angle-left Bilboko bihotza

Alde zaharra monumentu historiko-artistiko izendatu dute, bertako kaleetako eraikinak mende ezberdinetako altxor arkitektonikoak direlako

Bilbora etortzea eta Alde Zaharra ez bisitatzea bekatua izan beharko litzateke. Hiriko auzo zaharrena da, Ibaiondo barrutikoa eta Plaza Berria, Arriaga Antzerkia, Bidebarrieta Liburutegia, Poltsa eraikina, Atxuri Geltokia, Santiago Katedrala, San Anton, San Nikolas eta San Juan elizak bertan ezartzen dira.

Bilboko Zazpi Kaleak Somera, Artekale, Dendarikale, Belostikale, Harategi Zaharra, Barrenkale eta Barrenkale Barrena dira. Kale bakoitzak antzinako komertzioen izena darama. Horrela, Harategi Zaharraren kasuan, esaterako, hiriko lehen hiltegia bertan izateagatik izendatu zuten horrela. Gaur egun, Alde Zaharra monumentu historiko-artistiko izendatu dute, bertako kaleetako eraikinak mende ezberdinetako altxor arkitektonikoak direlako.

1983an Bilbok momentura arteko katastrofe natural bortitzena jasan zuen bertan izan ziren uholdeekin. Eurite honek kalte material izugarriak eragin zituen, eta Bilboko altxor preziatuena guztiz deuseztatu arren, aurrera egin zuen, hiriko interesgune garrantzitsuena bilakatuz eta erdiguneko altxor arkitektonikoak berreskuratuz.

Erdigune historikoko altxorrak

Zazpi Kaleez gain, hiriko erdigune historikoan gure ondareko eraikin historiko ugari topa ditzakezu. Bidebarrieta liburutegiaren kasuan, Severino de Achucarro arkitektuaren obra hau hiriko zentro kultural garrantzitsuenetarikoa da eta 100.000 liburu baino gehiago gordetzen dira bertan.

Mazarredo Etxea, ostera, XVII. mendeko luxuzko etxea da, garai hartako etxe burgesen adibide ezinhobea. Poltsaren eraikinak, merkatarien kontratazio poltsarakoak, ateburudun fatxada dauka, bertako arkitekturan guztiz ezohikoa. Arana Jauregia errenazimendu berandu estilokoa da, eta puntu erdiko arkuko atea dauka. Emilio Campuzano institutua estilo neoklasikoko ospitale zibila izan zen 1835ean, eta bertako gelen garbitasunak, bentilazioak eta argitasunak berezia bezain bakarra egiten dute. 1879an arte eta ofizioen inguruko zentro bihurtu zuten.

Atxuriko Geltokia arkitektura mota bi bateratzen ditu: mendietakoa eta Euskal Herrikoa, eta emaitza modura tren geltoki zoragarria eraiki zuen Manuel María de Smithek 1912an. Ricardo bastidaren 1912ko Sehaska Etxeak harri artifiziala, adreilua eta azulejo koloreztatua erabili zuen. BBVA bankuaren jatorria Estufa kalean egon arren (1868), urte berean Ribera kalera igaro zen, eta handik San Nikolas enparantzara. Gaur egun, ekitaldi kultural ugari jasotzen ditu bertan: kontzertuak, erakusketak...

Ibilbideak

Alde zaharra, oinez Bilboko alde zaharreko ibilbide behar bezala egiteko, sarreratik hasi beharko zinateke: Areatzatik. Gaur egun aisialdi eta jaietarako prestatuta dagoen espazio ireki honetan jaio zen hiria. Portua bertan zegoen antzina, eta honi esker, Bilbo Europa eta erreinu hispanikoetara zabaldu zen.

Plaza Berriko antzinako negozioak taberna eta jatetxeak dira egun, bertan pintxoak nagusi direla

Areatzako lorategiek xarma berezia dute. Bertatik paseatu ostean, musika-kioskoaren parean egonda San Nikolas eleiza ikusiko duzu ezkerraldean eta Arriaga Antzokiko fatxada neobarrokoa, eskumaldean.

Errepidea gurutzatuko dugu eta San Nikolas ezkerraldean utziz, Unamuno plazara abiatuko gara Askao kalean zehar. Miguel de Unamuno idazleari plaza eta eskultura ezarri zioten Bilboko bihotzean, Maionako eskailerei begira.

