angle-left Gure bihotz berdea

Gorbeiak garrantzi berezia dauka euskal mendien artean. Gure orografiaren ardatz nagusia izateaz gain, balio historiko garrantzitsua dauka, Bizkaiko deiadar-mendia baita. Mendi hauek erabakigarriak izan dira gure historian, bertatik egiten baitziren deialdiak Bizkaiko Batzorde Orokorrak antolatzen zirenean, sute eta adar-hotsen bitartez.

Gorbeia paradisu aldakorra da oso. Denetarik ikusteko aukera  izango duzu: aritzez eta pagadiez osatutako baso magikoak, haitzak, belardi berdeak, ur gardenetako ibai eta iturburu zoragarriak… Xarmaz beteriko leku honetan, natura eta mitologia elkarren eskutik bizi dira, eta bertako basoetan Bayas eta Zubialde ibaien jaiotza ikus dezakezu. Bertan, mendez-mende artzainek eta euren txakurrek belardi honenak aukeratzen ikasi zuten, eta bertan jaiotzen da Latxa izeneko ardi mota, beste inon ikus daitekeena. Ardi mota hau da Idiazabal motako gazta ematen duena. Bertako txakur-artzainak ere bakarrak dira munduan, eta leialak bezain urduriak izan ohi dira.

1994an, Eusko Jaurlaritzak Parke Natural izendatu zuen Gorbeia eta parkea Gorbeia mendiaren inguruan eta bertako mendien artean ezartzen da: Gorbeiagane, Aldamin, Oketa, Berretin… parkea berez zenbait herrietan ezartzen da: Bizkaian, Areatza, Artea, Orozko, Zeanuri eta Zeberio. Araban, ostera, Zigoitia, Zuia eta Urkabustaiz.

Flora eta fauna aberatsa topa daiteke parke honetan. Ugaztunen artean, oreinak, basurdeak, bisoiak eta mendi-katuak dira paradisu natural honetako auzotar ikusienak. Hegaztien artean, ostera, hegazti harrapakariak. Hala ere, Gorbeia bisitatzean saieztenina da behiak, zaldiak eta ardiak ikustea. Mendiko klima heze honek bizimodu ezinhobea eskaintzen die animalia hauei.

Itxinako Biotopo Babestua eta 100 metroko jauzieradun Gujuliko ur-jauzia Gorbeiako leku erreferenteak dira, eta derrigorrezkoa izan beharko litzateke zoragarritasun bi hauek bisitatzea. Gainera, Orozko Itxina mendigunea dugu, zeinetan kobazulo eta zulo ugari topa daitezkeen. Urtaro guztietan bisitatzea gomendatzen da, bereziki udazkenean. Sasoi honetan, basoetako zuhaitzek kolore gorrixkak izaten dituzte, eta inguratzen gaituen paisaiak Monet-en koadroak dakarzkigu burura, euskal ukituarekin.

Itxina mendiguneko lehen sarrera Atxalurren Begia da. Konplexu Karstikoaren formazio ikusgarrienetarikoa da, 1.100 metrotara. Ikusgarria da benetan. Bertan, kobazulo ugari ikus daitezke: Mariren haitzuloetako bat, Superlegor. Mitologiak dio bertatik Lamiak eta Basajaun igaro zirela eta Sorginek batzarrak egiten zituztela bertan, kobazuloko sarreran sua piztuz.

Ibilbideak

Gorbeiako esentzia bereganatzeko, gutxienez ibilbide tipikoena egitea eskatzen dizugu, Pagomakurretik irteten dena, alegia. Tradizioa da urtarrilaren 1ean gailurrera igoera egitea, urte berria ospatzearren. Horretarako, Areatzara jo beharko duzu, Bilbotik ordu erdira autoz, N-240 errepidean zehar. Herrian bertan ez zara galduko, Gorbeiarako panel asko topatuko ditzakezulako. Igoerak Pagomakurreko aisialdi-zonaldera eramango zaitu eta bertan utzi beharko duzu autoa.

Zure lehen aldia bada Gorbeian, igoera Pagomakurretik egitea gomendatzen dizugu

Ibilbideak ez daukaz inolako zailtasunik eta behar bezala adierazita dago hasieratik amaiera arte. 12 kilometroko luzeera dauka eta laupa bost ordutan patxadaz egin daiteke, joan eta etorri.

Autoa aparkatu bezain pronto, astiro-astiro maldan gora hasiko gara Arrabako belardira arte. Paraje honetara Arrabakoate pasagunetik egingo dugu eta larre osoa gurutzatuko dugu, Elorria basetxea eskuman utziz. Bidexka jarraituko dugu, Gatzarrieta harkaitzpetik igaroz, Aldape igarobidea bilatuz. Egiriñao betzuloa atzean utzi ostean, izen bereko mendi-aterpera eta Elurretako baselizara helduko gara.

