angle-left Tradizioa jai

Jakina, jaia ez dugu ulertzen tokian-tokiko gastronomiarik gabe. Kostaldeko portu ugarietan sardina-parriladak egitea ohikoa da, batez ere udaldian. Esaterako, Santurtzin arrain mota honen 1.000 kilo inguru banatzen dira Karmengo jaietan.

Arrantzaleek itsasoaren arriskuetatik babesteko premiaren ondorioz, festa ugari egiten dira Karmengo Ama Birjinaren omenez, hau da, marinelen zaindaria dena. Honela bada, kostaldeko arrantza-herri askotan Karmengo jaiak ospatzen dira, Ondarroan edo Santurtzin, kasu.

Ildo beretik, Lekeition bereziki nabarmenak dira San Pedro jaiak, hots, arrantzaleen zaindariari eskainitako ospakizuna. XV. mendetik hona, Karraxanka deritzon euskal dantzak txistua, danbolina eta atabalaren erritmoa jarraitzen du. Lekeition ere, aparteko oihartzuna dauka Antzar Egunak. 300 bat urte dituen tradizioa izaki, gazte kuadrillak -txalupetan daudela-, soka batetik tiraka ibiltzen dira gora eta behera, antzar bat zintzilik duela (gaur egun hildako antzar bat edo plastikozko bat erabili ohi da).

Madalenak marinel kutsuko jai ospetsuak dira ere bai. Bermeo, Mundaka eta Elantxobe herrien arteko norgehiagoka historikoa gogora dakar; hirurek Izaro irla bereganatu nahi zutela. Elantxobek epailearenak egin zituen, eta Bermeok eta Mundakak ondoko apustua egin zuten: arraun eginez, aipatu irlara lehen ailegatzen zenak berau bereganatuko zuen. Bermeok irabazi zuen, eta harrezkero, uztailaren 22an bertoko autoritateak erromerian doaz irlara, itsasontziz. Behin ailegatuta, teila bat jaurtitzen dute, irlaren gaineko jabegoa berretsiz. Keinu sinboliko hori bide, hasiera ematen zaie herriko jaiei.

Horrez gain, gure herriari bereziki errotua den Agate Deuna jai erlijiosoa (otsailak 5) aipatu beharra dago. Bezperan, kuadrillak kalez kale doaz kanturik kantu, makil sendo baten kolpeek lurrean erritmoa markatzen dutela. Otsailean ere (3an) San Blas Eguna ospatzen dugu. Kordoi bedeinkatua eraman ohi dugu, santuak gure eztarria zainduko duelakoan. Orduan bazatoz, bere izena daramatzaten opilak dastatzera gonbidatzen zaitugu, gozo-gozoak dira eta.

Aste Nagusitik Aste Santura

Aste Nagusia Bilboko ospakizun nabarmenena da; Aste Santuko Basque Fest nahiz abenduko Santo Tomas egunean egiten den azoka azpimarratzekoak badira ere.

Begoñako Ama Birjina Eguna (abuztuak 15) igarotako hurrengo larunbatean, Aste Nagusiari hasiera ematen zaio, hots, Bilboko ospakizunik handienari. Hiriburuak bederatzi egunez ospatzen ditu jaiak, Marijaiaren omenez. Lau metroko altuera duen pertsonaia honek festaren xarma eta algara irudikatzen ditu, eta jaiak ez dira bukatuko harik eta irudi honi su ematen zaion arte. Herritarren parte-hartzea sustatzen duten jaiak dira gainera, konpartsei esker.

Halaber, abenduaren 21ean Santo Tomas Eguna ospatzen da. Santuari eskainitako ospakizun honen harira, egundoko azoka antolatzen da hiriburuan, baserriko produktuen eskaintza paregabearekin. Milaka lagun biltzen ditu Santo Tomas egunak urtero, taloa eta sagardoaren babesean.

Aste Santuan bazatoz, Basque Fest jaialdia gomendatzen dizugu, non euskal tradizioak eta abangoardia kulturalak bat egiten duten. Non eta Bilbon du leku ospakizun honek, izaera kosmopolita eta aldi berean bere erroei eusten dion hiria, alegia. Besteak beste, programak barne hartzen ditu arte-erakusketak, bertsolaritza eta dantza saioak, hala nola euskal zigilua daramatzaten diseinu, gastronomia eta kirol erakustaldiak (arraunketa nahiz euskal pilota, kasu).

Aste Santu tradizionala bizitzeko grina baduzu, ordea, Enkarterri aldera jotzea gomendatzen dizugu orduan. Zehazki, Balmasedako Pasio Biziduna esperientzia ahaztezina izango dela bermatzen dizugu. Ostegun Santuko gauan eta Ostiral Santuko goizean, herritarrek zuzenean irudikatzen dute Jesusen bizitzaren azken uneak. Erdi Aroko hiribildu zoragarri honen kaleak eta plazak eszenatoki gisa, irudikapen erlijioso hau benetan gogoangarria da.

Nola heldu

  • Edozein dela Bizkaia bisitatzen duzun unea, aukeran izango dituzu herri-jai atsegingarriak:

    Lekeitioko Antzarrak. Irailak 5.
    Karmengo jaiak. Uztailak 16; Santurtzin, Barakaldon,...
    Madalenak. Uztailak 22; Bermeon, Mundakan eta Elantxoben.
    Aste Nagusia. Bilbo. Abuztuko hirugarren astean hasi ohi da.
    Basque Fest. Bilbo. Aste Santuan.
    Santo Tomas. Bilbo (Areatza eta Plaza Berria). Abenduak 21.
    San Blas. Abadiño. Otsailak 3.
    Balmasedako Pasio Biziduna. Balmaseda. Ostegun eta Ostiral Santua.
    Portugaleteko sardina-ehorzketa. Inauterien bukaera. Portugaleteko El Solar Plazan.

    • Kokapena

      Bilbo (Areatza Plaza) 
      Izaro irla
      Lekeitio 
      Balmaseda 

  • Urte osoan zehar herri-jaietaz disfrutatu dezakezun arren, gehienak udaldian ospatu ohi dira (uztaila eta iraila bitartean). Zure bidaia prestatzen ari zarela, begira ezazu egutegia aldez aurretik, zure egonaldiarekin bat datozen ospakizunak disfrutatu ditzazun.