angle-left Kantauri itsasoan (lehorretik) murgilduz

Bizkaiko itsasoa liluragarria da. Kantauriko oldarrak itsasertzearen aurka bide eman dio kostalde-paisaia ikaragarriari, aho bete hortz utziko zaituzten itsaslabarrekin, Galean ikus ditzakezunak; edota oso balio handiko geologia-eraketekin, Getxoko kostaldean den flysch txundigarria, kasu.

Antzina-antzinatik, bizkaitarrok itsasoari hertsiki lotuta gaude. Arrantzaleak itsasoan barrena murgildu ohi ziren arrain bila, beren familiak elikatzeko asmoz. Testuinguru honetan, itsasargien garrantzia ezinbestekoa zen, marinelek etxerako bidea aurkitu zezaten. Gaur egun, Bizkaian lau argidorre ikus ditzakegu, eta benetan merezi du, edertasun paregabeko paisaiaren baitan lekutzen dira eta.

Lekeitioko Santa Catalina itsasargia, esaterako, gure kostaldeak duen garrantzitsuenetakoa da. Berezko funtzioaz ezezik, Euskadi osoan publiko orokorrari irekita dagoen bakarra baita. Bere Interpretazio-Zentroan, itsasargiei buruzko historia interesgarria ezagutzearekin batera, nabigazio tekniken garrantziaz jabetuko zara. Gainera, itsasontzi-bidaia birtuala ere egin dezakezu, Lekeitiotik Elantxobera arte.

Getxon, aldiz, Galeako itsaslabarretik miretsi dezakezu argidorre izenkidea. Antzinean, kokapen berean, sutzarrak piztu ohi ziren, Bilboko portura sarbidea erraztearren. Gainera, baleak begiztatu ahal ziren. Gorlizera hurbiltzen bazara, bestetik, gure historiaren pasarte bat ezagutu dezakezu, bertan topatuko dituzun Guda Zibileko bunkerra eta bateriak ikusgai daudela. Jakina, Gorlizko itsasargitik ikus daitekeen paisaia ikaragarria da. Itsas mailaren altitudetik 165 metrotara dagoela, Kantauriko farorik altuena da.

Gure kostaldeko azken itsasargia Bermeon kokatuta dago, Matxitxako lurmuturrean, hain zuzen. Berez, bi daude. Zaharrena, itsasargizainen eskola izandakoa (1854-1863 bitartean) eta egun bere dorrea bakarrik mantentzen duena. Bertan erretiroa hartu zuen Bizkaiko azken farozainak. 110 metrotara, egungo Matxitxako Itsasargia aurkitzen da. Bere barrualdea ezin da bisitatu, jardunean da eta. Hala ere, gure kostaldeko kokaleku estrategiko honen ikuspegi zabala har dezakezu bertatik. 

Ibilbideak

Bizkaiko itsasaldeak hainbat ibilbide ditu, zeintzuek bere bista ederrekin konkistatuko zaituzten. Oinez, bizikletaz nahiz autoz egin dezakezu itsaslabarren bidea, Getxon hasita Armintzara heldu arte. Edozein dela zure aukera, gure gomendioa da pixkanaka joatea, tartean topatuko dituzun hondartza, itsasargi eta herriak (Getxo, Sopela, Barrika, Plentzia eta Gorliz) patxadaz ikusteko asmoz.

Bi ibilaldi nagusi proposatzen dizkizugu: Getxotik Armintzara arte doana, itsaslabarretatik; hala nola Bizkaiko itsasargietatik zehar doana. Biak ala biak liluratuko zaituzte ziur

Ezohiko hondartza bakartiak gustuko badituzu, Barrikan geldialdia egitea aholkatzen dizugu, bertako Meñakoz hareatza bisitatzearren. Geologia-fenomeno bitxiaz ohartuko zara bertan: pillow laba delakoa, hots, laba jatorrizko arrasto multzoa. Ikusgarria da benetan. 400 metroko luzera duen nudismo-hondartza hau itsasoari bereziki irekita dago.

Mundu mailan ezaguna den olatu erraldoi bat hartzeko ospea du, surflari trebeentzako soilik.

Azkenik, Bizkaiko itsasargiak zeharkatzen duen ibilbidea iradokitzen dizugu. Gaur egun, lau dira, kostaldea ekialdetik mendebaldera argitzen dutena, hain zuzen. Getxo, Gorliz, Bermeo eta Lekeitio herrietan kokatuta daude. Itsasargi bakoitzean geldiune bat egitera animatzen zaitugu, inguruak ikusmiratzearren, itsaslabar ikaragarriez inguratuta baitaude. Itsasoko zerumuga ere zoragarria da.

