angle-left Gure historiaren lekuko

Dela hirigunean, dela kostaldean, iraganeko aztarna bilduma aberatsak dirau gure lurraldean oraindik ere. Burdingintza arrastoetatik burgesiaren ‘loraldia’ erakusten duten jauregietara, tenplu erlijiosoak, nekropoliak eta gaztelu handientsuak tartean.

Deustu aldean, orrokan den tigre erraldoi batek ‘zaintzen’ du Bilboko Itsasadarra. Dirudienez, Miguel Mendizabal enpresaria liskarrean omen zen klase burgesarekin, eta horregatik eskatu zion Lucarini eskultoreari halako obra ‘erronkaria’ egitea, 1943an. Gure historiaren parte da hormigoizko animalia hau, baita handik gertu den Deustuko Unibertsitatea ere. Alde Zaharrerako bidean, beste eraikin entzutetsu batekin egingo dugu topo: Udaletxea. Bereziki aipagarria da barne hartzen duen Arabiar Aretoa, Granadako Alhambraren moduan eraikitako neomudejar gela.

Bilboko Concordia geltokian (1902an eraikia), gure industria-iraganera doan trena har dezakegu. Sestaon, Bizkaiko Labe Garaien azken aztarnak ditugu, eta handik gertu, Portugaleten, Bizkaia Zubiak Ezkerraldea eta Eskuinaldea lotzen ditu XIX. mendetik hona. Eiffel Dorrearen estiloari jarraiki, Alberto de Palacio arkitektoak diseinatu zuen. UNESCO-k Gizateriaren Ondare izendatu zuen 2006an.

Ezinbesteko bisiten alorrean, jakina, Gaztelugatxeko ermita daukagu. Eskalinata luze batek Kantauri gainean den altxor historiko honetara darama. Halaber, balio historiko eta kultural izugarria daukate Gernikako Batzar Nagusien egoitzak -Gernikako Zuhaitza euskal identitatearen ikonoa jagole duela-; Durangoko Kurutziaga gurutzeak, Ziortzako Monastegiak, Balmasedako Zubi Zaharrak, Elorrioko Argiñeta nekropoliak edota Arteagako gazteluak, beste askoren artean.

Ibilbideak

Estilo gotikoaren adierazgarri den Done Jakue Katedrala ibilbide historiko honen abiaburu aproposa izan daiteke. Bilbok hiri gutuna jaso baino lehen, bertan bazegoen apostolu honi eskainitako tenplu txiki bat, nekropoliak inguratuta. Hirigunea 1300. urtean sortu zen, eta inguruko nekazarien etorreraren ondorioz, eliza txiki geratu zen; gaur egun miretsi daitekeen katedralari bide emanez.

Garai bakoitzaren adierazgarri nabarmenak ditugu; Alde Zaharreko estilo gotikotik hasita, Zabalgune modernistarekin jarraituz

Alde Zaharretik at, Arriaga Antzokia daukagu Areatza plazan, eta Itsasadarra zeharkatuz, Concordia tren geltoki ikusgarria dugu, estilo modernistakoa. Izena zor dio leku berean aurretik kokatzen ziren biltegiei, non batzar ugari egin ohi ziren, akordioan bukatu ei zirenak.

Zabalgunean barrena, estilo klasikoak, neoklasikoak zein abangoardistak bat egiten dute Kale Nagusiko eta inguruetako hamaika eraikin eta jauregietan. Esaterako, Bizkaiko Aldundiaren Jauregia eklektizismoaren adibide ederra da. Goraipatzeko modukoa da ere Lezama-Leguizamon Etxea (1922). Ricardo Bastida eta Jose Maria Basterraren lana da, azkenak familia berarentzat jauregi bat egina zuena Getxon, 1902an. Moyua plazan, bestetik, Chavarri jauregia Gobernu Zibilaren egoitza da egun. 

Ibilbidea 2. Eskerraldea-Eskuinaldea

Herri-mailan Zubi Esekitzat ezagutzen bada ere, Bizkaia Zubia du izen ofizialtzat eta Portugalete (Ezkerraldean) eta Getxo (Eskuinaldean) lotzen ditu. Altzairuzko zubi enblematiko hau 1893an eraiki zen eta UNESCO-k Gizateriaren Ondare izendatu zuen 2006an. Itsasadarraren muga fisikoa gainditzeaz ezezik, industrialdeko langileria eta burgesia diruduna elkartzen ditu, sinbolikoki ez bada ere. 

Ezkerraldean, beraz, burdingintza-garaiko aztarnak ikusgarri ditugu, Sestaoko Labe Garaia, kasu, Nerbioi ibaiaren ezkerreko bazterrean kokatzen dena. Zutik dirauen lehen Labe Garaiak 1959an altxatu ziren, eta 1995ean eten zuten jarduera behin betikoz. Kultura-ondare izendapena jaso zuen 2005ean, monumentu kategoriarekin. Portugalete ondoan ere, Santurtziko portua daukagu, non bertako sardina-erreak dastatzea ezinbesteko ‘ondasun kulturala’ ere baden.

Itsasadarraz bestalde, Getxoko Areeta, Neguri eta Algorta egoitzalde auzoak ditugu. Miresteko modukoak diren jauretxe ugari daude, Lezama-Leguizamon jauregi aintzatsua, kasu. Halaber, Algortako Portu Zaharreko kale estuetatik ikusmiran ibiltzea aholkatzen dizugu, kale giroa bizi-bizia da eta. Gainera, bertako tabernetan pintxo eta ardotxoren bat hartzea ere guztiz gomendagarria da. 

Ibilbidea 3. Itsasora begira dauden gotorlekuak

Bakio, Bermeo nahiz Mundaka kostaldeko herriak bisitatzeko asmoa baduzu, ezinbesteko geltokia duzu Gaztelugatxe, Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean lekutzen dena. Bermeo arrantza-herrian, Kantaurin barrena den irlatxo enblematikoa dugu, bertako ermita euskal historiaren lekuko ukaezina dela. Herriak dioenez, San Joan Bataiatzaileak hiru urrats erraldoi egin eta baselizara heldu zen, Bermeoko portuan lehorreratu ondoren. Gotorleku modura ere erabili zen, Alfontso XI.aren sarrerari aurre egiteko, baita Sir Francis Drake itsaslapurraren arpilatzeari ere. Oraindik ere, erromesen gune garrantzitsua izaten jarraitzen du. 

Kostaldean jarraituz, Lekeitioko Santa Mariako aldarea (XVI. mende hasierakoa), Estatuko hirugarren oparri gotiko handiena da. XIV. mendeko Andra Mariren bizitzaren pasarte bat irudikatzen du. Ondarroan, bestetik, Zubi Zaharra eta Santa Maria eliza nabarmentzekoak dira; baita Itsas Aurre Zubia ere, Santiago Calatrava arkitektoaren lehenengo obra dena Euskadin (1994koa).

Nola heldu