angle-left Lurpeko altxor ezkutuak

XX. mende hasieran, Santimamiñeko haitzuloetan aurkitu ziren arte paleolitikoaren arrastoak. Ondoren, Pozalaguako lurpeko ondarea gehitu zitzaion, Armañon Parke Naturalean kokatuta, Enkarterri eskualdean, hain zuzen.

Santimamiñe Bizkaiko ikono kultural gorena da, historiaurreko aztarnategi nagusia izaki. Kortezubin lekutzen den haitzulo honetan, Oma Basotik gertu dena, labar-arte arrasto esanguratsuak aurkitu dira, Goi Paleolitoko Madeleine aldiari dagozkionak (K.a. 13.000). 2008an, UNESCO-k Gizateriaren Munduko Ondarea izendatu zuen. Ehuneko erdi bat irudi barne hartzen ditu, harrikatzaz margotuak. Zehazki, 32 bisonte, 7 ahuntz, 6 zaldi, orein eta hartz bana irudikatuta ditu.

2006tik hona, itxita dago publiko orokorrari, ordu eta erdiko bisita gidatuak eskaintzen badira ere. San Mames baselizan, interpretazio-zentroa bilakatu dena, 3D-tako ibilbide birtuala egiteko parada duzu haitzuloetan barrena, margolanak eta guzti ikus daitezkeela.

Pozalaguako haitzuloa, bestetik, 1991tik bisitatu daiteke, Raneroko harkaitzetan (Karrantza). Repsol Gidak “Espainiako Bazterrik Hoberena” izendatu zuen 2013an. Kasualitate hutsaz aurkitu zen, 1957an. Gertuko harrobi baten eztandak aurkikuntza miresgarri hau ahalbidetu zuen, milaka urtez erabat ezkutuan egon ostean. Koladak, estalagmitak eta estalaktitak elkartzen dira bere baitan, edertasun bitxiko formak sortuz. Izan ere, munduko estalaktita eszentrikoen kopururik handiena biltzen du, grabitatea erabat desafiatuz.

Ibilbideak 50 bat minutuko iraupena du, pasagune bat zeharkatzen duela, zutabe eta koladen artean. Lehortutako aintzira batetik igaro ondoren, Versalles gelarekin topo egingo duzu, non estalaktita eszentrikoen bilduma oparoa zain daukazun. Bisitak begiratoki batean du amaiera, haitzuloa eratzen duen gela handia bere osotasunean begietsi dezakezula.

Ibilbideak

Familia osoak atsegin egingo duen bi orduko ibilbidea proposatu nahi dizugu, Baltzolako Haitzuloa eta Jentilzubi ezagutzeko asmoz. Diman daude, Arratiako haranaren bihotzean, Urkiolako Parke Naturalaren baitan, hain justu. Diman bertan utz dezakezu autoa, Baltzolako auzoan den aparkaleku txiki batean, haitzuloetatik gertu. Behin ailegatuta, euskal pertsonaia mitologikoen xarmak sorginduko zaitu.

Bi orduko ibilaldi atseginaz disfrutatu ahala, Baltzolako Haitzuloa eta Jentilzubi ere ezagutu ditzakezu

Kobek gordetzen duten sekretu guztiak argitzearren, komeni da linterna bat eramatea. Espeleologoek nahiz eskalatzaileek izugarri estimatzen dute haitzulo hau. Kondairari jarraiki, leize-zulo hauetan lamiak bizi ei ziren.

Euskal mitologiako pertsonaia honek emakumezko gorputza eta ahate-oinak. arrain-buztana nahiz atzaparrak zituen. Suge forma har zezakeen Sugoik, hots, Mari jainkosaren senarrak, bertan omen zuen bizilekua ere bai, hala nola bikote mitologiko honek semeak, Mikelatzek.

Bidean, Jentilzubi izeneko zubi naturala ikusteko parada izango duzu. Mitoak dioenez, aparteko indarraz baliatuta, jentilek eraiki zuten arku hau, mendiz mendi ezkutuan ibiltzeko, kristauengandik ihesean. Jentilzubin zaudela, Axlor Bizkaiko aztarnategirik zaharrena ikus dezakezu, zeina Joxe Migel Barandiaranek aurkitu zuen. Burdin hesi batek babesten du gune hau, Erdi-Paleolitoaren lekuko dena (K.a. 150.000-40.000).

Nola heldu

Baltzolako kobak Diman daude, Bilbotik ordu erdi eskaseko auto-bidaiaz eskuragarri. Baltzola auzoan bertan dagoen aparleku txikian utz dezakezu autoa. Indusi auzunean uztea beste aukera da, haitzuloetara heldu arte paseotxo atsegina daukazula.

 
  • Autobusa

    Garraio publikoa hartzea nahiago baduzu, Bizkaibusek A-3925 Bilbo-Otxandio autobus-linea dauka, Indusi auzoan geltokia duena.

