angle-left Zabalgunea, dotorea eta kosmopolita

Zabalguneko kaleetan Bilbo klasikoa eta modernoa nahasten dira. Zure erosketak egiteko hala nola bere kultura aberasgarrian murgiltzeko gune bikaina da.

Bilbok bizitako eraldaketa XIX. mende amaiera eta XX.aren hasiera bitartean Bilbo Berria egun bizi ari denaren parekoa da, Guggenheim Museoaren harira hazi dena. Biek ala biek, Nerbioi Itsasadarra dute bizkarrezur gisa.

Burgesia bilbotarrak Europako eredua jarraitzea erabaki zuen, Londres eta Paris adibidetzat hartuta. Horrela, Itsasadarraren inguruetan ezarri zen lehenengo Zabalgunetzat hartzen den Abandoko auzoa, bigarrena Indautxu izan zela. Zabalguneko arkitekturari dagokionez, nahiko eklektikoa dela nabarmendu genezake, batez ere Kale Nagusiari erreparatuta. Etxe-aurre modernistek bat egiten dute eraikin funtzionalekin, barrokoekin nahiz euskal estilokoekin, besteak beste. Horrek guztiak etengabe aldatzen ari den hiri bizia izatera eraman du Bilbo.

Gauzak horrela, ezin zara Bilbotik joan Kale Nagusitik buelta bat eman barik. Dendaz denda ibiltzeaz ezezik, Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrealdea miretsi dezakezu, ezkien gerizpean. Inguruan diren Ledesma, Albia Lorategiak edota Diputazio kaleetan -azken honetan beiraz hornitutako Foru Liburutegia aurkitzen dela-, pintxo-ibilbide gomendagarrienetako batean murgildu zaitezke. Txango gastronomikoaz gain, gertu den Ercilla kalean eta honen ingurumarietan, erosketak egiteko gune komertziala ere badaukazu. Ez zaitez ahaztu Meninak agurtzeaz!

Bilboko alderdi kultural eta kosmopolitaren beste ikur adierazgarrienetako bat Azkuna Zentroa da, Alondegi ohia. Ardo biltegia izandakoa, aisia eta kulturarako espazio berritzailean birmoldatu da. Bere izena Iñaki Azkuna zendutako alkateari zor dio, hiriko eraldaketaren egile nabarmena. Eraikinaren birgaitzearen ardura Philippe Starck diseinatzaileak hartu zuen, bere 43.000 metro karratuetan egundoko espazio kulturala egituratu duela, non kontzertuak, tailerrak, zinema-aretoak, kafetegiak, liburutegia, erakusketa-gela eta gimnasioa hartzen dituen bere baitan. Miresteko modukoak dira, bestalde, bere 43 zutabe, bakoitza estilo bakarrekoa; baita sarrera nagusian ikus daitekeen eguzki erraldoiaren instalazioa.

Bilbo Berriaren parean, Doña Casilda Parke berde eta baketsuan, Arte Ederren Museoa dago. Estatuko pinakoteka nagusienetako bat da, XIII. mendea eta aro garaikidea bitarteko bilduma oparoa barne hartzen baitu. El Greco, Francis Bacon, Chillida edota Sorolla artisten obrak aurkitu ditzakezu, beste askoren artean. Dudarik gabe, Bilboko museo nabarmenetako bat da Guggenheimekin batera, bata bestearengandik bost minutuko distantziara daudela oinez.

Ibilbideak

Ibilaldiak Plaza Biribilan du hasiera, On Diego Lopez de Haroren estatuan, hots, 1.300. urtean hiria eraiki zuen Bizkaiko jauna. Turismo Bulegoa eta Abando Geltokia ondoan daudela, hiriaren sarbide-atetzat hartzen da, bere burdinezko bobeda izugarriarekin. Geltokiaren aurrean, BBVA eraikina daukagu, Iberdrola Dorrea ezarri arte Bilboko sabaitzat jotzen zena.

