angle-left Marijaiaren xarmari gorazarre

Marijaiari eta honek dakarren parrandari ongi etorria eman ohi diogu Arriaga plazan. Aste luze eta ‘lanpetu’ samar baten ostean, agur esaten diogu pertsonaia enblematiko honi bere erreketarekin, Bilboko Itsasadarrean leku duena, Udaletxe aurrean.

Gure jairik adierazgarriena Arriaga Antzokian egiten den txupinazoarekin hasten da. Bertako balkoian biltzen dira pregoilaria, txupinera, Bilboko Udalaren jai-zinegotziak eta Marijaia bera. Jende andana bildu ohi da Areatza plaza inguruan, parrandaren zain. 

Aste Nagusia izaera irekiko jaiak dira, hots, aurreiritziak ez daude festara gonbidatuta eta konpartsak bide, herritar eta bisitari guztiek parte hartzen dute beren programa zabalean. Ekintza kitzikagarri batzuk aipatzearren; piragua zeharkaldia, bokata-lehiaketa, hiri krosa edota Bilbo Kantari txapelketa irrigarria daude, non parte hartzeko baldintza bakarra lotsa etxean uztea den.

Kontzertu mordoa -gehienak doan- ere ezaugarri du Aste Nagusiak. Abandoibarran (Guggenheim Museoko zabaldegian), Alde Zaharrean, Europa parkean, Kafe Antzokian eta, jakina, txosnetan ere, estilo askotariko proposamenak aurkituko dituzu. Era berean, antzerki programazioa nabarmentzekoa da: Arriaga eta Campos antzokiak nahiz Euskalduna Jauregia erreferente dituzu arlo honetan.

Zirku-ikuskizunak gustuko badituzu, Etxebarria parkean zirkua eta feriako txosnak ditugu. Bertan su-artifizialen ‘egoitza’ ere bada, jaiari giro magikoa eransten dizkiotena gauero. Arriaga plaza, Uribitarte pasealekua nahiz Kobetamendi begiratoki aproposak dira ere bai.

Askatasunaren konpartsa

1978. urtean sortu zenetik, Pinpilinpauxa konpartsak askatasun sexuala libreki adieraztearen alde egin du. Horren adibide garbia dira bere txosnan antolatzen dituzten parranda eta ikuskizun ugari

Jakin badakigu konpartsak direla Bilboko Aste Nagusiaren protagonista nagusienetakoak. Guztira, 30 bat talde dira, hiriko auzo edota elkarte anitzetik abiatuz konpartsa gisa eratu zirenak. Esan bezala, bakoitzak bere izaera, txosna eta ekintza-programazioa ditu, festa guztiz partaidea eta plurala ahalbidetuz, hain zuzen. Izan ere, 2018ko Aste Nagusiaren nobedade bat da konpartsek zeinu-hizkuntza ikasiko dutela.

Konpartsa bakoitzak bere logotipoa dauka, Pinpilinpauxarena tximeleta horia (eta erretzailea) dela. Txanpaina ere ikur nagusitzat izan dute urteetan. Aste Nagusiaren lehendabiziko ediziotik dabil jaia xarmangarritasunaz janzten, hots, 1978. urtetik gaur arte.

Txosna-gunean barrena zaudela, erraz asmatuko duzu zein den Pinpilinpauxaren txokoa. Jai-giroa sekulakoa da; algara nagusi da eta musikaz gain, transformismo eta bestelako ikuskizunak nabarmentzen dira. Txirenitas, Felliniak eta beste pertsonaia ospetsuak ohikoak dira txosna honetan. Esan gabe doa: prestatu zaitez purpurinaz blai bukatzeko!

Nola heldu

Aste Nagusia Bilbo osoan zehar hedatzen bada ere, Alde Zaharrean eta Zabalgune inguruan metatzen dira jai-gune nagusienak. Kontuan hartu hiria jendez gainezka dagoela aste horretan, beraz, kotxea aparkatzea gomendatzen dizugu. Horren ordez, hobe duzu oinez edo garraio publikoaz mugitzea. Metroz, tranbiaz nahi autobusez ibil zaitezke erraz. Gainera, zerbitzu bereziak aurreikusten dituzte, gaupasa lasai hartu ahal izateko asmoz.

Gastronomia

Non jan

Bilbok ezaugarri ditu bere betiko taberna eta jatetxeak, non pintxoz gainezka dauden barrek erakarriko zaituzten ziur. Berebat, gastronomia garaikideko egoitza adierazgarriak ere baditugu. Beraz, sibarita bazara eta plater berritzaileak dastatzeko asmoa baduzu, gure Michelin izardun jatetxeen menuek liluratuko zaituzte ezbairik gabe.

Edonola ere, Aste Nagusia bere osotasunean bizitzearren, gastronomia-txapelketa nahiz azoketara hurbiltzea iradokitzen dizugu, ez zara damutuko eta. Esaterako, Bilboko Konpartsak federazioak antolatzen duen Arrain Fish Festival bereziki aipagarria da: txipiroiak, bakailaoa, marmitakoa, hala nola parrillan erretako hegaluzearen banaketa herrikoia zain dituzu. Beraz, inoiz baino gehiago, esan dezagun ozen: Gora Marijaia!

Ostatua

Non lo egin

Hiriguneko ostatu-eskaintza zabala da eta poltsiko guztietara egokitzen da. Dela izardun hotel dotore batean lo egin nahi duzula, dela ‘motxilero’ gisa zatozela eta aterpetxe edo hostel moderno batean ostatu hartu gura duzula, zure gustuko aukera topatuko duzula ziurtatu dezakegu. Halere, eskari altuko garaia denez, gomendatzen dizugu denborarekin egitea zure erreserba, azken orduko ezustekoak ekiditzearren.