pobal Burdinola dago. Artisau-tailer honetan burdina metala bilakatzen zen, era askotako objektuak eraikitzearren. Bere sorrera XVI. mende hasieran datza, osperik handiena XVII. mende amaieran erdietsi zuela, azpiegitura hidraulikoa berreraikitzearen ondorioz. Burdinola museoa bilakatu da egun. Barbadun ibaiaren ingurune zoragarriaz gozatu ezezik, makina hidrauliko bi abian ikusteko aukera izango duzu.

‘Beste industrializazioa’

Siderurgiaz gain, irin-sektoreak garrantzi nabarmena izan zuen Bizkaian. Horrez gain, kostaldean arrain-kontserben industria gailentzen da, Bermeoko Ormaza fabrika horren paradigma dugula.

Burdina ezezik, irinak ere zeresan handia izan du Bizkaiaren garapen ekonomikoan. Guztira, 13 irin-fabrika zeuden, gehienak Bilbo-Orduña eta Bilbo-Balmaseda trenbide-ardatzen inguruan. Irin-fabrikaren sorrera XVIII. mendean datza, Bilboko Ponton okindegi eta errotarekin. Bertan ere bildu ziren hainbat fabrika aitzindari; Mesedeetako kaian La Ceres izenekoa, kasu (1900); baita Harino Panadera ere (Irala auzoan ezarritakoa lehendabizi, 1904an). Era berean, haren hezurdurak bakarrik zutik jarraitzen badu ere, miresteko modukoa da Grandes Molinos Vascos irin-lantegia, Zorrotzako Untziola kaian.

Gertu, Deustuibarran, Artiach gaileta-fabrikaren eraikina daukagu. Bere garaian, bi egoitza zituen: bata, Uribitarten -egun CC.OO Euskadiko langile komisioen egoitza dena-; bigarrena eta nagusia, aipatu Zorrotzaurre aldean. Orain, tailerrak eta artisautza nahiz bigarren eskuko produktuen azoka hartzen ditu barne.

Bestalde, kostaldera jotzen badugu, Bermeoko Ormaza Kontserbak enpresa nabarmentzekoa da. Hilario Ormazak 1923an sortu zuen arrain-kontserben fabrika entzutetsua, hasiera batean Portuko eraikin batean ezarri zuela egoitza. Ormaza lantegia Bermeoko ekonomia- eta ekoizpen-bizitzan erreferente bilakatu zen ezinbestez. 1941ean, Pedro Ispizua arkitektoak eraikin berria egin zuen portutik kanpo, Askatasun Bidean.

Ibilbideak

Lehengai nagusitik has genezake gure industria-iraganerako ibilbidea. Trianoko Mendietan, Madalena kobak ermita xume bat barne hartzen du, antzineko ustiapenen aztarnak erakusgarri dituena. Muskiz aldean, El Pobal burdinola-museoa derrigorrezko bisita dugu. Burdinaren ustiaketak ekonomian eta oro har gure bizimoduan izandako eraginaz ohartuko gara.

Industria-iraultza abiatu zuen meatzaritzaren arrastoak jarraitu Larreineta funikularra hartuta

Meatzaldean jarraitzen dugula, Larreinetako funikularra har dezakegu, Euskotrenek daramatzala zerbitzua. Garraiobide hau 1926an inauguratu zen, Jaime Orue Olavarriaren ekimenez.

Helburu nagusia Zugaztieta auzoko meatze-mendietarako bidea irekitzea zen, merkantzia garraiatzeko asmoz. Egun, bertoko auzotarrentzako garraiobidea izateaz gain, turistikoki erakargarria da oso. Ia 2.000 metroko ibilbidean, paisaia berde ikaragarriaz inguratzeko aukera duzu, meatze jarduerako aztarnak, Abrako badia hala nola Bilbo Handiko panoramika ederra ere zain dituzula. Zugaztietatik hurbil, Peñas Negras Ingurumen Interpretazio Zentroa ere bisitatu dezakezu.

Bestalde, Nerbioi Itsasadarrean zehar (egun badira hainbat enpresa itsasontziz egiteko ibilbidea), Ezkerraldeko Sestaon, Bizkaiko Labe Garaien lehen labeak zutik dirau. Bilbora bidean, Zorrotzan Grandes Molinos Vascos irin-fabrikaren eraikin erraldoia ikus dezakezu. Zorrotzaurren ere topatuko dituzu industriaren hainbat testigantza. Abandoibarran, hots, Euskalduna Jauregia dagoen tokian, Astilleros Euskalduna ontzitegi ospetsua kokatzen zen. XX. mende hasieran sortu eta 1985ean eten zuen jarduera. Europar Batasunean sartzeko baldintzen artean, ontzi-sektorearen eraldaketa zegoen; gatazka sozial esanguratsua ondorio izan zuena.