Zabalguneko kaleetan Bilbo klasikoa eta modernoa nahasten dira. Zure erosketak egiteko hala nola kulturan murgiltzeko gune bikaina da

Burgesek Kale Nagusia aukeratu zuten bere banketxe, saltoki eta jauregien egoitza gisa. Horren adierazle garbiak dira, esaterako, Espainiako Bankua eta BBVA-ren eraikin ikaragarriak, Grezia klasikoa gogora dakartzaten zutabe kolosalekin.

Mazarredo Zumarkalea bide, Albia Lorategietara helduko zara, non betiko kafetegiak, pasealekuak, eserlekuak eta lorategi dotoreak aurkituko dituzun. Halaber, San Bizenteko eliza ere aipatzekoa da, Zabalgunea bera baino zaharragoa dena.

Kale Nagusitik egingo dugu itzulerako bidea, Urkixo Zumarkaletik jarraitzeko. Correos-en egoitzaren atzean ‘ezkututa’, Campos Eliseos Antzokia aurkituko dugu. Aparteko eraikin modernista, bere art noveau fatxada nagusi ikaragarriak ongi etorria emango zaitu. Zumarkale beretik jarraituz, Azkuna Zentroaren kupulak ikusiko dituzu, Bilbo klasikoak eta abangoardistak bat egiten dutela. Benetan merezi du bisitatzea, eta bide batez Ricardo Bastidak diseinatutako etxe-aurre neobarrokoa mirestea, hala nola Philippe Starckek erantsitako tankera modernoa. Ondoren, sarrera nagusitik irten eta Moyua Plazara abiatu zaitez. Bidean, Osakidetzaren egoitzak harrituko zaitu; Coll-Barreuk sinatutako eraikinak kristalezko ehun alde ditu eta.

Moyua Plaza Bilboko merkataritza-gune nagusia da. Erdialdeko parketik “Botxoa” -hau da, Bilbo- inguratzen duten mendiak antzeman ditzakezu. Bere arkitektura estilo anitzekoa da, eraikin klasikoenetik hasita -adibidez, kutsu europarreko Chavarri Jauregia edota Carlton hotela-, “fosterito” ezizenez ezagutzen diren Metro sarbide modernoak barne, Norman Fosterren omenez. Arkitekto entzutetsua metroa beraren diseinuaz ere arduratu zen.

Rekalde Zumarkalea hartuz, Montero Etxera helduko gara, Gaudi Etxea bezala ere ezagutzen dena. Modernismoak ezaugarri dituen eite naturalistak eta ezohiko diseinuak erdialdeko kale honen soiltasuna hautsi egiten dute. Kale Nagusira bueltatuz, Sota eta Lezama Leguizamon Etxea jauregiekin topo egingo dugu, garaiko etxebizitza burgesaren adierazle garbiak, hain zuzen.

Aurrera egiten dugun heinean, Doña Casilda Iturrizar Parkearen pergola eta zuhaitzak ikusiko ditugu. Bilboko ongilearen izena daraman espazio berde hau hiriaren birikatzat hartzen da, bere lorategi ederrek olgeta nahiz atsedenerako parada bikaina eskaintzen dute eta. Ahateen Parke gisa ere ezagutzen den honetan barrena, beste altxor batekin egingo dugu topo nahitaez: Arte Ederren Museoa, Euskadi Plazatik oso hurbil.

Nola heldu

Zabalgunetik ibiltzeko modurik hoberena oinez da, oinezkoen alderdi nahikoak ditugulako. Horrela, erosotasun osoz paseatu zaitezke bere kale zaratatsuetatik, denda, bulego, museo hala nola aisialdi gune eta espazio berdeez betea. Eguraldia ez badugu lagun, ez dago zertan kezkatu, eskura izango baitituzu garraiobide nagusien geltokiak.