Ibilbidea Aldamiñoste mendixkara igaroko da, zeinek Gorbeia (1.482m) eta Aldamin (1.378m) banatzen ditu. Bideak Lekuotz iturrira eramango gaitu. Azken txanpa falta zaigu orain gailurrera heltzeko, ibilbideko gogorrena. Gomendioa denbora hartzea da. Izotz garaian egiten ari bazara ibilbidea, kontu handiz igo, azken metroetan lurra izoztuta egon daitekelako. Gailurrean 17 metroko Gorbeiako gurutzea topatuko duzu, aurrez-aurre. Diseinuak Parisko Eiffel dorrearen antza izan dezake, eta goiko aldean Begoña Amabirginaren brontzezko eskultura dauka. Gaur egun ikus dezakezun gurutzea hirugarrena da: lehenengo gurutzea 1899koa da eta inauguratu eta bedeinkatu bezain pronto apurtu egin zen. Segituan konpontze-lanak egin ziren eta 23 hilabete ostean, 1903ko urriaren 1an bigarren gurutzea inauguratu zen, 25 metrokoa. Gurutze berri honen etorkizuna ere txarra izan zen, haizete baten ondorioz, inauguratu eta bedeinkatu ostean jausi zelako. Azken modeloa, gaur egungoa, 1907koa, ez zen bedeinkatu eta gaur egun arte zutik iraun du.

Gailurrera heltzea Bizkaiko zabaira heltzea esan nahi du, eta Udalaitz, Anboto, Azkorri eta Orduña ikus daitezke. Eguraldi onarekin kostaldea ikus daiteke inolako ahaleginik egin barik.

Gogoratu ibilbide hau ez dela Gorbeiako gailurrera doan bakarra, eskualdeko hainbat aldetatik egin daitekelako.

Nola heldu

Araba eta Bizkaia artean kokatuta, gailurrera igotzeko ibilbide ugari egin daitezke Bilbotik zein Gasteiztik bazatoz. N-240 errepideak parkea inguratzen du ekialdetik eta A-624a, BI-2522 eta A-68a, mendebaldetik. N-622 errepideak hegoaldeko sarrerara eramango zaitu, eta BI-3513ak (Orozko eta Artea konektatzen dituenak), iparraldekora.
 

  • Autobusa

    Bilboko Abando geltokitik ordu erdiko frekuentziaz A3917 linea (Bilbo-Lemoa-Zeanuri) duzu. Termibus eta Zabalburu plazatik A3927 linea duzu (Bilbo-Lemoa-Zeanuri, autopistatik).

  • Autoa

    N-240 errepidea jarraituz gero, Bilbotik 30 kilometro egin beharko dituzu autoz, ordu erdiko bidaia gutxi gorabehera. Helmuga Areatza izango da, eta bertatik Pagomakurrera minutu batzuetako igoera baino ez duzu egin beharko autotik jaitsi barik.

Gastronomia

Non jan

Jatetxerik egon ez arren, parkean piknikgune ugari daude. Azkaria eta bazkariarekin batera azukredun janaria eramatea ez legoke batere gaizki, indarrak berreskuratzeko. Edateko, ura da edari gomendagarriena.Zaramarik sortzen baduzu, gogoratu den-dena poltsa batean gordetzeaz eta behar den lekuan botatzea. Erreserba naturalean zaude, eta berau osasuntsu mantentzea denon ardura da.

Denboraz garaiz bazabiltza eta jatetxe batean bazkaltzeko gogoa izanez gero, autora itzuli eta gertuko herrietara hurbildu beharko zinateke, gure gastronomiako janari tipikoa izango dutelako bertan.

Ostatua

Non lo egin

Gorbeiako parkean ez duzu hotelik ezta apartamenturik topatuko, baina benetako esperientzia bizi nahi baduzu naturan galduta, parkeko aterpeetan gaua igarotzea gomendatzen dizugu. Ez duzu pareko esperientziarik biziko! horrela nahi izatekotan, esan beharrekoa da leku hauek jendez gainezka daudela normalean, eta aldez aurretiko erreserba egin behar dela (denbora-tarte handiarekin kasu honetan).

Ostera, bestelako aukerak nahi izatekotan, gertuko herrietara jo beharko duzu. Bertan hotelak, hostalak, pentsioak, landetxeak eta bestelakoak topatu ahal izango dituzu.

  • Gorbeiako parkean zenbait aisialdiko-ekipamenduko zentro topatuko dituzu, eta interpretazio-zentro bi: bat Arabako Sarrian eta bestea Bizkaiko Areatzan.

    Areatza parketxea
    Gudarien Plaza 1, Areatza. Bizkaia
    Telefonoa: 946 739 279
    E-posta: gorbeia.parke.naturala@bizkaia.eus

    • Ordutegia

      10:00etatik 14:00ak arte / 16:00etatik 18:00ak arte

    • Kokapena

      Gorbeia Parke Naturala

  • Arropa eta oinetako erosoak guztiz beharrezkoak dira. Neguan etorriko bazara euria egiteko aukera altua dago, eta horren ondorioz lokatza topatuko duzu ziurrenik. Horretarako, bota altuak eta azpantarrak oso egokiak dira mendi honetarako.

    Horrez gain, bertan ez duzu jatetxerik topatuko, eta egun baterako azkaria, bazkaria eta ur botila eramatea oso gomendagarria da. Horrez gain eta zorroan lekurik baduzu, argazki-kamera eramatea ideia oso ona da, ibilbidean zehar oroitzapenerako momentu asko kapturatuko dituzulako ziurrenik.