angle-left Escape room: errutinatik ihesean

Bilbo hirigunean ‘escape-room’ gela ugari topa ditzakezu, familia-egunpasa ederra bizitzearren. Mad Mansion aitzindarietako bat dugu gurean, baina gero eta areto gehiago ari dira Bizkaia osoan ezartzen, modako jolasa bilakatuz.

Egundoko abentura familian disfrutatu nahi baduzu, ‘escape room’ batera joatea aholkatzen dizugu. Dibertigarria ezezik, lan-taldea sustatzen duen ekintza dugu, taldekideen arteko konfiantza eta koordinazioa ezinbestekoak baitira helburua betetzeko: alegia, ihes egitea.

2006an inguru, Silicon Valley-ko ingeniari batzuen ekimenez, ‘escape room’ fenomenoa laster zabaldu zen (gaur egun 3.000 bat areto daude munduan zehar). Agatha Christieren nobela-egitura aintzat hartu ei dute ‘escape room’-etako jokoek, batik bat pisten edota lagungarrien diseinuari dagokienez. Era berean, rol-jokoak oinarrian dute, beraz, zure familian rol-zaleak badituzu, ziur eskertuko dizutela familia-plan gogoangarri hau.

Oro har, 8 urtetik gorako haurrek parte hartu dezakete joko honetan, ez baitago inongo arriskurik ez baldintza berezirik. Hori bai: familiak bere buruargitasuna zorroztu beharko du, erronka gainditu nahi izatekotan. Bilbon topa dezakegun The Room Hunter enpresari jarraiki, %30a baino gutxiagok lortzen du enigma ebaztea…

Edozelan ere, jolasa bukatutakoan, irabazleen (edo galtzaileen) argazkia jaso ohi du taldeak, etxera eramateko oroigarri ederra.

Bilbon ere, Mystery Room aretoa daukagu, zeinak ‘junior aukera’ eskaintzen duen, haurrei espresuki zuzenduta. 9 urtetik gorako umeek bakarrik jolas dezakete, moldatu egin baitute jokoa eta horrenbestez ez da beharrezkoa heldu batekin joatea.

Halere, monitore bat izango dute gidari uneoro. Era atsegingarrian, logikaz pentsatzea eta talde-lana sustatzea helburu nagusitzat ditu jokoak.

Nola heldu