  • Trena

    RENFE sarean bazatoz, Zabalgunerako sarbidea Abandon izango duzu. Euskotren-ekin, aldiz, bai Abando bai San Mames geltokiak dituzu aukeran. Biak ala biak Metro Bilbao sarearekin lotuta daude.

  • Metroa

    Bilboko metro sareak hiru geltoki nagusi ditu, lehenengo Zabalgunearekin (Abando geltokia), erdigunearekin (Moyua) eta ibilbidearen azken zatiarekin (San Mames) bat datozenak.

  • Tranbia

    Abando nahiz San Mames geltokian jaitsi zaitezke, eta bertatik ekin ibilbideari; edota Guggenheim geltokitik abiatu Arte Ederren Museorantz.

Gastronomia

Non jan

Abando eta Indautxu auzoen bitarteko eremua hartzen du Zabalguneak, hots, hiriko merkataritza-gune nagusia aurkitzen den tokian. Hortaz, hamaika denda eta bulego daudenez, erraz topatuko dituzu taberna eta jatetxe ugari, non inguruko langileek egunero bazkaltzen edota hamaiketakoa hartzen duten.

Oinezkoen alderdia da neurri batean, beraz, gizarte-bizitza animotsua nabarmentzen da bere kaleetan, Alde Zaharrean bezalaxe. Pintxo gozo-gozoak dastatzeko tabernaz eta jatetxe gomendagarriez betetako guneak dituzu eskura; esaterako, Diputazio kalean (Moyua), Ledesma aldean edota Albia Lorategietan (Abando), baita Poza Lizentziatua (‘Pozas’ bezala ere ezagutzen dena) edota Garcia Rivero Maisua kaleetan ere, biak ala biak Indautxun.

Ostatua

Non lo egin

Bai Abando eta bai Indautxu, Zabalgunearen bihotzean, aukera aproposak dira ostatu hartzeko. Bilbo erdialdean daude, eta bertatik oinez gerturatu zaitezke hiriko turismo-erakarpen gune nagusietara. Hotel, ostatu edota alokatzeko etxebizitza eskaintza zabala zain daukazu. Esan gabe doa premiazko beste kontu bat: Bizkaia osoarekin lotzen diren tranbia, metro eta autobus geltokiak oso gertu dituzu ere bai.

Gaueko giroaz disfrutatu nahi baduzu, Zabalgunean ostatua hartuta, kopak hartzeko tabernak, antzokiak, zinema eta kontzertu aretoak hurbil izango dituzu. Hortaz, ostatura bueltatzeko modua ez da inongo arazorik izango.

  • Bilbo hirian distantziak eskuragarriak dira oinez, beraz, Zabalgunea egun erdiko ibilbidean egin dezakezu erraz, leku bakoitzean ematen duzun denboraren arabera, hori bai. Gure gomendioa da atseden hartzea bere parke ederretan eta inguruko taberna edo jatetxeren batean bazkaltzea.

    Bilboko Arte Ederren Museoa
    Museo plaza, 2. 48009 Bilbo, Bizkaia.
    Egunero irekita 10:00 - 20:00 (jaiegun ez diren astearteetan, itxita)
    Telefonoa: 944 396 060
    Informazio gehiago eta sarrerak bere webgunean

    Azkuna Zentroa (Alondegi ohia)
    Arriquibar plaza, 4. 48010 Bilboo, Bizkaia.
    Astelehenetik ostegunera: 7:00 - 23:00 / Ostirala: 7:00 - 00:00
    Larunbata: 8:30 - 24:00 / Igandea eta jaiegunak: 8:30 - 23:00
    Telefonoa: 944 014 014
    E-maila: info@azkunazentroa.eus
    Informazio gehiago bere webgunean

  • Arte Ederren Museoa edo Azkuna Zentroaz gain, Zabalguneko kaleetan barrena ikusmiran ibiltzera animatzen zaitugu. Era guztietako dendak topatzeaz ezezik, inguruko arte-galeriatxoek liluratuko zaituzte.