angle-left Gure paradisu naturalak, zuretzat.

Bizkaian lur hartzen duten bisitari askok Bilbo ezagutzera datoz, eta gure hiriburua kultura, tradizioa, arkitektura, gastronomia eta garapenaren adibide ezinhobea bada ere, inguratzen gaituen naturak berezi egiten gaituen beste ezaugarri funtsezkoa da ere.

Urdaibaiko bezalako leku gutxi daude munduan. Biosfera erreserba babestu honetan itsasoak, mendiek eta ibaiek bat egiten dute, naturako leku miresgarriak eskainiz: Gaztelugatxe eta Izaro irla, Mundakako olatua, Omako Baso Margotua, Ereñozarreko San Migel baseliza… leku hauen nolakotasunaz gain, bertara hurbiltzen den bisitariari askotariko jarduerak eskainiko dizkio Urdaibaik. Barnealdean ostera, Agustin Ibarrolaren Baso margotu magikoa eta inguruetako Santimamiñeko kobazuloak aurkituko dituzu, historiaurrera bueltatzeko aukera izanik.

Gorbeiak artzainen bizitzara hurbilduko zaitu. Bertako artzain batzuek milurteko ogibide honetaz nekez bizi dira gaur, eta euren txakur eta latxa motako artaldeekin mendian zehar ikustea ikuskizun zoragarria izango duzu. Ardi hauek Idiazabal gazta sortzen dute, gure gastronomiako produktu erakusgarrienetarikoa. Gorbeiara hurbilduz gero, gure mendi garrantzitsuena igotzea gomendatzen dizugu, gailurreko gurutzetik Bizkaiko hainbat begiztatuko dituzu-eta.

Urkiola usadio eta mitologiaren gotorlekua duzu. Euskal Herriko lamia famatuena, Mari, Anboto mendiko kobazuloetan bizi da, eta zonalde horren inguruetan Urkiolako Antonio Abad eta Paduaren Santutegia topatuko duzu. Tenplu hau, eta parke natural osoa, naturaz inguraturiko paradisua duzu. Bertan, ibilbide ugari aurkituko dituzu, Urkiolamendi edota Saibigainekoak esanguratsuenetarikoak izanik.

Armañoneko parke naturalak 200 kobazulo baino gehiago ezkutatzen ditu lur azpian, horietako famatuena Pozalaguakoa izanik. Nahigabe deskubritutako kobazulo harrigarri hauez gain, Sopeñako artadi xelebrea dugu, zeinean mediterraneoko klima epela sortu dute Kantauri aldeko zuhaitz hauek, ezohiko fenomenoa, gero!

Ibilbideak

Ibilbide guztiak aipatzea ezinezkoa da, baina kontuan izan artikulu honetan aipatutako lekuak parke naturalen ingurukoak direla. Urdaibaiko kasuan, xendazaletasuna, txirrindulaz eta oinez egiteko hamaika ibilbide topatuko dituzu bai kostaldean, bai barnealdean. Ibilbide gehienak nahiko lauak dira, batez ere kostaldekoak eta Baso Margotuan egin daitezkeenak.

Parke natural bakoitzak berezitasun propioak eskainiko dizkizo, bai kostaldean, bai barnealdean

Barnealdeak ibilbide maldartsu eta berdeagoak eskainiko dizkizu. Gorbeia parke naturaleko ibilbide famatuena Areatzako Pagomakurretik Gorbeiako gailurrera doan egun erdiko ibilbidea duzu.

Igoera honek behiez eta ardiez beteriko belardietatik, baso zarbatzuetatik eta arkaitzez beteriko larretatik eramango zaitu Bizkaiko zabaiko gurutzera arte (1.482 metro). Bizkaira bazatoz derrigorrez igo beharreko mendia duzu honako hau.

