angle-left Bazen behin Gatikan…

Butroe gaztelua Gatikan dago, espezie exotikoz eta haritzez inguratzen duen baso zaharretik gailentzen den muino batean. Ez harritu inguru honek Grimm anaien ipuinak gogora ekartzen badizkizu, toki paregabea baita Plentzia, Armintza edo Algortara bidean geldiune bat egin eta bazter miresgarri hauetan murgiltzeko.

Bizkaian dorretxe asko badaude ere, gazteluak nekez topatuko dituzu, bakarra baitago. Butroe da Erdi Aroko gaztelu erromantiko bakarra, garai hartako nobleen arteko gatazkak imajinatzera garraiatzen gaituen txoko berdingabea.  

Maitagarrien istorioetatik ateratako ipuina dirudien arren, gazteluaren jatorria ezagutzeko XI. mendera luzatu behar dugu soa, Butroeko jaunen etxe zaharrean jaso baitzen Erdi Aroko dorretxea. 
XVI. mendean dorrea konkistataezina zen gaztelu bilakatu zen, eta mende luzeetan zehar bizi izan zituen Ganboinoen eta Oinazinoen arteko gatazka odoltsuak. Butroeko jaunak gazteluan babesten ziren lurraldean zuten boterea berretsiz.  XVI. mende hasieran, guda hauek amaitzean, gaztelua utzi egin zuten eta eraikina pixkanaka-pixkanaka narriatu egin zen. Azkenean, XIX. Mende hasieran, Torrecillako markesak, erortzear zegoen Butroeren azken jabeak, Francisco de Cubas arkitekto eta politikariari berreraikitze-lanak egokitu zizkion.  

Gotorlekuak kutsu erromantikoa hartu zuen inspirazio gotiko, nordiko eta itzelari esker eta ezaugarri hauek inguruko gainontzeko gaztelu guztiengandik bereizi zuen Butroe. Harri landuz eta garbiz egindako eraikina da eta datu esanguratsu gisa, harriaren kolore argiari esker, parterik zaharrena erraz bereizten da.

Gaztelua gaur egun

Gaztelua Bizkaiko gotorleku aipagarrienetako bat da eta gerturatzen den orok antzemango du eraikin sendo honen kokapen estrategikoa muinoaren gainaldean. Zabalera handiko bi kubo borobilak eta hainbat eta hainbat baok osatzen dute eraikinaren aurrealdea. XIX. mendeko dorrea da gazteluaren sabaitik at gailentzen dena, eta antzinako eraikinetik mantentzen diren hondarrak beheko solairuan soilik daude.

Gaztelu hau, bizitoki baino gehiago, apeta gisa eraiki zen eta zentzu honetan, barnealdea ez zegoen bizitzeko pentsatua, bertako dorreak ez baitziren erabilgarriak eta gune batzuen arteko korridoreak kanpoaldean zeuden. 

Gaur egun ezin da gazteluaren barrukaldea bisitatu. Espero da egoera hau etorkizunera aldatzea. Hala ere, fatxada eder eta lorategi zoragarriaz goza dezakezu

Ibilbideak

35.000 metro karratutik gorako basoa da, erreserba ekologiko aberatsa da, flora eta fauna ugari eta anitza biltzen dituena. Lehen begiradan palmerak ikusiko dituzu, baina hauez gain, geureak zein atzerrikoak diren beste espezie batzuk ere daude, hirurogeita hamar zuhaitz mota ezberdin daude gazteluaren inguruan eta tartean, Amerikatik ekarritako sekuioa luzeak, palmerak eta haritzak.

Ez zaitez gelditu gaztelu inguruko bazterrak ezagutzeko osteratxoa egin barik, inguruko basoan 70 zuhaitz mota ezberdin topatuko dituzu

Urtaroaren arabera ibilbidean zehar animaliekin egingo duzu topo, batez ere ardiak eta hegaztiak dira inguruan hegan zein lasterka ibiliko direnak. Haurrekin egiteko txango ederra da, ez dago inolako zailtasunik hemen inguruan eta paraje hauetan euren istorio propia sortzeko magia topatuko dute etxeko txikienek.

