angle-left Iraganeko ahotsen kondairak

Urkiolako Anbotoko gailurretik, Mari jainkosak gure lurraldea begiztatu eta zaintzen du. Lamiak, sorginak, jentilak... gure paisaietako leku askotan euskal mitologiako izaki ugari bizi dira, kondaira eta istorio harrigarrien protagonistak.

Euskal Herriko mendi garrantzitsuenen artean, Marik, naturako jainkosak Anboto aukeratu zuen egoitza nagusia. Bertako gailurretik (1.331 metro itsasoaren mailaren gainetik) gure lurraldeak eskainiko dizun ikuspegiak hitzik gabe utziko zaitu. Horrez gain, gure kultura eta mitologiaren mendia duzu Anboto, belardi, harkaitz eta misterioz inguraturik.

Kondairak dioen arabera, gailurretik hurbileko kobazulo batean bizi da Anbotoko Mari, gure mitologiaren izaki erakusgarriena. Horma harritsu batean bizi da naturako jainkosa, eta bertara eskalatzaile adituak baino ezin daitezke heldu. Esaten da egun eguzkitsuetan kobazuloko sarreran ikus daitekela gure jainkosa, ile hori luzea urrezko orrazi batez orrazten. Gau oskarbietan mendi gaineko zeruan ikus daiteke, suzko bolaren itxurarekin, Euskal Herriko beste lekuetara begira.

Urkiolatik Gorbeiako parke naturalera salto eginez Mariren beste leku bat bisitatu ahalko duzu: Supelegorko haitzuloa. Itxinan kokatutakoa, sorginen lurraldea duzu honako hau, misterioz eta magiaz jositako lekua, akelarreen paradisua. Mariz gain, bestelako sorginak bizi izan ziren 40 metro karratuko kobazulo honetan. Ekaitz eta trumoiez beteriko gau beldurgarrietan kobazuloaren sarreran elkartu ohi ziren Bizkaiko sorginak, eta artzain askok beldur itzela zioten.

Usadioak eta sinesmenak

Aipagarriak dira ere Nabarnizko Marueleza (Maru Eleiza). Bertan, antzinako gotorleku baten arrastoak ikus ditzakezu. Kondairaren arabera, San Juan gauan, eguzkiaren lehen izpiekin galdara misteriotsua agertzen da, altxor batekin lurperatuta dagoena. Baltzolako kareharrizko Jentilzubia Jentilek eraikitako arkua duzu, kristauei aurre egiteko sortua. Kortezubin, Santimamiñeko kobazuloetan Jentilak bizi ziren ere eta Goi Paleolitikoko eta Madeleinaldiko pinturak eta maskortegiak gordetzen dituzte barnealdean.

Usadio eta sinesmenetan aberatsak gara. Baserri eta etxe askotako ateetan eguzkiloreak ikusiko dituzu. Gure sinismenen arabera, antzina, izakia izpirituen beldur bizi zen. Horrexegatik, ama-lurrari gaitz hauek aldentzeko izakia sortzea eskatu zion eta ilargia sortu zen. Antza, ilargia ez zen nahikoa izan izpirituetatik salbu bizitzeko, eta horrexegatik eguzkilorea sortu zen, eta gaur egun kardu hauek gure etxe askotako atettan zintzilik ikus daitezke.

Ibilbideak

Supelegor dugu zonalde honetako kobazulo esanguratsuenetarikoa. Natura basatiz inguratuta, kobazuloa Atxulaur Begiaren mendiguneko sarreran kokatuta dago eta konplexu karstikoaren formazio harrigarrienetarikoa da.

Gure mitologiako erreginak ditugu sorginak eta lamiak. Gorbeialdean akelarreak antolatu ohi zituzten

Bertara joateko biderik azkarrena Pagomakurretik hasten da. Atsedenlekuan bertan baso pare bat zeharkatzen dituen bidea jarraituko dugu, Itxina inguratzen duten belardi batzuetara heldu arte.

Bertatik, bide bihurgunetsu batek mendigune karstikoko sarrerara eramango zaitu. Atxulaur Begia igaro ostean artzainek eta ikazkinek antzina jarraitzen zuten harkaitzez osatutiko bide bera jarraitzen egongo zara, mendiarte batera heldu arte. 

Eskumaldetik igaro ostean eta bihurgune batera jaitsiko zara, maldan behera. Bidegurutze hartan ezkerretara jo beharko zenuke Itxina zeharkatzen duen bidetik. Lexardi korta atzean utzita, Kargalekura helduko zara. Behera joz Supelegorrerantz jarraituko duzu. Garrantzitsuena mugarriak begibistatik ez galtzea da. Horrela, karstetik jarraituko duzu, txabola eta ikaztegietatik igaroko zara eta bidean hainbat zulo ikusi ahal izango dituzu.

Azkenik Supelegorrera helduko zara. Bere edertasunak itsutuko zaitu eta gure mitologiaren kobazulo esanguratsuenetarikoa dela ulertuko duzu orduan. Kondairaren arabera, sorginak eta lamiak sua pizten zuten kobazulo sarreran, gau ekaitzuetan. Gaur egun, kobazuloan penintsulako 25 espezietako 16 bizi dira bertan, anfitrioi nagusiak saguzarrak izanik. Ordubete baino gehiagoko bidea egin duzu bertara heltzeko, sartuko zara?

Nola heldu

  • Gure mitologia Bizkaiko bazter guztietan hedatuta dago, parke naturaletan bereziki. Oso garrantzitsua da bertatik ibilbideak egin nahi izatekotan parke naturalen turismo bulegoak eta interpretazio-zentroak bisitatzea, zonaldeko ibilbide guztien inguruko nondik norako guztiak ezagutu ahal izateko.

    Gorbeiako interpretazio-zentroa (Areatza)
    Gudarien Plaza 1, Areatza. Bizkaia.
    Telefonoa: 946 739 279 / E-posta

    Toki Alai, Urkiolako interpretazio-zentroa
    Urkiola auzoa, 8. 48211 Abadiño, Bizkaia.
    Telefonoa: 946 814 155 / E-posta 

    Armañon eta Ordunte mendietako interpretazio-zentroa
    Ranero auzoa (Pozalaguako alboan), Karrantza, Bizkaia.
    Telefonoa: 946 560 079 / E-posta 

    • Ordutegia

      Gorbeiako interpretazio zentroa (Areatza)
      10.00etatik 14.00ak arte eta 16.00etatik 18.00ak arte

      Toki Alai, Urkiolako interpretazio-zentroa
      Azarotik martxora arteko ordutegia: 10:30etik - 14:30ra eta 15:30etik - 17:30ra
      Apirilatik urrira: 10:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik - 18:00ak arte

      Armañon eta Ordunte mendietako interpretazio-zentroa
      Ordutegia: asteartetik igandera, 10.00etatik  14.00ak arte eta 16.00etatik 18.00ak arte

    • Kokapena

      Anboto
      Olentzeroren etxea
      Baltzola
      Supelegor

  • Mendiko botak, ur botila eta bazkaria eramatea berebizikoa da. Horrez gain, bertara heltzean haitzuloa gertutik ikusi nahi baduzu, oso ideia egokia da linterna eramatea, kobazuloko xehetasun guztiak ikusi ahal izateko.