  • Autoa

    Bilbotik N-240 errepidea hartzea aholkatzen dizugu, Igorrerako bidean. Ondoren, BI-2543-tik jarraitu ezazu Otxandio norabidean; ostean Olabarri-Indusi bide-aldatzeari heltzeko.

Gastronomia

Non jan

Hiru haitzuloetako inguruetan picnic nahiz hamaiketakoa hartzeko eremu paregabeak dituzu, egundoko bistekin, gainera. Pozalagua ondoan, esaterako, askaldegi polit bat aurkituko duzu. Berebat, Santimamiñeko sarbidean beste askaldegi bat daukazu, baita jatetxe bat ere, bertan bazkaria edo mokadu bat hartzea nahi izatekotan. Kondairaz zipriztindutako Baltzola aldean, bestetik, naturaz gozatzeko atseden-gune ederrak ere badituzu, bazkaltzeko oso aproposak.

Bero bazkaldu gura baduzu, gertu diren Baltzola, Dima edota Otxandiora hurbiltzea aholkatzen dizugu. Diman, esaterako, babarrunak sakramentuekin dasta ditzakezu; eta Otxandion, aldiz, txuleta mardul batek Gernikako piperrekin ondo baino hobeto asetuko zaitu.

Ostatua

Non lo egin

Bizkaiko barnealdeko landa-bizitza ezagutzeko aukera paregabea duzu haitzulo hauek bisitatzera bazatoz, tradizioari hertsiki lotutako bizimoduak darrai eta. Esperientzia guztiz benetakoa eta %100ean euskalduna bizitzearren, Dima, Otxandio, Kortezubi edota Karrantzako landetxe edo baserri batean ostatu hartzea gomendatzen dizugu.

Hiriko giroa nahiago baduzu, gogoan izan Bilbo oso gertu duzula herri hauetatik, beraz, egun pasa egin dezakezu haitzulo inguruetan eta gero hirira bueltatu gaua igarotzera. Zure esku: apeta eta interes guztietarako aukerak daude eta.

  • Lurpeko Bizkaia zain duzu, bere haitzuloak mendeetan ondutako artelan naturalak bilakatu direla. Halaber, gure arbasoek margotutako aztarnak ezagutu ditzakezu Urkiola nahiz Armañon Parke Natural ederretara hurbilduz gero. Hemen duzu Bizkaiko haitzuloei buruzko informazio aipagarriena.

    Pozalaguako Haitzuloa
    Ranero Harkaitzak (Ranero auzotik 2 km-tara)
    48891 Karrantza, Bizkaia
    Telefonoa: 649 811 673 (Haitzuloak) / 946 806 928 (Karrantzako Turismo Bulegoa)
    E-maila: info@karrantza.com

    Santimamiñe Koba
    Basondo auzoa, z/g. 48315 Kortezubi, Bizkaia.
    Telefonoa: 944 651 657
    E-maila: santimamine@bizkaia.net
    Santimamiñe koba bisita itzazu.

    • Ordutegia

      Pozalaguako kobazuloak
      Apirilaren 1etik urriaren 15era arte: 11:00-20:00 (azken harrera 19:00etan)
      Urriaren 16tik martxoaren 31 arte: 11:00-18:00 (azken harrera 17:00etan)
      Koba astelehenetan itxita egongo da (jaiegunak salbu), hala nola urtarrilaren 1 eta 6an, irailaren 18an eta abenduaren 24, 25 eta 31.

      Santimamiñeko kobazuloen ordutegiak
      Bisita gidatuak apirilaren 15etik urriaren 14ra arte
      Astelehenetik igandera: 10:00, 11:00, 12:00, 13:00, 15:30, 17:00, 17:30

      Bisita gidatuak urriaren 16tik apirilaren 14ra arte
      Asteartetik igandera: 10:00, 11:00, 12:00, 13:00

      Bisitaren iraupena: Ordu eta erdi inguru.

    • Prezioa

      Pozalaguako haitzuloak
      16 urte gorakoak: 7 €
      Adingabekoak (8 eta 16 urte bitartekoak, biak barne): 4 €
      Jubilatuak/Pentsiodunak: 4 €
      Ikasleak (txartelarekin): 4 €
      Helduen taldeak: 4 €
      Eskola taldeak: 3 €
      Espeleologo federatuak: doan

      Santimamiñeko kobazuloak
      Orokorra: 5 €
      Taldeak: 3 € (10 pertsona gutxienez, 20 gehienez)
      Tarifa murriztua: 2 €
      6 urte baino gutxiagoko haurrak: doan

    • Kokapena

      Pozalagua (Karrantza harana).
      Santimamiñeko kobazuloak (Kortezubi).
      Baltzolako Haitzuloa (Dima).

  • Oinetako erosoak jantzi itzazu eta eta ez zaitze ahaztu berokia eramateaz. Kontuan hartu koba barruan tenperaturak nabarmen jaitsi egiten duela. Esaterako, Pozalaguako barne-tenperatura 13 gradu ingurukoa da urte osoan zehar. Gogoan hartu haitzuloan ezin dela argazkirik atera, ezta estalaktitak ikutu ere, babes zioengatik.