angle-left Gaztelugatxe, itsasoko gaztelua

Ahaleginak benetan merezi du, 241 eskailera dira-eta. Baina ez zara damutuko. Goian egonda, askotariko paisaiak ikusi ahal izango dituzu. Horrez gain, kanpaia hiru aldiz jotzen baduzu, izpiritu txarrak aldenduko omen dituzu.

Lurra eta irla harrizko zubi baten bidez daude lotuta, eta zubi hartatik baselizara heltzeko 241 eskailera igo behar dira igarobide estu batetik. Tenplura doan bidea ez da zuzena, zig zag formakoa baizik. Azken eskaileran San Juanen oinatza dago, eta esaten da berau ukitzeak zorte ona ematen diola bidaiariari. Kondairak dio San Juanek hiru pausu baino ez zituela eman Bermeotik baselizaraino. Azken eskailerara heltzean tenplua ikusiko dugu aurrez aurre, eta eskumaldetik inguratzen badugu, baselizako fatxadarekin egingo dugu topo. Aurrealdean kanpai bat dago, eta bertara hurbiltzen den orok jo egin ohi du. Bertako auzotar guztiak soberan dakite hori, behintzat.

Irla honek balio erantsia dauka: arrantzale askok miresten duten lekua da. Baselizaren barruan, itsasotik bizirik irtendako arrantzaleen botuak, otoitzak, itsasontzien maketak eta antzekoak ikus daitezke. Eta ez da antzinako sinismena; gaur egun ere San Juan Bataiatzaileak garrantzi izugarria dauka itsasoratzen diren arrantzale askorengan, itsasora irten baino lehen, itsasontzi askok birak ematen baitituzte uhartearen inguruan, santuak zortea eskaini diezaien.

Gure lurraldeak bertan bizitako historiak pisu handia dauka Gaztelugatxen. Horrez gain, “Game of Thrones” telesail famatuak nazioarteko arrakasta ekarri dio Gaztelugatxeri. 2011. urteko telesail famatu honetan San Juan ‘Dragonstone’ bezala agertzen da, eta ordenagailuko edizioaren bidez guk ezagutzen dugun Gaztelugatxea agertzen da, baina itxuraz aldatuta. Berez, mantentzen den gauza bakarra uhartearen gailurrera doazen eskailerak baino ez dira, goialdean, baseliza baino harrizko gaztelu erraldoi bat ageri da-eta. Telesailan, gotorleku hartan Targaryen-ak bizi ziren, eta euren familiaren sinboloa dragoia da.

Historia

Irlaren puntan ikus daiteken baseliza ez da gaur egungoa. Uste da lehen baseliza IX. mendean eraiki zela, tenplarioen garaian. Baina baseliza hark gaur egun arte aldaketa ugari jasan izan ditu: gudak, suteak... XII. mendean komentua izan zen eta azken eraldaketa 1983. urtean jasandako sute baten ondorioz izan zen.

Horrez gain, uhartearen kokapen estrategikoak Gaztelugatxe defentsa erremitan bihurtu zuen iraganean. Bizkaiko Jauntxoaren defentsarako gakoa izan zen, Gaztelako Alfonso XI. erasoei eusteko XIV mendean.

1596an Francis Drake heldu zen Gaztelugatxera, eta den-dena lapurtzeaz gain, bertan bizi zen ermitaua irlaren puntu gorenetik itsasora bota zuten. Horrez gain, Guda Zibilean Matxitxako Lurmuturreko Bataila egin zen.

1963an Begoñako Amabirjinaren irudia ondoratu zen Gaztelugatxetik gertu, eta harrezgeroztik lore-ofrenda ugari egiten zaizkio.

Ibilbideak

Gaztelugatxe bisitatu nahi baduzu ibiltzeko prest egon behar zara: ez dago rampa mekanikorik ezta igogailurik ere, baina, azken batean, hori ere benetan gozatuko duzun esperientziaren parte izango da, eta zaude ziur ez zarela damutuko. Ibilbideak ordu eta laurden irauten du gutxi gorabeherea, eta hiru kilometroetan zehar. Denbora asko dirudi kilometro gutxirako, baina egia esateko, jaitsi eta igo beharreko maldak altuera handia dauka.

Game of Thrones telesail famatuak nazioarteko arrakasta ekarri dio Gaztelugatxeri

Gaur egun ezin daiteke autoarekin zubiraino jaitsi. Hots, Bakio eta Bermeo arteko errepidearen ertzean dagoen debaldeko aparkalekuan utz dezakezu, baina batzuetan ez dago tokirik.

