angle-left Bilboko Itsasadarrean murgilduz

Bilboko historia ez dago ulertzerik bere Itsasadarra gabe. Hiribildua sortu zenetik, orain dela 700 urte baino gehiago, ekonomia-eragile nagusienetakoa dugu. Garai batean industria-garapenari hertsiki lotuta, gaur egun aisialdirako gune guztiz erakargarria dugu, itsasaldiak nahiz ur-kirol kitzikagarriak egiteko aukera ahalbidetuz.

Itsasadarrak banantzen dituen Ezkerraldea eta Eskuinaldean zehar nabigatzea plazer hutsa da. Edozein dela aukeratzen duzun itsasaldia, ertz bietako arkitektura industriala, abangoardista, baita Erdi Aroko arrastoak ere miretsi ahal izango dituzu, zubi historikoak ahaztu gabe.

Ibilaldi zoragarriak ezezik, ur-kirol bizigarrietan trebatzeko abagunea ere nabarmentzekoa da. Jada nahiko errotuak ditugun arraunketa edota piraguismoaz gain, kayak, paddle surfa baita ‘stand up’ deritzona ere eskuragarri dituzu. Azken hau, oinekin arraunean egiteko modalitatea izaki, ur gainetik ibiltzearen antzekoa da. Ekintza hauek guztiek Itsasadarra ezagutu eta gozatzeko aukera eskainiko dizute. Erraztasunen artean, zuk zeuk aukeratu dezakezu itsasaldi bakoitzaren iraupena, baita abiapuntua ere: Itsasadarreko hasieratik (hots, Bilboko Peña auzoan); erdialdetik edota ibai-ahotik bertatik (Portugalete-Areeta aldean). Hainbat enpresek gaueko ibilaldiak antolatzen dituzte gainera.

Jakina, alde gastronomikoa ezin dugu alboratu, ezta itsasontzi batean aurkituz ere. Itsasadarrean murgilduta zaudela bete-betean, pintxo gozoak eta txakolin freskoa dastatu ditzakezu, erabateko esperientzia bermatuz.

Portugalete eta Getxo lotzen dituen Bizkaiko Zubia zeharkatzerakoan, hots, gure garaipen-arkua, garai bateko industriaren indarraz jabetuko zara. Zure ikusmina asebete gura baduzu, Portugalete ondoko Santurtzi aldean belaontzian nabigatu dezakezu, edota zetazeoak begiztatu, adibide batzuk aipatzearren.

Ibilbideak

Itsasadarrean zehar nabigatzea esperientzia guztiz gomendagarria da. Bilboats enpresak, esaterako, hiru ibilbide eskaintzen ditu urtean zehar, zeintzuek Pio Barojako kaia abiapuntu duten, Udaletxe aurrean, hain justu. Lehenengoak, ‘Bilbon nabigatuz’ deritzonak, ordu beteko iraupena du eta Zorrotzaurreko erriberan du helmuga, tartean XXI. mendeko eraikin ospetsuenak begiesteko parada izango duzula: Isozaki Dorreak, Guggenheim Bilbao Museoa edota Zorrotzaurreko alde eraberritua, besteak beste.

Itsasaldiek hiriko ikuspegi zoragarria eskainiko dizu, Guggenheim Museoa nahiz Bizkaia Zubia zain dituzula

Bigarren itsasaldia, ‘Itsasorantz nabigatuz’, bi orduko pasealdia da, Itsasadarreko bokalera heltzen dena, Bizkaia Zubiaren parean, Gizadiaren Ondarea, alegia. Aukera honek industriaren arrastoan sakontzen du.

Izan ere, Zorrotzaurrez haratago doa, industrializazioaren aztarnak oraindik nabari diren herriak zeharkatuz. Barakaldo (Rontegi Zubia), Sestao (La Naval ontzitegiaren aztarnak) eta, azkenik, Portugalete-Areeta, bi ertzak Bizkaiko Zubi ikaragarriak lotzen dituela.

Azken ibilbidea, ‘Itsas Jaia’ izenekoa, aukera ederra duzu ezkondu aurreko agur-festa edo bestelako ekitaldi berezia antolatu nahi izatekotan. 75 minutuko iraupenarekin, Bilbo hirigunea zeharkatzen duen bidaia gogoangarria da, non hainbat ospakizunetan dabilen jendea batzen den. Itsasontziak taberna dauka ere bai (txartelak zerbitzu hau barne hartzen ez duen arren). Jakina, dantza egiteko musika ziurtatuta dago. Ekitaldi pribatu bat antolatu gura baduzu, zure beharretara egokitzen den ontziren bat ere alokatu dezakezu. Ibilbideen xehetasun guztiak, ordutegiak eta prezioak kontsulta itzazu Bilboats-en webgunean.

Nola heldu

Ibilaldi hauek abiapuntu dute Pio Barojako atrakalekua, izen bereko plazan, Udaletxeko zubiaren parean. Kai honek irisgarritasun oso ona dauka hiriko edozein puntutik, hainbat garraiobiderekin ondo lotuta dago eta.
 

  • Trena

    Abando geltokian jaitsi zaitez, eta distantzia bera egin ezazu oinez Bilboats-eko ontziralekura ailegatu arte.

  • Metroa

    Trena bezalaxe, Abandoko geltokian jaitsi zaitez, eta 500 metro egizu oinez, Buenos Aires, Venezuela plaza eta Acebal Idigoras kaleetatik, Uribitarte Pasealekura heldu arte. Bertan du kaia Bilboats enpresak.

  • Tranbia

    Pio Baroja geltokia ontziraleku izenkidetik pausu eskasetara dago.

Gastronomia

Non jan

Itsasontziko ibilbide batzuetan taberna-zerbitzua izango duzu, non mokadu bat eta txakolin, ardo, garagardo nahiz freskagarriren bat har ditzakezun. Bista ederrak izango dituzu gainera, Itsasadarreko bi ertzetan topatuko dituzun eraikin nahiz eskultura ikaragarriei esker.

Ordu bete edo biko pasealdia edota ur-ekintzetan aritu ostean, ziur gose izango zarela. Lasai egon, Pio Baroja kaia ondoan, hots, ontzi-ibilbideak nahiz ur-kirolak hasi eta bukatzen diren gunean, Itsasadarrari begira jateko hainbat aukera erakargarri dituzu, menu tradizionaletatik egile-sukaldaritzara arte, tartean pintxoak edota plater gozoak ere badituzula. Abandoibarran, Abandon nahiz Alde Zaharrean karta tentagarriak zain dituzu.

Ostatua

Non lo egin

Bilboko Itsasadarraren inguruetan erraz aurkituko duzu ostatu, bai Alde Zaharrean, baita Abandoibarran nahiz hirigunean ere. Primerako helmuga turistikoa izaki, ostatu eskaintza ezin zabalagoa dauka: 1 eta 5 izar bitarteko hotelak, ostatuak, aterpetxeak, alokatzeko etxebizitzak… Poltsiko eta behar guztietara egokitzen diren aukerak eskura dituzu.

Goi-denboraldian bazatoz, aldez aurretik egizu zure erreserba, azken orduko ezustekorik ez jasotzearren.