angle-left Gure xarma, gure kasa

Gure tradiziorik errotuenei eusten diegu; agerian jartzen dute Bizkaia osoan ditugun euskal dantzen taldeek, euskararen aberastasunaz baliatzen diren bertsolari trebeek, hala nola gure paisaiek barne hartzen duten kondairen magiak.

Euskal folklorearen xarmak gurean dirau oraindik ere. Bizkaian dantza-talde ugari ditugu, belaunaldiz belaunaldi tradizioari eusten diotenak. Besteak beste, ospe handikoak dira Lekeitioko Kaxarranka eta Durangaldeko Dantzari dantzak. Ezpatadantzari Eguna ospatzen dutenean Durangaldean, taldeek Dantzari-dantza osatzen duten bederatzi saioak dantzatu behar dituzte, hau da: Agintariena, Zortzinago, Ezpata txikiak, Banango, Binango, Launango, Ezpata joko nagusia, Makil jokoa eta Txotxongiloa. Aurreskuak emango dio amaiera; ekitaldi ospetsuetan ohikoa dena, hain zuzen.

Euskara gure hizkuntza kuttuna da. Bizkaian hainbat euskalki darabilgu: Txorierri aldekoa, Durangaldekoa, Uribe Kostakoa… Tokian tokiko euskarak hizkuntza aberasten du uneoro. Elea lehengai nagusitzat hartuta, bat-bateko poesia ederra sortzen dugu bertsolaritza bide. Xabier Amuriza bertsolari iaioak honelaxe definitu du bertsoa: “Neurriz eta errimaz/Kantatzea hitza”. Doinuaz eta errimaz baliatuta, bertsolariaren kritika sozialerako joera, umore kutsua eta batik bat buru-zalutasuna estimatzen ditu zale andanak. Bertsolaritzaren sorrera XIX. mende hasieran lekutzen bada ere, zenbaitek uste dute historiaurreko ahozkotasunean duela jatorria.

Bizkaian barrena zain dituzun hamaika mendi, haran eta kobazuloak ez dira naturaren eta historiaren lekuko bakarrik. Euskal mitologiaren eszenatoki zoragarriak ere badira. Joxemiel Barandiaran antropologo entzutetsuak abiatutako ikerketa sakonari esker, gure izaera ere taxutzen duten pertsonaia mitologikoek eta kondairek bizirik diraute. Anbotoko Mari lamia dugu ama jainkosarik mirestuena, babesa eta justizia ezartzeaz arduratzen dena, alegia. Bestetik, Dimako gentilak ere aipagarriak dira. Kristautasuna medio, neurrigabeko indarra zuten izaki magiko guztiak lurperatu zituzten. Bat izan ezik: Olentzero, Gabonetako pertsonaiarik gogokoena.

Nola heldu