angle-left Aniztasun jaiak

Jai guztien artean, Bilboko Aste Nagusia, Santo Tomas, San Antolinak, Urriko Azken Astelehena edota San Juan bereziki aipagarriak dira. Hauek guztiak uda, udaberri, udazken zein neguan ospatzen dira eta Bizkaiko herri zein hiri guztietan zehar disfrutatuko dituzu, bakoitzak bere tradizioei eutsiz betiere.

Bilboko Aste Nagusia abuztuko azken bederatzi egunetan antolatzen da. Aste bi horietan zehar, hirigunean nahiz inguruetan jarduera ugari antolatu ohi dira. Horrez gain, Bilboko Konpartsak elkarteak hainbat txosna muntatzen ditu Areatzan eta Abandon, zeinetan musika egun osoan zehar egoteaz gain, hainbat ekintza antolatzen dituzten. Txosna guneak garrantzi izugarria du Aste Nagusian, baina Alde Zaharrean ere giro berezian murgildu zaitezke, auzoetako txaranga, batukada edota kaleko antzerkia bide, besteak beste.

Udako beste jai garrantzitsu bat herri, hiri zein auzo bakoitzean ospatzen den San Juan gaua da, ekainaren 24an. Udako solstizioari hasiera emateko jaia duzu hau. Bilbon Etxebarria Parkean antolatzen bada ere, beste auzoetan eta Bizkaiko herrietan ere festa txikiak antolatzen dira. Edozein kasutan, jairik goxoenean murgilduko zara. Iluntzean sua egiten da eta honen inguruan dantzatu eta abestu ohi da. Horrekin batera, jendeak desirak idatzi eta sura botatzen ditu, hauek bete daitezen. Gure gastronomiako produktuak dastatzeko parada ezinhobea duzu honako hau eta Bizkaiko herri askotan, sua bukatzerakoan, erromeria antolatzen da ospakizunari jarraipena emateko asmoz.

Urtaro honetan kostaldeko zein barnealdeko herrietan bestelako jaiak ospatzen dira: kostaldeari dagokionez, Lekeitioko San Antolinak (Antzar Eguna) eta Ondarruako Zapato Azule jaiak dituzu. Barnealdean, berriz, Arrigorriagako Madalenak aipagarriak dira oso. Hauetan bazkari herrikoiak, erromeriak, koadrilen arteko desafioak edota gastronomia lehiaketak antolatu ohi dira. Gazte Egunak zein Euskal Jaiak ere oso ageriak dira uda garaian.

Alabaina, jaiak ez dira udara mugatzen soilik; neguan ere hainbat jai antolatzen baitira Bizkaia osoan zehar. Gernikako Urriko Azken Astelehena ikasturteari hasiera emateko erarik onena da. Urriko azken asteburuan antolatzen den festa duzu honako hau, eta Gernikan prestatzen den azokaz gainera, erromeriak, jateko eta edateko txokoak eta batez ere giro euskalduna bizitzeko egun berezia da.

Festak urte osoan zehar

Abenduan, aldiz, Durangoko Azoka eta San Tomasek hartzen dute protagonismoa, hurrenez hurren. Lehena, Durangon ospatzen da abenduaren 5etik 9ra arte. Landako erakustazokan du leku eta bertan euskal liburu eta diskoak daude salgai, idazleek nahiz musikariek bere azken lanak sinatu ohi dituztela. Kulturazaleen meka bilakatzen da Durango, beraz. Gainera, hainbat kontzertu egiten dira azokaren alboan dagoen karpan (Ahotsenea), baita Plateruena Antzokian ere. Giro euskaldunean bete-betean murgiltzeko aukera paregabea duzu hau.

Abenduaren 21ean Santo Tomas ospatzen da. Bizkaia osoan zehar aurkitu ahal izango dituzu ospakizunak, baserritarren azoka eta jai nagusietako bat da eta. Azoka famatuenak Bilbokoa, Lekitiokoa eta Zaldibarrekoa dira. 'Anfitrioi' nagusiak txistorra eta taloa dira, sagardoarekin lagunduta. Halaber, jaian arropa tradizionalekin jantzitako jendea aurkituko duzu, hori baita egun horretako ohitura nagusia.

Otsailean inauteriak heltzen dira eta hauen artean ezagunenak Gernikako eta Lekeitioko aratusteak dira. Festaz gain, bazkari herrikoiak eta erromeriak antolatzen dira eta herritarrek eguneroko janzkera alde batera utzi eta mozorroak janzten dituzte.

Maiatzean, ostera, Urduñak Otxomaio jaiak ospatzen ditu hilabeteko lehenengo astean. Kontzertuak, haurrentzako arrantza-jokoak, tortila eta paella lehiaketak, mus txapelketa edota adin guztientzako jarduerak antolatzen dira.

Horiez gain, Bizkaiko auzoek jai herrikoiak sustatzen dituzte urtean zehar, giro ona eta elkarlana nagusi direla.

Nola heldu

Hiri zein herrietako jaietara heldu ahal izateko, garraio publikoa zein kotxea hartu dezakezu, baina aukerarik onena garraio publikoan joatea da.

Gastronomia

Non jan

Bazkaldu edota afaltzeko hainbat txosna edota taberna aurkitu ahal izango dituzu jaietako inguruetatik.

Ostatua

Non lo egin

Lo egiteko hainbat ostatu, hotel, kanpin edota aterpetxe aurkitu ahal izango dituzu inguruetatik.

  • Jai herrikoi askotan, batez ere txosnetan, plastikozko edalontzia emango dizute eta hau gorde behar izango duzu, gainontzeko txosnetan edan ahal izateko.

    Honen harira, edanez gero, gogora ezazu kotxea ez hartzeaz. Hainbat aukera daude garraio publikoan bueltatzeko edota inguruko aterpetxe, ostatu, hotel edota kanpinen batean geratzeko.

  • Sakeleko dirua eramatea gomendatzen dizugu, txosnetan ezin izango baituzu txartelarekin ordaindu. Horrez gain, hainbatetan azoka txikiak aurkituko dituzu eta ziurrenik hauek, txosnak bezala, ez dute txartelarekin ordaintzeko aukera izango.

    Zorroa eramatekotan, uneoro eskura izatea gomendatzen dizugu, baita arropa eta oinetako erosoak janztea ere.