Ibilbide bi daude Gaztelugatxera heltzeko: bata, oso maldatsua eta arina. Oinetako erosoekin egin daitekena. Ibilbide hau Eneperi jatetxe paretik hasten da, eta pista bat jarraituz Gaztelugatxeko zubiraino helduko zara. Bestea, luzeagoa da, baina ez hain maldatsua. Autorik gabeko pista batetik zehar egiten da eta jaitsi eta ondoren igo beharreko aldapa ez da hain gogorra.

Bertako fauna eta flora babestearren, Gaztelugatxe Biotopo Babestua izendatu zuten 1998an eta Zonalde Babestua 2013an. Hori dela eta, ez ahaztu paradisu honetan inolako zaborrik ez botatzeaz. Hondakinik izatekotan, gorde edukiontzia topatu arte.

Nola heldu

Bermeoko baseliza izan arren, Gaztelugatxe Bakiotik gertuago dago. Bertara heltzeko garraio publiko zein pribatua beharko duzu.
 

  • Autobusa

    Bizkaibusek A3517 eskaintzen du Bermeora. Geltoki bat dago Gaztelugatxe parean.

  • Autoa

    Bilbotik 45 minutura dago Gaztelugatxe. Aukera gomendagarriena BI-631 errepidea jarraitzea da, Loiuko aireporturako norabidean. Aireportua atzean utzita, Mungiarantz jo, eta herrira sartu beharrean BI-2101 errepidea aukeratu, Bakiorantz. Bakio erditik zeharkatu ostean Gaztelugatxe ikusiko duzu ezkerraldeko lehiatilatik.

Gastronomia

Non jan

Gaztelugatxeko ibilbideak gosea emango dio bati baino gehiagori. Horregatik, Gaztelugatxen bertan ospe handiko jatetxea dago. Horrez gain, Bakio, Bermeo eta Mundakan badira eskaintza zabalagodun jatetxe gehiago, tokian tokiko menudunak. Marmitakoa gomendatzen dizugu, hegaluze eta patatadun gisatua, kipula, piper eta tomateduna. Badira bestelako aukerak: txipiroiak, legatza koxkera erara (bertako platera, arraultza, zainzuriak, ilarak eta almejaduna). Bazkaria bertako txakolinarekin lagun dezakezu.

Ostatua

Non lo egin

Bakio, Bermeo eta Mundakan askotariko ostatu eskaintzak izango dituzu: nekazal turismoa, ostatuak, hotelak, pentsioak.. etab. Naturarekin harremanetan egoteko esperientzia bizi nahi izatekotan, zonaldeko kanpingen bat aukeratzea gomendatzen dizugu, itsasoaren soinua entzuteko gaualdean.

Erabakia edozein delarik, gogoratu ostatuaren eskuragarritasuna aldez aurretik ziurtatzeaz, urteko sasoiaren arabera aldatzen den faktorea delako.

  • Udan, oporrak direla eta, turistaz betetzen da Gaztelugatxe, eta tenperatura altuek ez dizute inolako mesederik egingo. Ahal izatekotan, aukeratu eguneko lehen edo azken orduak fresko ibili ahal izateko.

    • Ordutegia

      Baseliza ondoan informazio guneko ordutegia 10:00etatik 14:00ak arte eta 15:00etatik 18:00ak artekoa da (uztaila eta abuztuan)

      Urte osoan zehar irekita dago.

    • Kokapena

      Bermeo

  • 241 eskailerak arazorik gabe igo nahi badituzu, arropa eta oinetako egokiak jantsi beharko dituzu. Horrez gain, ur botila eramatea oso garrantzitsua da, batez ere ibilbide urtaro epelean egiten baduzu.

    Egun eguskitsuetan krema jartzea oso garrantzitsua da. Mugikortasun gabezia edo osasun problemak izatekotan, ez dizugu gomendatzen ibilbidea egitea, ez eta umeentzako aulkitxoa badaramazu.

    Jatetxea atzean uzten dugularik ez duzu inolako zerbitzurik topatuko autora bueltatu arte. Beraz, eraman zorroan benetan garrantzitsuak diren gauza horiek.

  • Urtean zehar zenbait jai daude, eta horien barruan baselizara bisita antolatzen da. San Juan gauan erromeria antolatzen da, oso berezia Bermeokoentzat. Uztailaren 31n Loiolako San Inazioak dira, eta erromeria antolatzen da Arrietan. Abuztuaren 29an San Juan ‘Degollado’ko jaiak ospatzen dira Bakion, eta bertan erromeriak antolatzen dira ere.