Familiarekin bidaiatzen ari bazara, inguruko ibilbide hauez gain, hemendik gertu dagoen bisita bat aholkatu nahi dizugu: Olentzeroren etxea. Mungian dago, 9 kilometrora gutxi gora behera. Izenaduba Basoa gainera Bizkaiko baserri zaharrena da eta euskal mitologiaren lehen interpretazio zentroa ere bada.

Nola heldu

Butroeko gaztelura iristeko modurik errazena norbere autoa erabiltzea den arren, Bizkaibuseko autobusek ere gertu utziko zaituzte. Bizikleta-zalea bazara berriz, gune hauetan txirrindulari asko topatuko dituzu, inguruan bi gurpiletan aritzeko ibilbide asko baitaude.

  • Autobusa

    Bilbotik Bizkaibus A3225 Bilbao - Laukiz - Mungia autobusa har dezakezu Moyua enparantzan. Orduro, laurdengutxiagotan izango duzu garraio zerbitzua eta Gatikako Butroe geldilekuan jaitsi beharko zara. Bost minutuan izango zara Gazteluan.

  • Autoa

    Gaztelua Bilbotik 17 kilometrora dago. Hemendik joaten bazara Artxanda-La Salve tunela hartu ezker erraietik N-637ra iritsi eta BI-2704 , BI-3112 eta BI-3105 errepideak hartu Gatikako Butroi auzora iritsi arte. Gaztelutik gertu, ehun metro ingurura, kotxea uzteko aparkalekua dago eta zubia gurutzatu bezain pronto ikusiko duzu eraikina.

Gastronomia

Non jan

Gaztelutik metro gutxira, Butroe ibai ertzean, taberna txiki bat aurkituko duzu, gazteluari begira eserita zaudela mokadu txiki bat jateko lekurik aproposena da. Eraikinetik gertu, erraza da irudimena askatzea gaztelu honek bizitako historia luzean barneratuz.

Aldiz, kostaldea nahiago baduzu, Plentzia edo Sopela gertu daude eta bertan probatu ahal izango dituzu itsasoko gutiziak.

Uribe eskualdea Bizkaiko Txakolina duten upeltegiz josita dago. Hauetan, txakoli dastaketaz gozatzeaz gain, oroigarri lez etxera eraman ditzakezu ardo gazte eta frutadun honen botila bat edo beste.

Ostatua

Non lo egin

Natura maite baduzu landetxeren baten ostatu hartuta izugarri gozatuko duzu. Lasaitasun eta introspekziorako txoko atsegin ugari aurkituko dituzu Butroetik gertu.

Bilbo, Plentzia, Sopela, Mungia eta Armintza bezalako kostako herriak gertu daude. Aukera ezberdinak dituzu eskura, kresalaren lurrinaz jantzitako herrietan eta baita naturan barneratuta dauden landetxetan ere.

  • Behin gaztelua bisitatu duzula, zonalde honek kirolean aritzeko aukera ere eskaintzen dizu.  Bizikletan zein oinez ibiltzeko ibilbide ugari daude, ohikoa da asteburuetan txirrindulari asko ikustea errepide hauetatik. Piragua hartuta ere Butroira heldu zaitezke. Plentziatik abiatuta gaztelura doan ibilbidea gozatzea esperientzia paregabea da.

    Honez gain, hipika zalea bazara, Club Hípico Castillo de Butronek zaldiz ibiltzeko aukera ere luzatzen dizu.
     
    Butroe gaztelua
    Butrón s/n 48110 Gatika
    Publikoari itxita
    Kanpokaldea doan bisita daiteke

    • Kokapena

      Gatika

  • Nahiz eta inguru honetatik paseatzea erraza izan, oinetako erosoak janztea gomendatzen dizugu. Ez ahaztu argazki kamerarik etxean. Gaztelua eta inguru zoragarri honek sekulako argazkiak ateratzera gonbidatuko zaitu.