angle-left Hondartzak Metro batera

Areeta, Ereaga, Arrigunaga eta Gorrondatxe-Aizkorri (Getxon); Barinatxe-La Salvaje eta Arrietara-Atxabiribil (Sopelan), hala nola Plentzia eta Gorlizko hondartzak Bilbotik oso hurbil dituzu. Eguzkitan patxadatsu egon, itsas-ertzetik paseatu edota kirola egiteko aukera paregabea izango duzu, Kantauri itsasoko haizea lagun.

Lehendabiziko hondartza Bilbotik 13 kilometrotara duzu, Getxon. Areeta (izen bereko metro geltokia duena) Txurruka kaia ondoan dago, Bizkaia Zubitik gertu. Inguruetan betiko itsas-elkartea aurkituko duzu, baita taberna eta jatetxe ugari ere. Windsurfa, bela nahiz piraguismoa egiteko parada izango duzu hemen.

Algortako Portu Zaharra eta Arriluzeko kai-muturraren artean, Ereagako hondartza daukazu (Neguri metro geltokia), luxuzko etxe eta jauregiez inguratuta. Bere 882 metro luzerako hare xehean, hondartza-futbolean edota boleibolean jokatu dezakezu. Itsasoa bare den egunetan, urpean igeri egiteko aukera ere izango duzu. Sagailoa bada, surfean arituta egun pasa ederraz disfrutatuko duzu ere bai.

Getxoko Bidezabal geltokitik gertu, Arrigunaga hondartza dago, surf eta ur-kirolen zaleentzat ideala. Galea itsaslabarra pean kokatuta dago, Aixerrotara begira. Hirigunetik aldenduta, Berangotik hurbil, Gorrondatxe-Aizkorri hondartza daukagu. Sumendi-jatorrizko hare iluna, ur garbiak eta uhin itzelak ezaugarri ditu. Nudismo-hondartza dugu hau, itsaslabar eta hondar muino ederrez inguratuta. Bizkaibus autobus zerbitzuaz ere hel zaitezke paradisu natural honetara.

Sopela eta Getxo artean Barinatxe hondartza kokatzen da (Larrabasterra metro geltokia), La Salvajetzat ere ezaguna, bere uhinaldi indartsuari zor diola ezizena. Itsaslabarrez ere inguratuta eta Aizkorri bezalaxe izaera naturistakoa, haize bortitzak bereziki aproposa egiten du surfa eta parapentea egiteko. Uda sasoian, bada autobus zerbitzu bat Sopela herrigunea hondartzarekin lotzen duena.

Ibilbideak

Getxoz gain, Sopelan, Plentzian eta Gorlizen hainbat hondartza dituzu, Bilboko metroa hartuta erraz iritsi zaitezkela

Getxoz gain, Sopelan, Plentzian eta Gorlizen hainbat hondartza dituzu, Bilboko metroa hartuta erraz iritsi zaitezkela

Getxotik apur bat aldenduz, Sopela, Plentzia eta Gorlizen ere hainbat hondartza eder eskura dituzu, Bilboko garraio publikoa erabiliz. Plentziako hondartza, esaterako, metroaren bitartez hel zaitezkeen Bizkaiko azkena da, Bizkaibusek ere hurbilduko bazaituzte ere.

Aipatutako La Salvaje hondartzarekin batera, Arrietara-Atxabiribil ere badaukazu. Bere 826 metroko luzerarekin Bizkaiko hareatzik luzeena eta aldakorrena dugu. Hona ailegatzeko, Larrabasterra metro geltokian jaitsi behar zara. Metroa ezezik, udan bada autobus zerbitzu bat herrigunea eta kosta lotzen dituena.

Plentziako hondartza, hots, Bizkaian bisita gehien jasotzen dituena, badia zoragarri batean lekutzen da, herrigunetik oso gertu. Badiatik paseatzea erabat gomendagarria da, Gorlizko hondartzara heldu arte. Biak ala biak oso egokiak dira bainatzeko baita ur-kirolak egiteko (surfa, bodyboarda, piraguismoa eta abar). Hondartza hauetara metroz hel zaitezke, Plentziako geltokian jaitsiz. Bizkaibus autobus-zerbitzua hartuta ere eskuragarri da.

Nola heldu

Proposatutako zortzi hondartzak metroz nahiz Bizkaibus autobusez eskura-erraz daude. Edonola ere, autoz ere joan zaitezke, ordutegiari begira ez egotearren, kasu.
 

  • Metroa

    1 Ibilbideak (L1) Bilbo eta Areeta, Ereaga (Neguri) eta Arrigunaga (Bidezabal) hondartzak lotzen ditu Getxon; Barinatxe-La Salvaje eta Arrietara-Atxabiribil (Larrabasterra) Sopela aldean baita Plentzia eta Gorlizekoak ere (Plentziako geltokia). Metro geltokitik hareatzetara heldu arte paseotxo bat duzu.

  • Autobusa

    Badira hainbat autobus-zerbitzuak Bilbotik kostaldera, batez ere uda partean. Ordutegiak eta maiztasuna Bizkaibuseko webgunean kontsultatu ditzakezu.

  • Autoa

    Bilbotik abiatuz, Getxorako bidean (15 bat minutuko bidaia da), N-637 errepidea hartu behar duzu, BI-637 bihurtuko dena ondoren. Sopelara heltzeko (20 minutu inguru), BI-637 hartu (alegia, Getxora joateko errepide bera), eta gero jarraitu ezazu BI-634-tik, hondartzetara heldu arte. Plentzia eta Gorliz bisitatzeko (30 minutu edo), aldiz, BI-3154 errepidetik Plentziako badiara helduko zara.

Gastronomia

Non jan

Getxoko hondartzetatik hurbil bazkaltzea nahi baduzu, Algortako Portu Zaharra proposamen paregabea da. Itsas-bazter berezi hau Bilbotik ordu erdiko metro-distantziara dago (Algorta geltokia). Kresal usainak eta bere kale estuetako etxetxo zuriek antzineko garaietara eramango zaituzte.

Portu Zaharrean barrena, betiko tabernek diraute. Arrantza-portua izaki, bertako jatetxeetako itsas-arraina eta itsaski freskoa dastatzea aholkatzen dizugu, Abra badiaren ikuspegi panoramiko liluragarria aurrean duzula. Pintxo-poteo ibilbide gogoangarria ere egin dezakezu, bertoko kuadrillen bizimoduarekin bat eginez.

Ostatua

Non lo egin

Kostaldea Bilbotik oso gertu dagoenez, Bilbon bertan hartu dezakezu ostatu, edota hondartzen inguruan. Getxoko eskaintza luxuzko hoteletatik neurrizko prezioan dauden ostatuetara doa.

Lasaitasuna lehenesten baduzu, Sopela eta Plentzia aukera egokiak dira, bertako landetxetan patxada osoz hartuko baituzu atseden. Gogora ezazu, baina, erreserba egiteaz aldez aurretik, interes turistiko handiko tokiak baitira guztiak, batez ere uda partean.