angle-left Itsasoko menuko protagonistak

Gure historia itsasoaren historia da. Elkarrekin bizi izan gara betidanik, bertara joan baikara janari bila. Bizkaian bale-arrantza mendeetan zehar praktikatu izan da eta arrantzale askori kala berrien bila joatera behartu zien. Bilaketa-lan hauetan bakailaoa topatu zen.

Bakailaoa arrain erregea da Bizkaian. Ia koiperik ez izatean, sikatu eta gazitu egiten da, arraina egoera onenean kontserbatuz. Baleekin ez zen gauza bera gertatzen, ordea. Antzina, bakailaoa maila baxuko pertsonentzako arraina zen. Gaur, ordea, ikuspegiz aldatu dugu: kalitate nutritibo altuko janaria da, koiperik gabekoa, testura finekoa eta merkea gainera. Horregatik ikus daiteke bai betidaniko jatetxeetan, bai gaur egungo jatetxe ospetsuetan.

Kontserbek balio erantsia dute gure kostaldeko herrietan. Hegaluzea, atuna eta antxoak gure gastronomiaren opari ederra izan daitezke etxera gure Kantauriko oroigarri ahaztezina eraman nahi baduzu. Bizkaiko kostaldeko herri guztien artean aukeraketa egin beharko balitz, Bermeo gomendatuko genizuke, bertako hegaluze, atun eta antxoa kontserbak apartak direlako. Ondarroan ere kontserbak egiten dituzte, lata eta potoetan bereziki. Kontserba hauek eskuz egiten dira. Produktuaren lehen mailako kalitateak, kontserbak eskuz egitea eta errespetuzko antzinako arrantza teknikak gure kontserbak mundu mailako ospea izatera eraman dute.

Itsasoko plater tipikoak

Bakailaoa pil-pilean. Bizkaiko arrainen erreferente nagusia dastatu nahi baduzu, lehen aukera honako hau litzateke. Pil-pila koipe zukuek egiten duten soinuaren onomatopeia da. Sukaldatzean, zuku horiek mamitzen dira. Plater tipiko honen saltsak koipea, berakatza eta pipermina darama. Horrez gain, platerraren berezitasun aipagarriena hurrengoa da: tradizioaren arabera, buztinezko kazola batean egin ohi da, astiro-astiro mugitu behar dena, etengabe.

Bakailaoa Bizkaitar erara. Plater honen berezitasun azpimarragarriena beronen saltsan datza. Bertan txorizo-piperrak nagusi dira. Horiek lirateke betiko errezetaren osagarriak. Gaur egun badira errezeta horri gehigarriak jarri dizkiotenak, eta batzuetan tomatea bezalako osagarriak jartzen dira. Platerak arrakasta izan dadin, berebizikoa da bakailaoa kalitate onekoa izatea. Bizkaian saltseroak gara oso, eta menuari ogia gehitzea platerrari puntuak ematea da.

Bakailaoz beteriko piperrak. Errezeta hau oso tipikoa da tabernako barretan eta baita jatetxeetan ere. Gabonetan etxe askotako mahaietan ikus daitezke. Lan asko eta aldi berean primerako emaitzak ematen dituen platera da, eta badago errezeta honi ganbak edo porruak gehitzen dizkionik.

Marmitakoa. Arrantzale bizkaitarron betiko plater xumea da. Itsasoan egonik, marmita batean sartzen zuten bertan zituzten arrainak. Marmita tamaina handikoa izan ohi zen, eta bi asa izan ohi zituen, tapa hani batekin. Errezeta tradizionalak hegaluzea eta patatak ditu, baina gaur egun kipula, piperrak eta bestelakoak izan ohi ditu, pikante ukitu batekin beti ere.

Txipiroiak. Txipiroiak edo txipiak era askotan sukaldatu daitezke: kipularekin, bere tintan, plantxan… hiru mota horietan dastatzeko aukera izanez gero, ez esan ezetz!