Hiriburutik kostaldera bidean, Bermeo marinel-herri ederra duzu, kontserba industriaren paradigma ere badena. Beraz, ez zara damutuko bertako arrain freskoa dastatzearekin batera, bisigu- eta hegaluze-eskabetxe kontserbak etxera bueltan badaramatzazu.

Nola heldu

  • Gure industria-ondarea oparoa da eta burdinaren testigantza gabe ez dago ulertzerik gaur egungo Bizkaia. Burdingintzaren aztarnak oraindik aurkitu ditzakezu gure eraberritutako paisaian. Horrez gain, badira historiaren zaindari prestuak diren hainbat museo. Hemen dituzu gune gomendagarri batzuen informazioa.

    El Pobal Burdinola 
    El Pobal auzoa. Muskiz-Sopuerta errepidea. 48550 Muskiz
    Telefonoa: 629 27 15 16 / E-posta 

    Bizkaia Zubia 
    Barria kalea, 3 - Behea
    48930 Areeta (Getxo) - Bizkaia
    Telefonoa: 94 480 10 12 / E-posta

    RIALIA Industria Museoa
    Canilla ibilbidea, z/g; 48920 Portugalete (Bizkaia)
    Telefonoa: 944 72 43 84 / E-posta 

    • Ordutegia

      El Pobal Burdinola 
      Apirilaren 15etik urriaren 15era
      Asteartetik larunbatera: 10:00-14:00 / 16:00-19:00
      Igande eta jaiegunetan: 10:00-14:00
      Astelehenetan itxita

      Urriaren 16tik apirilaren 14ra arte
      Asteartetik igandera eta jaiegunak: 10:00-14:00
      Astelehenetan itxita
      Itxita urtarrilaren 1ean eta 6an, eta abenduaren 25ean
      Erakustaldia: larunbatero, 12:00etan

      RIALIA Industria Museoa 
      Urritik martxora
      Astearte eta asteazkenetan: 9:30 - 13:30
      Ostegun eta ostiraletan: 9:30 - 13:30 eta 15:00 - 17:00
      Larunbat, igande eta jaiegunetan: 10:00 - 15:00
      Apiriletik irailera
      Astearte, asteazken eta ostegunetan: 10:00 - 14:30
      Ostiral eta larunbatetan: 10:00 - 14:00 eta 17:00 - 19:00
      Igande eta jaiegunetan: 10:30 - 15:00
      Itxita: Astelehenetan, urtarrilaren 1ean eta 6an eta abenduaren 25ean. Abenduak 24 eta 31: 10:00 - 14:00

    • Prezioa

      El Pobal Burdinola 
      Orokorra: 3,50 € (bisita gidatua) / 5,50 € (bisita gidatua + erakustaldia).
      Murriztua: 2,25 € (bisita gidatua) / 3,25 € (bisita gidatua + erakustaldia), 26 urtetik beherakoak, 60 urtetik gorakoak, ezinduak, langabeak, pentsiodunak, familia ugaria eta 10 heldu baino gehiagoko taldeak.
      Doakoa: 12 urte arte, irakasleak, gidariak eta behar bezala onetsitako prentsa, museoaren eguna: ostirala, MNE: maiatzak 18, herriko jaieguna, Nagusi Txartela, ICOM (Museon Nazioarteko Kontseilua) txartela.
      Eskola- eta aisialdi taldeak: 1€ ikasle bakoitzeko (bisita gidatua) / 2€ ikasle bakoitzeko (bisita gidatua + tailer didaktikoa).

      RIALIA Industria Museoa
      Orokorra: 2€.
      Erretiratuak( + 65) eta umeak 14 urte arte: DOAN.
      Eskola-Taldeak:  DOAN – Besteak: 1€. Ikasleak 14 urtetik 26 urtera: 1€.
      Elbarriak: 1 €.
      Oharra: Leihatila museoa itxi baino 30 minutu lehenago itxiko da.

    • Kokapena

      Pobal 
      Portugalete (Bizkaia Zubia) 
      Zorrotza (Grandes Molinos Vascos irin-fabrika ohia)
      Bermeo (Portua)