angle-left Gabonak 2018-19

Bilbok “Gabonetako hiria” estreinatu du aurten, Arriagako eta Udaletxeko zubien artean kokatuz hiriburuan eskaintzen diren ekintza nagusiak: izotz gaineko patinaje pista, merkatuak eta haurrentzako tailerrak, besteak beste.

Kolore berezia du Bizkaiak Gabon garaian. Arratsaldeko bostak aldera, iluntzen duenean, Eguberrietako argiek hiri guztiak magiaz estaltzen dituzte. Poztasuna giroan nabari da: umeak kaletik jolasean opor garaian, gaztaina erreen usaina, familiak bilduta, Gabon kanten doinuak...

Aurten gainera, Bilbok programa bereziari eman dio hasiera: Gabonetako hiria. Pasa den astean argiak piztu zirenetik, asmo handiko egitaraua jorratzen joango da urtarrilaren 6ra bitartean. Horrela, hiriko ekimen nagusiak Arriagako eta Udaletxeko zubien artean garatuko dira, Nerbioi itsasertzen inguruan Gabonetako hiri moduko bat sortuz. Bertan, beste hainbat ekintzen artean, izotz gaineko patinaje pista, Gabonart Artisautza Azoka, San Tomas azoka, koruak, kaleko antzerkiak, kontzertuak eta haurrentzako tailerrak kokatzen joango dira.

Erosketak

Eguberrietan oso ohikoa da Bilboko dendak jendez beteta aurkitzea. Gabonetako otorduetarako jakiak erosteko errenkadak aurkitzen dira edonon. Erribera merkatuan jendetza biltzen da arraina eta itsaskiak eta erosteko. Bestalde, Alde Zaharreko dendetan aurkitzen dira ilararik handienak urdaiazpiko ondua eta turroiak erosteko. Hiru pralin ezberdinez betetako txokolatezko gure euskal turroi Sokonuskoa dastatzeko errenkada egiteak benetan merezi du!

Halaber, loteria erostea ere sustrai sakonak dituen tradizioa da. Urriaren erdialderako jende ilarak biltzen hasten dira loteria administrazioetan. Denek aurkitu nahi dute abenduaren 22ko eta urtarrilaren 5eko zozketetako zorioneko dezimoa. Bilboko loteria-administrazio ezagunenak Alde Zaharreko Azcarreta eta Indautxuko Ormaechea dira. Historikoki, horietan bietan banatu dira sari gehien.

Merkatuak

Bilboko Bailen kaleko Gabonetako merkatua. Urtarrilaren 7ra bitartean Alde Zaharreko Bailen kalean, Erribera merkatuaren ondoan, egurrezko 40 bat etxolaz osatutako merkatua egongo da. Bertan, artisautza produktu ezberdinak eta euskal jaki tradizionalak aurkitu ahal dira: Gabonetako irudi eta artile arropatik, euskal pastel eta ardi-gaztara.

Bilboko Gabonart Artisautza Azoka. Urtero legez, Gabonart Arriaga Antzokiaren aurrealdean kokatuko da abenduaren erdialdetik urtarrilaren 6ra arte. Estalita dagoen azoka da eta saltzen den guztia eskuz egindakoa da. Artisauak daude bertan ehun-gaiak, bitxiak, larrua, jostailuak eta egur eta zeramikazko piezak saltzen.

San Tomas azoka. Abenduaren 21ean Euskal Herri osoan ospatzen den merkaturik ezagunena da. Gogo handiz itxaroten dugu denok eguna, baserritarrak hirira jaisten baitira euskal jakiak saltzera. Baliteke, San Tomas Egunaren gauza esanguratsuenetako bat azokan bertan prestatzen diren txorizo edo odoloste taloak direla, hauek jateko edaten den sagardoa ahaztu barik. Horrez gain, kontzertuak eta baserriko animalien erakustaldiak ere badaude. San Tomas Egunaren inguruko informazio gehiago hemen aurki dezakezu.

Ikuskizunak

Gabon kantak doinu hauek igortzen duten epeltasun kutsuagatik bereizten dira. Hiriak animatu eta erosketak arintzen dituzte melodia leunekin. Denok gogoko ditugun doinuak dira. Euskal Herriko herri guztietan entzuten dira, eta Bilbon gainera, elizetan talde koralen kontzertuak daude. Aukera paregabea eskaintzen dute familia eta lagun artean Gabon kantak elkarrekin abesteko.

