angle-left Abentura zaleen 'jolas-parkea'

Maldan gora, urpean nahiz hegan eginez, ez zara batere aspertuko Bizkaian. Turismo aktiboaz gozatzeko hamaika ekintza eta gune dituzu zain, dela kostaldean dela barnealdean. Surfa, piraguismoa, trekkinga, eskiatzea, globoz hegaldia… Eskaintza zabala eta kitzikagarria da. Ongi etorri abentura zaleen paradisura!

Urdaibaiko paradisu naturalean kokatuta, ekintza zentro hau irekita dago martxo amaieratik iraila bitartean. Besteak beste, arku-tiroa, xendazaletasuna, itsas-kayaka, multiabentura jarduera multzoa, kanoa jaitsiera nahiz zeharkaldia edota surfa eskuragarri daude. Azken honi buruz, surflari andana topatuko duzu Mundakan, Bakion edota Sopelan.

Aukera hauek guztiak Lekeition ere egin ditzakezu. Gainera, kayak eta piraguismo ikastaroak ezezik, trekking nobedadea ere eskaintzen dute: kostaldean zehar, hainbat oztopo gainditu beharko dituzu, dela horma malkartsuetan gora eginez, dela itsasoari salto edo igeri eginez, kasu.

Gorlizen, berebat, aipatutako ur-kirolak ere egin ditzakezu bere hondartza luze eta zoragarrian, baita snorkel urpekaritza modalitatea eta ‘outdoor-training’ deritzon entrenamendua, ingurugiro osasuntsu eta iradokitzailean. 

Bizkaiko barnealdean ere baduzu non hautatu. Urkiolako Parke Naturalean, adibidez, mendizaletasunaz eta xendazaletasunaz gain, mendiko alde batzuetan eskalada edota espeleologia egiteko aukera ere badago. Neguan, eski-gune ‘ofizialik’ ez duen arren, abenturazale asko eskiatzera animatzen dira.

Karrantza aldean, Karpin Fauna 20 hektareako etxaldea daukazu, bertako haranaren bista ikaragarria duzula. 55 animalia espezie baino gehiago hartzen dituen aterpe paregabea da. Basoan barrena, ibilbide oroigarriaz disfrutatuko duzu, edertasun bereziko ingurune naturala lagun. Bi alde bereizten dira: garai jurasikoari eskainitakoa eta dinosauroak desagertu ostekoa.

Nola heldu

Bai Karpin Fauna, bai Urdaibai ekintza zentroa nahiko eskuragarri daude, garraio publikoaz nahiz autoz hel zaitezkeela. Autobusez edota trenez bazatoz, gogora ezazu ordutegiak eta maiztasuna aldez aurretik begiratzeaz.
 

  • Trena

    Bilbao-Abandon Zallara doan trena hartu (2 ordu inguruko bidaia). Horren ostean, Lusa-El Callejo ibilbidea egiten duen autobusa hartu (A0652), 40 minutu ingurukoa. El Callejo geltokitik ordu erdiko bidaia daukazu oinez, Karpin abentura gunera heldu arte.

  • Autobusa

    Garraio publikoaz ere hel zaitezke ekintza zentrora, Bizkaibus A3526 (Gernika-Ibarrangelu) ibilbidea hartuta. Laidako kanpinean dauka geralekua.

  • Autoa

    Karpin Fauna: Bilbotik, ordu beteko auto-bidaia da. A-8 autobidea hartuta, Colindres-Burgos irteera hartu ezazu eta ostean N-629 errepidea. Karpin Fauna guneak doako aparkalekua dauka, 350 lekuekin autoentzat eta 5 tokiekin autobusentzat.

  • Mendi nahiz ur-kirolak egin ondoren, Bizkaia goitik begiratzeko aukera paregabea izango duzu, globoz hegan egin baitezakezu, Aiarako Harana eta Nerbioiko ur jauzia zure oinpean dituzula. Edozein dela zure plana, Aktiba turismo aktibo elkarteko webgunea bisitatzea aholkatzen dizugu, enpresa nahiz jardueren gida kontsultatu dezakezu eta.

    Karpin Fauna 
    Biañez auzoa, 37. 48890 Karrantza, Bizkaia.
    Telefonoa: 946 10 70 66
    E-posta: karpinabentura@karpinabentura.com
    Ezagutu itzazu animaliak.

    UR Urdaibai
    Arketa auzoa, z/g. 48311 Ibarrangelu, Bizkaia.
    Telefonoa: 946 276 661
    E-posta: info@urdaibai.com
    Urdaibaiko ekintzak ezagutu itzazu.

    • Ordutegia

      Karpin Fauna 
      Uda
      Uztailak 1 - Irailak 15 (egunero, 11:00-19:00)

      Gabonetan
      Eskola oporrekin bat egiten du (11:00-17:00). Abenduak 24, 25 eta 31 / Urtarrilak 1 eta 6, itxita.

      Aste Santua
      Irekita egunero, eskola oporrekin bat egiten du. Ordutegiak kontsulta itzazu.
      Gainontzeko datak: Asteburuetan eta jaiegunetan publiko orokorrari irekita. Irailaren 16tik urriaren 16ra (11:00-19:00) / Urriaren 17tik martxoaren 31ra arte (11:00-17:00). Apirilaren 1tik ekainaren 30era (11:00-19:00). Lanegunetan, taldeentzako bisitak, 15:00ak arte.

      Urdaibai
      Bulegoa: Urte osoan zehar
      Ekintza zentroa: Martxoaren 29tik - Irailaren 30era

    • Prezioa

      Karpin Fauna 

      Bakarkakoak
      2-3 urte bitartekoak: doan
      4-14 urte bitartekoak: 6 euro
      15 urte gorakoak: 10 euro
      Jubilatuak: 7 euro

      Taldeak (12 lagunetik gorakoak)
      2-3 urte bitartekoak: 3,5 euro
      4-14 urte bitartekoak: 4,5 euro
      15 urtetik gorakoak: 7 euro
      Jubilatuak: 5 euro

    • Kokapena

      Karrantza (Enkarterriak)
      Urdaibai (Busturialdea)

  • Abentura-kirol eta ekintzak arriskutsuak izan daitezke. Hortaz, segurtasun-neurri guztiak hartzea komeni da. Bizkaiko turismo aktibo zentroetan eskarmentu handiko monitoreek zein teknikariek egiten dute lan. Beren argibide eta azalpenak jarraitu itzazu, esperientzia guztiz pozgarria bizitzearren. Jakina, ekintza eta urteko sasoi bakoitzera egokitutako janzkera eraman ezazu, eroso egon zaitezen uneoro. Kirol jakin baterako ekipamendua ez baduzu, ez zaitez kezkatu: zentroetan alokatu dezakezu behar duzun material guztia.