angle-left Erronka, gure kirolen oinarri

Zesta punta, hots, euskal pilotaren modalitate bat, Filipinetan ere jokatzen da egun; baserriko jardueran oinarritzen diren herri-kirolek aho bete hortz utziko zaituzte eta gure arraunlarien ausardia itsasoan barrena miretsiko duzu.

Araudia eta azpiegiturak nabarmenki aldatu badira ere, pilotak artisautza lana izaten jarraitzen du, dela ezpel zura, latex eta artilez egindakoa, dela larruzkoa. Modalitate batzuk aipatzearren, pala, zesta punta edota esku pilota ditugu, azken hau ospetsuena dela. Bizkaiko edozein herritan topatuko duzu frontoi on bat, non pilota partida bat ikustea guztiz kitzikagarria den. Jendaurrean apustu itzelak egin ohi dira ere bai. Emigrazioaren ondorioz, Estatu Batuetan nahiz Hego Amerikan pilotaren hainbat ‘enbaxada’ daude. Baita Filipinetan ere, non zesta-punta modalitate bat jokatzen den.

Gure kostaldea eta Bilboko Itsasadarra aintzat hartuta, arraunketa oso errotuta dago gurean. Ezkerraldean, Sestaoko Kaiku arraun taldea nabarmendu genezake; etengabeko lehian Bermeo-Urdaibai klubarekin, esaterako. Era berean, aipagarriak dira Ondarroa, Mundaka, Elantxobe hala nola Bilboko Deustu arraun taldeak. Estropadena kirol ikusgarria da oso, non arraunlarien indar kementsua eta haien arteko sinkronizazioa benetan miresgarriak diren.

Gure idiosinkrasia bereizgarria aise definitzen dute herri kirolek. Baserriko jarduera nekeza dute abiaburutzat, eta bere funtsa honetan datza: nor den indartsuena edo azkarrena frogatzean. Esfortzu handiko probak dira; publikoak egiten duen apustuez ezezik, norberarekiko desafioa agertzen baitute lehenik eta behin.

Baserriko ‘olinpiadak’

Landako jarduera nekagarria kirol-sorta guztiz ikusgarria bihurtu dugu. Indarra eta abilezia jokoan, sokatira Olinpiar Jokoa izatera ere heldu zen 20ko hamarkadan.

Harri zulaketa haitzetan zuloak egitean datza, zulo gehien egiten dituena irabazle dela. Meatzaritzarekin duen erlazioa agerikoa da, horregatik bere jatorria Meatzaldean lekutzen dugu, Ezkerraldean ere ohikoa den arren. Gerra Zibilaren ostean desagertu egin zen, baina 1998an, Ortuellan ospatutako Euskal Jaian, berreskuratu zen.

Idi probak ospe handikoak dira ere bai. Idi pare batez baliatuta, 1,5 eta 4,5 kilo arteko probarria eraman behar da, eta distantziarik luzeena egiten saiatu. Sokatiran, bi taldek, sokaren mutur bietan jarrita, bakoitzak bere aldera tiraka egin behar dute. Erdiko marka gainditzen duen taldeak galdu egiten du. Kirol hau hain arrakastatsua da, ezen 1900-1920 urte bitartean Olinpiar Jokoetako bat izan baitzen.

Harri-jasotzaileek ere fama handia daukate gurean, ezagunena Iñaki Perurena nafarra dela. Funtsean, harri bat lurretik sorbaldaraino jasotzean datza, baina harri horrek 140-190 kilo pisatu dezake. Kanariar Uharteetan eta Irlandan ere egin da kirol hau. Aizkolari probetan, bestetik, enborrak aizkoraz moztu behar dira, ahalik eta denbora gutxienean. Modalitate honetan, Dimako Aitzol Atutxa aizkolaria aipatu behar dugu nahitaez. 2007 urtetik Euskal Herriko txapelduna da, Urrezko Aizkora titulu gorena jasotzearen ohorea duela.

Nola heldu