angle-left Bizkaiko Zubia, Bilboko ataria

Burdinezko egiturako munduko lehen zubi esekia izan zen, 1893ko uztailaren 28an inauguratua

Maria Cristina erreginaren urteak ziren, Alfonso XIII.aren ama. Garai hartan, ezkerralde eta eskumaldeak batu nahi ziren, ibaiko nabigazio trafikoa oztopatu barik. Bizkaiko Zubia eraiki baino lehen, 500.000 bidaiari baino gehiagok Ibaizabala arraunen bidezko txalupetan zeharkatzen zuten. Orduan, iniziatiba pribatu baten bitartez, Alberto Palacios Elissagueren diseinua, Ferdinand Joseph Arnodin ingeniariaren eta Santos López de Letona enpresariaren lanari esker eraiki zen Bizkaiko Zubia. Burdinezko egiturako munduko lehen zubi esekia izan zen, eta 1893ko uztailaren 28an inauguratu zenean Portugalete eta Getxoko komunikazioa erraztu zuen.

Transbordadorea ideia aparta izan zen: bidaiariak zein zamak eraman daitezke, ez du Ibaizabaleko nabigazio-trafikoa oztopatzen eta eraikuntzak arrazoizko kostua izan zuen, eta gainera zerbitzu erregularra eskaintzen dio erabiltzaileari, urteko 365eko egunetako 24 orduetako zerbitzua eskainiz. Zenbait proposamen kontuan izan ostean, habe horizontal bitan ezarritako eraikuntza erabiltzea erabaki zen. Bertan, transbordadorearen errailak ezartzen dira, eta eraikuntza osoa ibai-ertze bakoitzean kokatutako lau pilaretan finkatzen da, transbordadorea habeko errailetatik botatako kable batzuetatik eskegiz. Habeetako plataformak 36 gurpil eta 25 metroko luzeera du.

Berrikuntza teknologiko biren nahasketa egiten du Bizkaiko zubiak: kableen bidez eskegitako zubiena alde batetik, eta lurrinezko makinen bidez bultzatutako ibilgailu mekaniko erraldoiena.

Urrezko burdin-aroa

XIX. mende bukaeran, Bilboko Itsasadarra urrezko garaia bizitzen ari zen, jarduera ekonomiko aberatsekoa. Bizkaiko minetan 25 kilometroko zaina exportatu zen. Mineral horren exportazioari ezker, ontzi-enpresen elkarteak, siderurgia-enpresak, bankuak... sortu ziren. Industria iraultzako asmakizuna izan zen Bizkaiko Zubia, burdina XIX. mendeko bigarren erdiko sinbolo nagusia izanik, eta industria-zibilizazioko garaipen arkua izan zen.

Ibilbideak

Gure kostaldeak badauka Pobeñatik Getxoraino errepidean zehar egiten duen ibilbide turistiko bat. Pobeñatik hasita, Area hondartzako dunek edertasuna gehitzen diote Zierbenako kostaldeko paisaiari. Bertan ere Itsaslurreko bide berdea egin ahal izango duzu, bi orduko ibilbidea. Zierbenara hurbiltzen bagara, portuko usainak bertako tabernetara eramango zaitu eta ondoren Bilboko Portuko zati handi bat ikusi ahal izango duzu itsasertzeko paseotik ibilalditxoa egiten baduzu.

Santurtzin auzo usaina eta herri kutsua bizi da bertako kale maldatsuetan, asteburuetan batez ere

N-630tik Santurtzira eta Portugaletera helduko gara. Maldan behera, Ibaizabaleko ur korrontetsuekin topatuko zara. Bizkaiko Zubiko transbodadorera igo eta eskuinaldera igaroko gara minutu batean besterik ez.

Getxon auzo itxurako kaleak bukatu dira eta bizitegi-auzo handi batera heldu zarela konturatuko zara. Autoa TAO-rik gabeko zonalde batean aparkatzea eta Txurruka kaitik portu zaharrera doan ibilbidea egitea gomendatzen dizugu. Ibilaldi horretan ordu pare bat emango duzu, eta Neguriko maila altuko kaiak, Getxoko kirol portua, Ereaga hondartza eta Algortako Portu Zahar xumea ikusi ahal izango dituzu: kontrastez beteriko esperientzia bakarra.

