angle-left Bilbao BBK Live Jaialdia

Bertoko zein nazioarteko musikazaleek ezinbesteko hitzordua dugu uztailean, Bilboko Kobetamendi gune paregabeak BBK Jaialdia hartzen du eta. Azken musika joeraz jabetuko zara hiru egunez, giro bereziki atsegingarrian. Bilboko ‘sabai’ naturalean kanpatzen duzula, euskal taldeek nahiz nazioarteko punta-puntako bandek egundoko gaupasa eskainiko dizute.

Ingurune berde zoragarrian ezarrita, Bilbao BBK Live jaialdiak milaka musikazale erakartzen ditu urtero, munduko bazter guztietatik etorriak. Zehazki, Kobetamendiko guneak 15.000 lagunentzako edukiera du; hainbat eszenatokiez gain, kanpatzeko gune ederra eta zerbitzu guztiez hornitua zain dauzkazula.

Kobetamendiko plazatik jada igaro dira The Killers, Muse, Depeche Mode, Die Antwoord, The Black Keys, Franz Ferdinand, Fleet Foxes eta Primal Scream, beste askoren artean.

Aurten, hots, uztailaren 12tik 14ra bitartean, nazioarteko talde hauek nabarmentzen dira: Gorillaz, The XX, The Chemical Brothers, My Bloody Valentine, King Gizzard & The Lizard Wizard, Alt-J, Bomba Estéreo, David Byrne, Temples, Cigarettes After Sex eta Young Fathers, besteak beste.

Bertoko bandei dagokienez, aipatzekoak dira Iseo & Dodosound, Rural Zombies, Lukiek, Melenas edota Aneguria, adibidez.

Horrez gain, Basoa deritzon gune naturalak programazio elektroniko guztiz berritzailearekin liluratuko zaitu.

Ikus dezakezunez, apeta zein estilo guztietara egokitzen den kalitatezko kartela eskaintzen du Bilbao BBK Jaialdiak. Zure esperientzia musikala erabat gogoangarria izateko asmoz, eszenatokien ondoan den kanpaleku erraldoian har dezakezu ostatu, erraztasun eta zerbitzu guztiekin gainera. Gure gastronomiarekiko atxikimendua aintzat hartuz, eskura izango dituzu jateko eta edateko txoko ugari. Hotel edo ostatu batean lo egitea nahiago baduzu, egon lasai: garraiobide publiko zerbitzu bereziak dituzu, hirigunea-Kobetamendi ibilbidea di-da batean egiten dutela.

Gomendioak

Hamaika kontzertu, dantzarik dantza, emozio bizi-biziak… Prestatu zaitez hiru egun zirraragarrientzako. Hortaz, arropa eta oinetako erosoak janztea gomendatzen dizugu, baita eguzkitako betaurrekoak eta krema hala nola kapusaia eramatea ere, badaezpada. Bestetik, kanpalekua asteazkenean (uztailak 11) irekiko da, goizeko 12:00etan; eta jaialdiko esparrua, aldiz, ostegunean (uztailak 12), arrastiko 17:00etan. Sarrera-eskumuturrekoa uneoro eraman behar duzu jarrita. Jaialdia adin guztietarako da, baina 16 urte baino gutxiagoak heldu batekin joan beharko dira. Berebat, 10 urtetik beherakoak doan sartu daitezke.

Nola heldu

Autobusez
Bilbao BBK Live jaialdia Kobetamendin ospatzen da, Bilbo gainean den mendian, hain zuzen. Antolakuntzak autobus zerbitzu berezia eskaintzen du jaialdiak irauten duen bitartean, doan. BEC erakustazokatik (Ansio metro geltoki ondoan) eta Termibus-San Mamesetik (zehazki, Basurtuko Kaputxinoen kaletik) abiatzen dira autobusak, Kobetamendirako bidean.  

Autobusak jaialdiaren ateraino igoko dira 16:00ak arte. Hortik aurrera, jendetza dela-eta, Beyena fabrika ohian geldituko dira. Hortaz, gainerako zatia oinez egin beharko da.
Jaisteko, Beyena ohia izango da bidaiariak jasotzeko gunea. San Mamesera eta BEC-era itzuliko dira berriz autobusak. 

Bestalde, Estatuko hainbat hirietatik Bilbora doazen autobus-ibilbideak ere badituzu, jaialdiko antolakuntzak berak antolatuak. Hauek dira irteerak: A Coruña, Alacant, Aranda de Duero, Bartzelona, Burgos, Elx, Xixon, Leon, Logroño, Lleida, Madril, Miranda de Ebro, Murcia, Oviedo, Iruñea, Santander, Valencia, Vitoria-Gasteiz, Zaragoza.

Autoz
Kotxez bazatoz, Barakaldoko BEC! erakustazokan aparkatzea gomendatzen dizugu, eta han bertan maiztasun handiz irteten diren autobusaren bat hartu, jaialdiaren esparrura arte. Izan ere, Bilboko udaltzaingoak Kobetamendirako errepidea itxi egingo du asteazkenetik, goizeko zortzietatik aurrera. Horrenbestez, baimenik gabeko ibilgailurik ez du sarbiderik izango gunera.

Gastronomia

Non jan

Bilbao BBK Live jaialdiko eskaintza gastronomikoa ‘foodtruck’ deritzon filosofian oinarritzen da batik bat. Indarrak berreskuratzeko janari gozo-gozoak izango dituzu eskuragarri: hot dogak, artisau-pizzak, ogitartekoak, hanburgesak (baita beganoentzat ere), patatak, kebabak, gourmet eta artisau-ogiz egindako sandwichak… Eta postrerako, izozki freskagarriak edota krepe gozoak. Halaber, barazkijaleentzako nahiz zeliakoentzako menua ere bada (garagardoa barne!). On egin!

Ostatua

Non lo egin

Jaialdi-gunetik 3 kilometrotara, egundoko kanpalekua daukazu (120.000 m2-ko azalerarekin, 12.000 bat lagunentzako edukiera du). Zuhaitzez inguratutako birika-berdean kokatu dezakezu beraz zure kanpadenda. Kanpalekua asteazken eguerdian irekiko da jendearentzat (12:00etan) eta igande arratsaldean (15:00etan) itxiko da. 

Halaber, ‘deluxe kanpina’ aukera ere badaukazu, hotel baten zerbitzu eta erraztasun guztietaz gozatuko duzula. Honela bada, ohedun etxeak (banakakoa nahiz bikoitza, oheko arroparekin eta guzti), argia, korrontea edo denda handiak aukeran izango dituzu, baita buffet gosaria ere! 

Edozelan ere, izarpean lo egitean ez baduzu interesik eta hotel nahiz aterpetxe batean ostatu hartzea nahiago baduzu, bakarrik Bilbo hirigunera bueltan doan autobusa hartu eta eskaintza zabala izango duzu zain.

Deskontuak

BBCardek eskainitako deskontuak

Erosi