angle-left Apar gaineko trapezistak

Kantauri itsasoak World Class motako olatuak utzi dizkigu Bizkaiko hainbat hondartzetan, eta horri etekina ateratzen badakigu. Urtean zehar txapelketa ugari antolatzen dira gure kostaldeko hondartzetan, gehienak nazioarteko izaerakoak.

Itsasoa, arrantzaleen bizimodua izateaz gain, kirolari askoren zaletasun nagusia ere bada. Surflariak, bodyboarderrak, paddlesurflariak… nagusiak dira gure uretan. Lau urtaroetan jendea ikus daiteke uretan. Ez dago aitzakiarik Kantauri itsasoan bainua hartzeko, horretarako hondartza zoragarri ugari baitaude: Sopelako Barinatxe edo Basatia eta Arrietara, Barrikako Meñakotz, Lemoizko Zentrala, Bakio, Ibarrangeluko Laga… eszenatoki ugari dauzkagu bertan, eta Bizkaian famatuak dira Euskal Surf Zirkuitua eta Euskal Herriko Txapelketa (Haundi eta Txiki modalitateetan).

Bertako txapelketez gain, mundu mailako hainbat lehiaketa bizi ditugu urtero: Sopela Pro Junior (Europako Surf sub20 zirkuitukoa), Bilbao World Sup Challenge (Mundu mailako Sup Race World Series zirkuitukoa), Punta Galea Challenge (Big Wave World Tour La Galea-Getxo zirkuitukoa)... Gure hondartzak ezagunak dira mundu mailan, bai geografiak eskaintzen digun natura ikuskizun zoragarriagatik eta baita gure naturako baliabideei etekina behar bezala ateratzen jakin dugulako.

Mundakako Ezkerreko Olatua bakarra da. Mundakako barran jaio eta Laidako hondartzan desegiten da. Hegoalde eta hego-mendebaldeko haizeek sortzen dute eta 400 metroko luzeera eta lau metroko altuera izan ohi du. Olatua sortzean egiten den odiko barnealdetik kostaldea ikus daiteke, eta horrek bereziak egiten gaitu.

Hala ere, surfa ez da Bizkaiko olatuen gainean praktikatzen den kirol bakarra; kortxozko taula txikiagoen gainean bodyboard-a praktikatzen duten kirolariak edo Kortxeroak daude, Polietileno edo Polipropilenozko oholen gainean irristatzen diren zaletu eta profesionalak. Surfean bezala, bodyboarderrek Euskal Herriko Txapelketa bezalako lehiaketa propioak dituzte ere.

Bizkaiko kostaldean apar gainean irristatzen diren %30 inguru kortxeroak dira, nahiz eta gero eta jende gehiago surfera igarotzen ari den. Kirolari hauek, orokorrean olatu bortitzak eta bertikalak bilatzen dituzte. Horregatik, gure kostaldeko zenbait hondartza beharrizan horietarako apartak dira: Lemoizko zentralean topatu dezaketen fondoa Slab motakoa da. Hots, arkaitzezko fondoa, forma berezidun olatuak sortzen dituena. Mundakako Ezkerreko Olatua ere bodyboarderren gustukoenetarikoa da hodi formako olatu luzea delako. 

Paregabeko kirolak

Bizkaian gero eta indar handiagoa izaten ari da Kayak-Surfa. Izenak azaltzen duen bezala, kayak eta surfaren arteko nahasketa da. Ur gozoa eta gazia konbinatzen dituen kirol honetan, kayakistak itsasoko olatuetan irristatzen da, surf eta kayakaren munduko teknikez baliatuz. Kirol hau, sortu zen 30. hamarkadan, eta gaur egun, estatu mailako selekziorik egon ez arren, Galizia eta Euskal Herrian badira eta mundu mailako txapelketa ugari irabazi ditu Bizkaikoak: 2007an Mundakako txapelketa irabazi zuten, 2009an Portugaleko txapeldunordeak eta 2011n Estatu batuetako Surf-Kayak Txapelketa irabazi zuten.

Milurteko berriaren helduerarekin, PaddleSurf edota Arraun-surfa hedatzen hasi zen Euskal Herrian. Kirol honetan, surflaria oholaren gainean zutik egiten du arraun. Waikikin sortu zen kirol hau (Honolulu, Hawaii) 60. hamarkadan, beharrizan batengatik: surf irakasleek euren ikasleei argazkiak ateratzeko zutik jartzen ziren euren longboarden gainean. Horrela, ikasle taldearen eta olatuen ikuspegi ezinhobea zuten. Urteak pasata, beharrizana kirol bihurtu zuten.

  • Uretako kirolak maite badituzu baina praktikatzeko ekipazioa faltan baduzu, ez kezkatu! kostaldeko herrietan surf, bodyboard eta uretako kirolen inguruko denda ugari daude. Bertan, materiala alokatu edo erosi ahal izango duzu, zure gustura.

  • Hasiberria bazara, udazkena da itsasoko kirolak praktikatzeko urtarorik gomendagarria, udak ura epeldu baitu eta tenperatura kontrastea minimoa izango baita. Horrez gain, inolako esperientziarik izatekotan, Arrietara-Atxabiribil (Sopela), Bakio, Arrigunaga eta Laga gomendatzen dizkizugu. Ordea, aditua eta ausarta izanez gero, adrenalinamartxan jarri dezakezu Barinatxe, Punta Galea eta Meñakotzeko olatu gogorretan.

    Dena dela, kontuan izan sorosleen gomendioak zein urtaro bakoitzean kontuan hartu beharreko segurtasun neurriak, eta ez ahaztu kirola gozatzeaz.