angle-left Bilboko ‘pintxo’ gozoenak

Bizkaitarrok gorazarre egitea gustuko dugu. Sukaldaritza oso serio hartzen dugu, postrea barne. Arrautzak, gurina, txokolatea eta azukrea gisako osagaiak aintzat hartuta, gozamen hutserako opil ‘esklusiboak’ prestatzen ditugu. Hortaz aparte, pastel bakoitzaren hasi-masiek pertsonaia jakin bat lausengatzea xede zuten.

Orain dela mende bat, Bilboko pastelgile batek zerbait berezi prestatu nahi zuen bere Carolina alabaren urtebetetzerako. Hosto-pilozko tartaleta baten gainean, merenge piramide bat ezarri zuen, gorringo eta txokolatez hornituta. Zapore eta testura atsegineko pastel hau Bilbo eta Bizkaia aldean topatuko duzu bakarrik, behintzat originala. Hainbeste miresten dugu, ezen Bizkaiko pastelgileen elkarteak 3.000 bat ale banatzen dituen doan, urtero ospatzen den Carolinaren Festan.

Gurin-opilen esklusibotasuna ere Bilbori dagokio, Bernardo Pedro Franconi y Francesco Matossi gozogile suitzarrak aitzindari badira ere. XIX. mendean, Bilboko Alde Zaharrean ireki zuten gozotegi bat, eta Suitzako brioche tipikoa erdibanatu eta gurina erantsi zioten, gaur egun ezagutzen dugun deliziari bide emanez.

Arroz-pastela ere klasiko bat da gurean. Kremaz betetako hostorea da funtsean, eta euskal arrantzaleei esker ezagutzen dugu. XIX. mende amaieran, Filipinetatik inportatutako errezeta da, jatorrian arroz-irina zeramatzana (gaur egun ogi-irinarekin egin ohi den arren).

Imitazioak egon badaude, baina pastel errusiarra Bilbon aurkituko duzu bakarrik. Historiari jarraiki, gogortutako merengeaz osatutako pastel hau Eugenia de Montijok Errusiako Tsarrari egindako oparia du jatorrian.

Turroia eta gozoki sendagarriak

Gabonetan, Bilbok (eta oro har Bizkaiak) bere turroia ere badauka: Sokonuskoa. Orain dela 300 bat urteko historia du. Txokolate-aditu mexikar baten arabera, gozokiaren izena zor dio Mexikoko Santa Ana de Soconuscori, hots, tradizioz kakao ekoizpen herria denari. Antza denez, XVII. mendean Iñigo Urrutia abenturazale bilbotarra bertara joan zen El Dorado-ren bila. Horren ordez, kalitatezko kakaoa aurkitu zuen, maiek “Jainkoen edaria” prestatzeko erabiltzen zutena, hain zuzen. Alde Zaharreko gozogile batek kasualitatez topatu zuen errezeta eta gaur egun ezinbesteko gozokia da negu partean.

Tradizio handikoa da ere ‘Santiaguito’ deritzon malba zuriko gozokia. Bere jatorria 1698an kokatu dezakegu. Gozoa eta atsegina ezezik, malba loreak ezaugarri sendagarriak ditu, eztarri narritadura eta hantura arintzeko aproposa baita. San Blas egunean saldu ohi zen bereziki (otsailak 3), baina edonoiz eros daiteke egun. ‘Santiaguito’ izena Santiago Olavide jaunaren txikigarria da. Bere familiak karamelu hauek egin eta saltzen ditu -oraindik ere-, eta hortik dator izena beraz.

Nola heldu