Urkiolak kontrastez beteriko natura eskainiko dizu mitologiaz beteriko inguru magiko batean. Bertara hurbilduz gero, turismo bulegora joatea gomendatzen dizugu, parkean zehar egin daitezken ibilbide guztiak ezagutu ahal izateko eta inguruko mapak eskuratzeko. Ibilbide famatuenak Saibigain eta Urkiolamendira doazenak dira. Saibigainekoak joan etorriko ibilbidetxo laburtxoa eskainiko dizu harrizko gurutzera arte. Urkiolamendikoa egiteko denbora gehiago behar izango duzu, eta ibilbide mota zirkularra da.

Nola heldu

Gastronomia

Non jan

Kostaldeko esentzia gastronomikoa Urdaibai biosferako edozein herritan topatu ahalko duzu lehen eskutik. Zonaldeko jatetxe eta tabernek barrak eta sukaldeak itsasoko produktuez beterik dituzte, marmitakoa, txipiak, bakailaoa, sardinak, antxoak… bertakoen produktu gutiziatuenak izanik. Horiez gain, Urdaibain oso famatuak dira Gernikako piperrak, gatz puntuan.

Barnealdeko jatetxeetako sukaldeetan bestelako produktuak topatuko dituzu, mendiko bizimodura egokituagoak. Gauzak horrela, Indaba gorriak, Porrusalda eta Pistoa gure baserritarrek tentu handiz landutako ortuetako obrak dituzu, indabak eta porrusalda neguko protagonistak eta pistoa udako plater nagusia izanik. Eusko Labeleko barazki zein okelek kalitate altuko platerak eskainiko dizkizute.

  • Bizkaiko alde basatia ezagutzeko aukera paregabea eskainiko dizute gure parke naturalek. Urdaibai, Gorbeia eta Urkiola toki oso bereziak dira, bakoitza bere berezitasun propioekin. Oso garrantzitsua da hurbilduko zaren parke naturaleko turismo bulegoa bisitatzea edozein aukeraketa egin baino lehen, bertako langileek ondo baino hobeto argituko dizutelako parke natural bakoitzeko nondik norako guztiak.

    Gorbeiako interpretazio-zentroa (Areatza):
    Gudarien Plaza 1, Areatza. Bizkaia
    Telefonoa: 946 739 279 / E-posta

    Toki Alai, Urkiolako interpretazio-zentroa
    Urkiola auzoa, 8. 48211 Abadiño, Bizkaia.
    Telefonoa: 946 814 155 / E-posta

    Armañón eta Ordunte mendietako interpretazio-zentroa
    Ranero auzoa (Pozalagua kobazuloetatik gertu)
    Telefonoa: 946 560 079 / E-posta

    • Ordutegia

      Gorbeiako interpretazio-zentroa (Areatza)
      10.00etatik 14.00ak arte eta 16.00etatik 18.00ak arte

      Toki Alai, Urkiolako interpretazio-zentroa
      Azarotik martxorako ordutegia: 10:30etatik 14:30era eta 15:30etatik 17:30era
      Apirilatik urrirako ordutegia: 10:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik - 18:00ak arte

      Armañón eta Ordunte mendietako interpretazio-zentroa
      Asteartetik igandera eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00ak arte eta 16.00etatik 18:00ak arte

    • Kokapena

      Urdaibaiko Biosfera, Busturialdea.
      Armañon, Gorbeia eta Urkiolako Parke Naturalak.

  • Hiru parke natural zoragarri dituzu Urdaibai, Gorbeia eta Urkiola. Oso garrantzitsua da bertara hurbiltzen bazara trekkinga praktikatzeko oinetakoak edo mendiko botak eramatea (ibilbidearen zailtasunaren arabera). Urtaroaren arabera, eramango duzun arropa erabakitzeko orduan kontuan izan udan eguzkiak gogor jotzen duela eguraldi ona egiten duenean. Neguan, aitzitik, hotz handia egiten du eta berokia zein txubaskeroa eramatea erruz gomendatzen dizugu.