angle-left Mundaka, Bizkaiko surfaren bihotza

Europar askorentzat olaturik onena dena, Bizkaiko kostaldeko altxorrik preziatuenetakoa da; hau baita, apeu turistiko handienetarikoa munduan zehar. Herriak urtero poztasunez bisitari mordo bat erakartzen ditu. Hala ere, surfaz gain, gastronomia, paisaia ikusgarriak eta herritarren adeitasuna ere deigarria da bertara hurbiltzen direnentzat.

70eko hamarkadatik, bertako surflarientzat zein Euskal Herriko hondartzak ezagutu nahi dituztenentzat beharrezko geldialdia da. Surfaz gozatu eta Mundakako altxorrik preziatuena ezagutu nahi baduzu, ezinbesteko hitzordua da udazkeneko zein neguko urtaroetan. Leunagoak diren olatuak ere egon ohi dira, surfaz beste era batera disfrutatu nahi izanez gero. Betiere, garrantzitsua da kontuz ibiltzea eta itsasoko korronteak kontuan hartzea.

Mundakak maila altuko lehiaketak hartzen ditu urtero eta bederatzi aldiz izan da Mundu Zirkuituaren egoitza. Bere uretan murgildu diren pertsonaia ezagunenetako batzuk aipatzearren, Kelly Slater, 11 aldiz munduko surf txapelduna; Andy Iron, hiru biderrez munduko txapelduna; Dane Reynolds aktorea eta surf dokumentaletako parte hartzailea edota Aritz Aranburu, World Surf League 2015 edizioan lehenengoa Espainia mailan, besteak beste.

Surfak pisu handia badu ere, bertako giroak mundu mailako turistak zein euskal herritar asko erakartzen ditu. Portua da horren eragileetako bat. Uda garaian, haur, gazte zein helduak bildu ohi dira eguzkiaren berotasunaz eta itsasoaren kresalaz disfrutatzeko. Gazte ausartenek kai muturretatik uretara salto egiteko ohitura dute, gure kostaldeko bestelako herrietan egiten den bezalaxe. Bestalde, herriko bihotzean, Alde Zaharra aurki dezakezu; bertako kale estuak tabernez eta jatetxez josita daudela. Herritik apur bat aldenduta, berriz, Mundakako sekreturik preziatuena aurkitzen da: Santa Katalina baseliza, herriko beste ikonoetako bat, surfarekin batera. 

Uztailean etorriz gero, ezin duzu Mundaka Festibala galdu. Pop, rock edota indie musikaren jarraitzailea bazara, edota kontzertuak naturaren baitan entzuteko apeta baduzu, hauxe da zure jaialdia, dudarik gabe. Musikaz gain, gastronomia beste protagonista nagusia dugu. Bere eszenatoki paregabetik jada igaro dira Mando Diao, Ocean Colour Scene, Zea Mays edota Berri Txarrak, beste askoren artean. 

Nola heldu

Mundakara heltzeko trena zein autobusa har dezakezu. Hala ere, ordutegiak ondo begiratzea gomendatzen dizugu ez baitira maiztasun handiarekin pasatzen. Esaterako, Bilbotik -alegia, Bolueta auzotik-, Bermeo helmuga duen trena hartu eta Mundakako geltokian jaitsi zaitezke. 

Gastronomia

Non jan

Gosea asetzearren, herriko tabernetatik zehar pintxoz pintxo ibiltzea gomendatzen dizugu. Hauek Alde Zaharrean zein portuaren inguruetan aurki daitezke. 

Ostatua

Non lo egin

Herria oso handia ez bada ere, hainbat aukera daude ostatu hartzeko, dela aterpetxe, hotel, kanpin edota hostel batean.

Gainera, aipatutako jaialdira joanez gero, Mundaka Fest-ek bidaia agentzia batekin jartzen zaitu harremanetan eta bertatik kudeatu dezakezu hau guztia.