angle-left Kalean bertan, non hobeto?

Urteetan zehar Bizkaiko giroa eraldatzen joan da eta horrekin batera herrietako eta hirietako kaleetan egiten diren ekintzak ere. Honen adibide da Bilboko San Frantziskoko auzoa.

Bilbo Zaharrean kokatua, San Francisco kultura anitzeko auzoa dugu. Gaur egun, bertako nahiz inguruetako tabernek eta aire librean egiten diren merkatuek izugarri biziberritu dute auzunea. Horren adibide bikaina da Dos de Mayo deritzon merkatua, hileko lehen asteburuan egiten dena, hala nola Martzana Kaiako tabernek eskaintzen duten karta zabala.

Bilboko bihotzera hurbilduz, Alde Zaharreko Plaza Berrian bigarren eskuko merkatua aurkituko duzu. Igandero, hainbat merkatari eta bildumazale biltzen dira vintage arropak, etxeko tresnak, gisa askotako objektuak eta abar salerosteko. Gainera, edozein motatako kromoak elkarren artean trukatzeko aukera ere baduzu. Behin bisitatxoa eginda, egarria eta gosea arintzeko, plazako zein Alde Zaharreko kaleetan zehar edateko ezer eta hainbat motatako pintxoak dasta ditzakezu.

Bigarren eskuko merkatuak 

Alde Zaharreko kaleen xarma alde batera utzita, Areatzako Plazara hurbildu zaitezke, non Loreen Merkatuak leku duen igandero. Kolore, tamaina, mota eta prezio anitzak dituen azoka da.

Moyua aldera egingo dugu salto orain. Bestelako merkatua aurki dezakegu hemen, The Sunday Market. Merkatu hau hileko ostiral eta larunbat batean egiten da, eta aldi bakoitzean alor baten inguruan egiten da. Europako merkatuen estiloari eusten dio eta denetarik aurki daiteke bertan; jateko zerbaitetik liburuetara, hala nola loreak, diseinuzko gadget edo tramankuluak eta bestelako produktu bereziak. Ercilla Kaleko Moyua Eraikinean egiten da. Sarrerak 3 euroko kostua ohi du, baina batzuetan doako gonbidapenak ere eskuratu ditzakezu.

Zorrotzaurre auzoak, bestalde, eraldaketa nabarmena jaso du. Alde honetan ZAWP proiektuak du egoitza. Merkatuak antolatzeaz ezezik, jatekoa eta edatekoa eskaintzen duten terrazatxo modernoak daude. Gainera, tailerrak, erakusketak, umeentzako ekitaldiak, kontzertuak eta bestelako ekintza ugari egiten dira ZAWP-en.

Auzo honetako beste merkatu batek Open Your Ganbara izena du. Hileko azken igandean egiten da Artiach galletak egiten ziren garaiko fabrikan. Era eta estilo askotako jendea elkartzen da bertan, non marka propioak nahiz bigarren eskuko arropa, osagarriak edota artisautza produktuak topatu ditzakezun. Aurrez aurre Olabeaga auzoa dago. Bertako tabernetan geldialditxo bat egin dezakezu, horietako batzuk ireki berriak direla. 

Zorrotzaurre eta Olabeaga auzoak alde batera utzita, Boluetak ere bere merkatua antolatzen du igande goizetan. Arropa, zapatak edota produktu bereziak aurki ditzakezu.

Hau guztiaz gain, urtaro edota data zehatzetan bestelako merkatuak egiten dira. Horren adibide da Arriaga Plazan antolatzen duten Gabonart Gabonetako merkatua edota Abandoko Bidezko Merkataritza azoka, non hainbat dendek euren saltokiak ezartzen dituzten arropa, osagarriak, jolasak eta abar saltzeko asmoz.

Nola heldu

  • Merkatu zein tabernetara heltzeko erraztasun osoa du Bilbok, Bilbobus edota metroaren bitartez. Halere, ibilbidea oinez edota bizikletaz egitea da aukerarik onena. Kotxez, berriz, zaila da aparkalekua aurkitzea baldin eta ordainpeko aparkalekuetan ez bada. 

    Bestalde, garrantzitsua da esku dirua eramatea, saltoki guztietan ez baitago txartelarekin ordaintzeko aukera. 

    • Kokapena

      Bilbo

  • Nahiz eta garraio publikoa aukera ona den, bizikletaz edota oinez joan zaitezke hiritik zehar. Horrela, kalez kale ibiliz gero, hiriko giro desberdinen kontrastea sentitu ahal izango duzu.

    Bazkaldu edo afaltzerako orduan, berriz, tabernetako pintxo eskaintzaz baliatu zaitezke: preziorik onenean Euskal Herriko gastronomiaz gozatzeko era paregabea da.