Antxoak. Arrain urdinak dira. Oso gomendagarriak kolesterola duten pertsona horientzat. Txipiroiekin gertatzen den antzera, era askotan sukaldatu daitezke: frijituta, arrautzaztatuak, kazolan koipea eta piperminarekin edo Papillote eran. ia edozein erretegitan dastatzeko aukera izango duzu.

Sardina erreak. Osasuntsuak bezain gozoak. Sardina ona bada, sua baino ez dugu behar. Gatz lodia gehituko diogu arrainari eta prest. Koiperik gabeko errezeta hau simplea bezain zoragarria da.

Legatza Ondarru erara. Behin batean, Paquita Salazar, Ondarroako Penalty jatetxeko sukaldaria, ikatzik gabe geratu zen eta legatza sukaldatzeko alternatiba bat asmatu zuen. Inolako apaindurarik gabeko arraina da, koipe apur batekin sukaldatzen dena. Garrantzitsuena: arrain takoa kalitatezkoa izan behar da.

Arrantza-herrietako festa gastronomikoak

Kostaldeko herrietan jaiak direnean, gastronomia ez aipatzea sekulako akatsa da; jai eta gastronomia kontzeptuak eskuetatik helduta doaz. Urteroko hitzorduak dira, eta jai hauetan inoiz ez dira falta txapelketa gastronomikoak, non bertako biztanle zahar eta gazteen trebezia erakusten den.

Arrantza-herrietako festa gastronomikoak aukera paregabea dira itsasoko deliziak dastatzeko

Uztailean Aixerrotako Paellak ospatzen dira. Egun osoan zehar jendetza batzen da Getxoko itsaslabarrean. Betiko Paellen txapelketa aitzakia baino ez da egunean zehar ospatzen den parranda erraldoirako.

Santurtzin, Karmeneko jaietan (marinelen patroia) Sardinaren eguna ospatzen da, eta ospakizunen bitartean sardinak banatzen zaizkie bertara hurbiltzen direnei. Ondarroan, ostera, Antxoa Eguna ospatu ohi da, eta Lekeition, Txipiroien inguruko jardunaldiak antolatzen dira, herria itsasoa eta itsasoko bizitza omendu nahian.

Bestalde, Bizkaira maiatzaren amaieran bazatoz, ezin duzu Bermeoko Arrain Eguna galdu. Bermeoko kaleak  arrain eta kontserben usainez betetzen dira eta giro bakarra sortzen da herrian. Euskal Herriko arrain eta kontserben lehen azoka bezala jaio zen eta arro egoteko modukoa da bertakoentzat. Egun horretan, lantegi batzuek ateak zabaltzen dituzte publikoari kontserbak zelan egiten diren erakusteko. Esperientzia oso aberasgarria.

  • Urtaro bakoitzak berezitasun propioak dauzka, bai klima aldetik, bai gastronomia esparruan. Itsasoak menu propioa prestatuko dizu zatozen sasoian. Jaki hauek jatetxeetan zein tabernetako barretan topatu ahal izango dituzu, plater edo pintxo formatuan, zeure gustura beti ere.

  • Ehunka pintxo topa ditzakezu gure lurraldean. Horrexegatik, aholku modura, bisitatuko duzun zonaldea erabaki eta horren haritik jakingo duzu zein motatako pintxo edo platera dastatu beharko duzun. Kezkatuta bazabiltza, zaude lasai, ondo edozein lekutan jan dezakezu-eta.

    Pintxoak: pintxoak gure gastronomiaren eskalako aurkezpenak dira. Kalitatea ia edozein jatetxe entzutetsuan topa daitezken plateren antzekoa da, baina poltsiko-edizioan. Erronka garrantzitsua da sukaldari batentzat bere kreazioa espazio hain txikian plasmatzea. Herri batzuek Pintxo-Ibilbide propioa daukate: Sopela, Gernika, Portugalete, Santurtzi eta Bilbo, besteak beste.

    Bizkaiko Txakolina: arrainarekin hoberen doan ardo zuria da honako hau. Bertako izpiritua dauka: gaztea, frutaduna. Mahastiak itsasotik gertu daude eta horrek bakarra egiten duen ukitu berezia ematen dio gure produktu honi. Bizkaiko ardandegi gehienetan dasta daiteke.