Orobat, jaiotzen erakusketak oso presente daude ere festa guztietan zehar. Tradizio luzekoa da gainera horien eraikitzea gure kulturan. Bilboko Jaiotzen Elkarteak jaiotza esposizio ezberdinak ditu hiriburuan. Ezagunenak Iturribide kaleko Museo de Pasosen, Erribera Merkatuan eta Itsas Museoan daude. Gomendatzekoa da horietatik pasatzea, tamaina eta tematika askotarikoak baitaute. Halaber, Gatikan, Balmasedan eta Bermeon egiten diren jaiotza bizidunak ikustekoak dira ere.

Haurrentzako eskaintza

Izenaduba basoa. Umeek irrikaz espero dute Olentzeroren etorrera. Horregatik, bere etxea bisitatzeko aukera dago Mungiako Izenaduba basoan. Euskal Herriko mitologiaren inguruko lehenengo interpretazio zentroa da, eta bertan Olentzeroren etxearen hiru solairuak bisitatzeaz gain, euskal istorio, kondaira eta elezahar ezberdinak ezagutu ahal dira bizia hartzen duten pertsonai mitologikoei entzunez.

Desfileak. Gabonak ez lirateke ezer Olentzero eta Errege Magoen kabalgaten faltan. Umeek ilusio biziz gozatzen dituzte. Bizkaiko desfilerik jendetsuenak Bilbokoak dira. Olentzero eta Mari Domingi, potoka eta antzararekin, abenduaren 23ko arratsaldeko seietan Moyua Plazatik irtetzen dira Arriaga Antzerkirako bidean. Errege Magoak eta Postari Errealak, urtarrilaren 5ean Moyuatik ordu berdinean ateratzen dira, baina hauek Udaletxean bukatzen dute ibilbidea.

UGP Umeen Gabon Parkea (PIN gazteleraz). Abenduaren 19tik urtarrilaren 5era Umeen Gabon Parkea Ansioko metroaren ondoan dagoen BEC-era bueltatuko da. Jakina denez, bertan ehunka ekintza daude: eskulan tailerrak, eskalada, e-jolasak, kotxe elektrikoak edo barrakak, besteak beste. Gainera, aldika ikuskizunak ere daude.

Bilboko izotz patinaje pista. Aurten patinaje pista La Casillatik Areatza Parkera eskualdatu da eta estreinakoz izotz ekologikoz egin da. Urtarrilaren 6ra bitartean egongo da erabilgarri, eta bai txikien bai nagusien aisialdirako 400 metroko pistaz gain, sei txirrista erraldoi ditu. Ez galdu ondo pasatzeko aukera!

Nola heldu

Bilboko Gabonetako hiria Alde Zaharrean kokatzen da. Garraio publiko bidez ailegatzea da zonalde horretara heltzeko modurik egokiena. Hurbilen dauden geltokiak hurrengoak dira: Arriaga, tranbian baldiz bazoaz, eta Zazpikaleak eta Abando trenean edo metroz joanez gero. Halaber, Bilbobus eta Bizkaibus geltokiak ere badaude. Kontuan eduki zenbait egun berezietan (desfileak daudenean, adib.) ordutegiak ez direla ohikoak izango, beraz, garraioen webguneak begiratu badaezpada.

Gastronomia

Non jan

Hain dira onak Bilboko jatetxeak, zein non jan erabakitzea ez ohi da lan erraza izaten. Ehunka aukera dituzu, eta jaki eskaintza handiarekin gainera: haragiak, arrainak, itsaskiak, barazkiak, janaria gozoa… San Tomas Eguneko azokara etortzea erabakiz gero, oso gomendagarria da Alde Zaharreko Areatza Parkean eta Plaza Berrian kokatzen diren salmahaietako txorizo edo odoloste taloak dastatzea.

Orobat, egunpasa zaudela pintxoak jatea nahiago baduzu Alde Zaharrean bikainak aurkituko dituzu: Unamunon, Plaza Berrian eta Someran, gehien bat. Bertan, patata-aurrautzopila, barrengorri eta gilda tradizionalez gain, pintxo sofistikatuak ere aurkitu daikezuz. Aldiz, jatetxean jatea nahiago baduzu, Txakur kaletik Santa Mariara doan ibilbidean jatea gomendatzen dizugu, prezio oneko kalitatezko menuak baitaude.

Ostatua

Non lo egin

Alde Zaharrean ostatu anitz daude, baina kontuan eduki arimadun zonaldea dela bai egunez bai gauez. Beraz, lasaitasunez lo egiteko gune baten bila bazabiltza, hobe Abandoibarran eta Zabalgunean kokatzen diren hotel, ostatu, B&B edo apartamenturen bat aukeratzea. Noski, gogoratu Gabonetan turista ugari daudela hirian eta aldez aurretik erreserbatzea beharrezkoa dela.

Deskontuak

BBCardek eskainitako deskontuak

Erosi