Nola heldu

Gastronomia

Non jan

Kostaldean zaudela, Kantauri itsasoko gutiziak dastatzera animatzen zaitugu. Marinel herri hauetan itsas zaporedun errezeta tradizionalak jateko aukera izango duzu, adibidez bakailaoa pil-pilean, marmitakoa, txipiroiak bere tintan edo tipula-nahaskian, sardinak, etab.

Matxitxako Itsasargia bisitatzen baduzu, Bermeo arrantza-herrira gerturatu zaitez, bertan kontserbako hegaluzea nahiz antxoa ontziak erosi ahal dituzula. Bizkaiko oroigarri gozoa eramango duzu etxera bueltan, ezbairik gabe. Herri honek kontserba-tradizio handia du, eta ospe handiko hainbat enpresek bertan dituzte fabrikak.

Ostatua

Non lo egin

Bizkaiko distantziak erraz eskuragarriak dira, beraz, dela Bilbon dela kostaldeko herriren batean har dezakezu ostatu. Lasaitasuna lehenesten baduzu, landetxe bat aukeratu dezakezu Sopelan, Barrikan edo Gorlizen, adibidez. Gau-giroa gustuko baduzu, aldiz, Bilbo edo Getxo gomendatzen dizugu, non hotel eta ostatu eskaintza zabala zain daukazun.

Gogoan izan, baina, gure kostaldea Bizkaiko turismo-gune nagusienetako bat dela; hortaz, saia zaitez aldez aurretik egiten zure erreserba. Kostaldean ostatu hartzeko eskaera bereziki altua da Aste Santuan eta udaldian.

  • Gure arbasoek Kantauri itsasoan barrena jauzi egin ohi zuten, beren familientzako elikagaiak lortzeko asmoz. Itsas-ibilbideak luzeak izan ohi ziren, muturreko baldintzetan. Hortaz, itsasargien eginkizuna hil edo bizikoa zen. Ondorengo lerroetan, gaur egun Bizkaian mantentzen diren argidorreen informazioa daukazu. Interesik izatekotan, Lekeitioko Santa Catalina Itsasargia bisitatu daiteke.

    Santa Catalina Itsasargia
    Santa Katalina etorbidea, 65. 48280 Lekeitio, Bizkaia
    Telefonoa: 946 844 017
    E-posta: turismo@lekeitio.com

    Matxitxako Itsasargia
    Matxitxako Lurmuturra, 48370 Bermeo
    Telefonoa: 946 179 154 (Bermeoko Turismo Bulegoa)
    E-posta: turismoa@bermeo.eus

    Gorlizko Itsasargia
    Fano Bidea, 13A. 48630 Gorliz, Bizkaia
    Telefonoa: 946 774 348
    E-posta: turismo@gorliz.net

    Galea Itsasargia
    Galea errepidea, 56. 48993 Getxo, Bizkaia
    Telefonoa: 944 910 800
    E-posta: turismo@getxo.eus

    • Ordutegia

      Behe-denboraldia
      Larunbat eta igandeetan (igande arratsaldean itxita) 
      Goizez 11:30 - 13:00
      Arratsaldez 16:30 - 18:00
      Lanegunetan, taldeentzako bisitak, aldez aurretik erreserbatuta. 20 pertsona gutxienez.

      Goi-denboraldia (uztaila, abuztua, Aste Santua)
      Asteazkenetik igandera irekita, goizez. Igande arratsaldean itxita.
      Goizez 11:30 - 13:00
      Arratsaldez 16:30 - 18:00

    • Prezioa

      Helduak 6 €
      3-12 urte bitarteko haurrak eta jubilatuak 4,5 €

    • Kokapena

      Bizkaiko kostaldea.

  • Arropa eta oinetako erosoak jantzi itzazu, itsasoari begira dauden ibilbide hauetan barrena aise mugitzearren. Negu partean bazatoz, ez zaitez ahaztu berokia ekartzeaz, Kantauri itsasoko haizea hotza da eta. Uda sasoian, aldiz, eguzkitako betaurrekoak eta krema ekarri beharko dituzu. Ur-kirolen bat egiteko asmoa baduzu baina ekipamendurik ez badaukazu, ez zaitez kezkatu, aipatu herrietan erraz erosi edota alokatu dezakezu eta.