angle-left Izenaduba Basoa: Izena badu, bada

Izenaduba basoko bisitak gidatuak baino, antzeztuak dira, gure pertsonaia mitologiko gogoangarrien eskutik gainera: Lamia, Galtzagorri, Mari Domingi baita Anbotoko Mari bera gidari izango dituzu euskal mitologiaren bitxikeria guztiez jabetzearren. Hori guztia baso liluragarri baten xarma bereziaz inguratuta zaudela.

Guztiz berreraiki den etxaldeko funtzionamenduaren berri jasoko duzu Izenaduban, hau da: garautegia, sua nahiz kearen ustiapena… Horrez gain, haurrek (baita gurasoek ere) jarduera izugarri erakargarriez disfrutatzeko abagunea daukate bisitak irauten duen bitartean.

Adibidez, Izenaduba basoan ‘Sorginen baratza’ topatuko duzu, sendabelarrez josia. Landare-espezie bakoitzaren ezaugarriak ezagutzeaz ezezik, haiekin esperimentatzeko aukera ere izango duzu.

Halaber, Olentzeroren egunerokoaz jabetzeak bere lagunik leialena ezagutzea dakar nahitaez: Napo astoa. Gabonetan, gure ikazkin maitagarriaren laguntzaile prestua da, Euskal Herriko ume guztientzako opariak banatzearen ardura dutela.

Izenaduba esperientzia askoz haratago doa halere. Haur eta helduentzako 3D simulagailua bide, euskal unibertso mitologikoan barneratzea posible izango duzu. Parkeko hainbat jolasen bitartez ere, haurrak Mariren koban sar daitezke, eta bide batez, Tartalo ziklopearekin ‘topo egin’, edota Basajauna irudikatzen duen Haritz Sakratua miretsi. Zuhaitz hau sakratutzat dugu bere zama erlijiosoagatik. Elezaharrari jarraiki, Euskal Herriko hainbat basotan, haritz zaharrenak aipatu jainko iletsu eta indartsu hau irudikatu ei du.

Beraz, gure kultura eta historia ezagutzeaz gain, egundoko bizipena ziurtatuta duzu XVI. mendeko baserri honetan. Horra, horra gure Olentzero!

Nola heldu

Olentzeroren etxea Mungian dago, Bilbotik oso hurbil, alegia. Autoz zein autobusez hel zaitezke erraz.
 
  • Autobusa

    Bilbotik, badira hainbat Bizkaibus ibilbide Mungiara. Adibidez, A3516 (Bilbo-Mungia autobidetik), A3518 (Bilbo-Mungia-Bakio autobidetik) edota A3527 (Bilbo-Mungia-Bermeo autobidetik) autobusek Mungian dute geltokia.

  • Autoa

    Mungia eta Bilbo artean 20 km eskas daude. BI-631 errepiderako argibideak jarraitu itzazu, Aireportua/Mungia norabidean. Mungiako irtenbidea hartu; ondoren, Lauaxeta Olerkari kaletik segi, Landetxo kalera heldu arte. Berehala ikusiko duzu Olentzeroren etxea. Aparkalekuari dagokionez, parkeak autoentzako 60 plaza ditu, doan. Autobusentzako parking-a ere badago.

Gastronomia

Non jan

Mungia aldean euskal sukaldaritza tradizionaleko jatetxe erakargarriak topatuko dituzu. Gainera, kontuan hartu hainbat txakolin-upeltegiak dituzula inguruetan, esperientzia gastronomiko guztiz gomendagarria eskainiko dizkizutenak.

Bilbo aldean, berriz, pintxo-ibilbide gozagarria jarraitu dezakezu familian, edota betiko taberna batean eguneko menua hartu. Gastronomia garaikidea ere dastatu dezakezu gure karta oparoan, sukaldaritza minimalista, Michelin izarduna nahiz berritzailea eskaintzen duten jatetxe ugari baititugu, batez ere Zabalgunean.

Ostatua

Non lo egin

Mungiako herrigunean pare bat hotel gomendagarri dituzu. Halaber, azpimarratzekoak dira inguruko landetxeak; beraz, euskal bizimodu tradizionala %100ean ezagutu gura baduzu, baserri batean ostatu hartzea iradokitzen dizugu. Jauregi batean lo egiteko apeta baduzu, bestalde, kontuan hartu Mungian Urgoiti Jauregi entzutetsua dagoela. Historia eta ospe handiko eraikin hau XVII. mendekoa da, eta bere golf azpiegiturengatik ere nahiko ezaguna da.

Betiere, Bilbo oso gertu daukazu, beraz, hiriguneko ostatu-eskaintza zabala ere aintzat har dezakezu. Izardun hotel modernoetatik aterpetxe xumeetara, familia osoarentzako aproposak diren ostatuak aukeran dituzu urte osoan zehar.

  • Bisita guztiak gidatuak direnez gero, egun eta ordu zehatz bat daukate. Bisitaren iraupena bi ordu ingurukoa da. Jarraian dituzu informazio gehiagorako nahiz erreserbak egiteko kontaktua eta bestelako argibideak:

    Olentzeroren Baserria
    Landetxo Goikoa. 48100 Mungia, Bizkaia
    Telefonoa: 94 674 00 61 (informazio nahiz erreserbetarako)
    Emaila: olentzero@izenaduba.com

    • Ordutegia

      9:00etatik 18:00ra

    • Prezioa

      3 urte baino gutxiagoko umeak: Doan
      3-14 urte bitartean: 8 €
      Helduak: 9,80 €
      Taldeak: 8 € / pertsona (20 pertsona gutxienez, 3 urte baino gutxiagokoak zenbatu gabe).
      * Tarifa bereziak: 8 € (Jubilatuak, familia ugariak, ezinduak).

    • Kokapena

      Mungia 

  • Izenaduba Parkera bisitak egunpasa ederra merezi du. Baserria ezagutzeaz gain, basoan barrena ibiliko zara, bertan familia osoarentzako jarduerak zain dituzula. Hortaz, gomendagarria da arropa eta oinetako erosoak janztea, eroso ibiltzearren.

    Bestetik, haurren energia agortezina dirudienez, haiek jolasean dauden bitartean, gurasoek kafetxo bat har dezakete Izenaduba Parkeko kafetegian. Berebat, kafe-etxe honetan askari handiak eta urtebetetze festak antolatu daitezke.