Nola heldu

Metroko Areeta geltokiak Bizkaiko Zubitik gertu utziko zaitu. Zaude lasai, eraikuntza erraldoia auzoko edozein lekutik ikus daitekeelako.

Ibaiaren beste aldea bazaude, Peñota litzateke zure geltokia, eta bertatik zubira paseotxoa egin beharko duzu.

  • Metroa

    Metroko Areeta geltokiak Bizkaiko Zubitik gertu utziko zaitu. Zaude lasai, eraikuntza erraldoia auzoko edozein lekutik ikus daitekeelako. Ibaiaren beste aldea bazaude, Peñota litzateke zure geltokia, eta bertatik zubira paseotxoa egin beharko duzu.

  • Autobusa

    Bizkaibus konpainiak Bizkaiko Zubiaren aurrean utziko zaitu. Bertatik A2151, A3411, A3422, A3451, A2161, A3338 eta A3472 lineak igarotzen dira Uribe Kostako aldean. Portugaleteko aldean, ostera, A3321, A3323, eta A3135 lineak dauzkazu.

  • Autoa

    Bilbotik, ibilbide azkarrena N-637a jarraitzea da, ondoren BI-637an bihurtuko dena, Getxo norabiderantz. Kostaldera heltzean, Zugatzarte etorbideari helduko diogu ezkerrerantz, kostaldea gure eskuinean utziz. Etorbide hau jarraituz Bizkaiko Zubira helduko zara.

Gastronomia

Non jan

Bai ezkerralde, bai eskuinaldean gastronomia eskaintza aberatsa izango duzu. Getxon taberna ugari topatuko dituzu zubi aurreko arkupean eta baita bertako inguruetan, pintxoz beteriko barrekin.

Ezkerraldean, transbordadoretik irten eta ezkerreantz joz Portugaleteko alde zaharrean egongo zara, eta tabernak zein jatetxeak ez dituzu faltan izango bertan. Alde zaharreko kale estu hauek poteorako ezinhobeak dira.

Ostatua

Non lo egin

Ostatu ugari topatuko dituzu ezkerralde zein eskuinaldean. Ezkerraldean denetarik topatuko duzu: hotelak, hostalak, pentsioak…

Eskuinaldean, luxuzko hotelak eta jauregiak ikustea ez da batere zaila, zonalde aberatsagoa baita.

  • Bizkaiko Zubian askotariko jarduerak egiten dira. Nagusia bisitena da. Lekua modu askotan bisitatu daiteke, oinarrizkoetatik hasita bisita gidatuak arte. Gainera, 2017ko abendutik aurrera, Bizkaiko Zubia 'dog friendly' gunea bihurtu zen, eta txakurrak bertara sartzeko eskubide osoa dute.

    Horrez gain, 'goming'-a bezalako abentura kirolak antolatu izan dituzte bertan, eta jendea habeetatik jauzia egin izan du, ileak puntan jartzeko bezalako esperientzia bakarra. Zubiaren sarreran, txarteldegia eta eraikinaren inguruko denda topatuko duzu, etxera souvenirren bat eramateko asmoa baduzu.

    Bizkaiko Zubia
    Telefonoa: 944 801 012
    E-posta: promocion@puente-colgante.com
    Webgunea: http://puente-colgante.com/eu/

    • Ordutegia

      Ekainaren 1etik urriaren 31ra arte: etengabeko zerbitzua
      Azaroaren 2tik aurrerako gaueko ordutegia:
          •    Getxotik: 00:00, 00:30, 01:30, 02:30, 03:30, 04:10, 04:30, 05:00
          •    Portugaletetik: 00:15, 00:45, 01:45, 02:45, 03:45, 04:20, 04:45
      Igogailuak: 10:00etatik 19:00ak arte

    • Prezioa

      Transbordadorea:
      Oinarrizko sarrera: 0,40tik 7€ra, ibilgailuaren arabera.

      Pasarelako bisitak:
      Oinarrizkoa: 6 - 10€
      Bisita gidatu osoa : 45€

    • Kokapena

      43.323056, -3.016944

  • Bizkaiko Zubiko habeetatik paseoa egin nahi baduzu, oso garrantzitsua da beroki aproposa igotzea bertara, goian haize eta hotz gehiago egiten duelako, neguan bereziki. Goiko pasarelak ez dauka irristapen arazorik, baina hala ere, oinetako erosoak eramatea ez dago batere gaizki.