Libertate kaletik Plaza Berriara helduko gara. Bere izenak aditzera ematen du hau baino lehen beste bat zegoela, eta aldi berean, zentzu metaforikoan, etengabe berritzen den plaza delako: antzinako negozioak eta italiar jaiak taberna eta jatetxeetan bihurtu dira, eta bertan pintxoak nagusi dira. Libertate kale beretik Unamunora bueltatuko gara, eta bertatik Gurutze kalea jarraituko dugu Zamudioko Atarira arte. Juan Santuen elizako fatxadak kontraerreformaz eta Loiolako Iñigok (San Inaziok) sortutako konpainiaz dihardu. Bertan San Andrés eskola egon zen, gaur egun Euskal Museoan bihurtuta.

Zamudioko Ataria Zazpi Kaleen ataria da. Bertan, Bilboko alde zaharrak ateak irekitzen dizkigu, antzinako harresi ohira sartzen. Ezkerrean lehen kalea topatuko duzu: Somera. Somera bizitzaz beteriko kalea duzu, goizez, eguerdiz, arratsaldez eta gauez gazte eta helduen topalekua da. Hasieratik amaierara ibili beharreko kalea duzu, atzekaldean San Anton eliza topatuko duzulako: Bilboko armarria. San Antonek zubia gorde eta hiria uraz babesten du.

San Antonetik, ibaiaren norabidea jarraituz Ribera Merkatura helduko gara, Europako estalitako hornidura-azokarik handiena.

Errepidea metro batzuk jarraituz, Belostikalera sartuko gara eta J. Echevarria “Camaron” kantoira helduko gara. Kantoi honek Zazpi Kaleak komunikatzen ditu. Horrela, Harategi Zaharra, Barrenkale eta Barrenkale Barrena banan-banan ikusteko aukera izango duzu.

Alde Zaharreko bihotzean bueltan, Yohn Jauregia ikusteko, Andra Mari, Txakur eta Pilota kaleak batzen diren gurutzean, ‘Poltsa’ bezala ezagutua. Bertako kaleetatik Begoña eliza ikusi ahal izango dugu Maionako muinoan. Martxa jarraituz, taberna eta jatetxez beteriko Txakur kalea jarraituko dugu, eta bertako iturri famatura heldu bezain pronto eskumara joko dugu, Santiago plazara.

Gure aurrean Bilboko katedrala izango duzu, hiria baino nagusiagoa den gotiko estiloko tenplua. Antzina eliza izan zen, basilika ondoren eta azkenean katedrale bihurtu zen. Urtero milaka bisita jasotzen ditu etxez inguraturiko katedrale honek, eta bertako beirateek lasaitasuna eta argi leuna eskaintzen diote tenpluari. Katedralea atzean utzita, dendaz beteriko Posta kaletik irtengo gara Arriaga antzokiko plazara.
 

Nola heldu

Alde zaharrera heltzeko ez duzu inolako problemarik izango. Bilboko interesgune nagusienetarikoa izanik, metroa, trena, autobusa eta tranbia zerbitzuak izango dituzu. Bertara autoz joan nahi izatekotan, gomendagarriena Areatzako parking pribatuan aparkatzea da, alde zaharreko inguruetako aparkalekuak oso kotizatuak daude-eta.

  • Trena

    Euskotren trenak Zazpi Kaleak izeneko geltokia dauka Lezama Kukullaga E3 linean eta Bilbo-Donostiako E1 zein Bilbo-Bermeoko E4 lineak Atxurin dute geltokia.

  • Metroa

    Garraiobide publiko azkarrena duzu honako hau eta Zazpi kaleak izeneko geltokia duzu, geltokiaren irteerak San Nikolas eta Unamuno plazak izanik.

  • Tranbia

    Tranbiak Arriaga plazan bertan utziko zaitu, antzokiaren aurrean, eta beraz, alde zaharraren atarian.

  • Autobusa

    Bilbotik bidaiatzeko autobus gomendagarrienak Bilbobusak dira. Areatzan hurrengo lineen geltokiak topa daitezke: 03, 56, 75, 28, 58, 77, 30, 71, 85, 40, 72, 22, 11 eta 62. Frekuentzia handiko zerbitzua eskaintzen du.

  • Autoa

    A-8 errepidetik bazatoz, bide azkarrenak hurrengoak lirateke: Santanderretik bazatoz, 116A irteera hartu, eta Larreagaburu errepidea jarraitu biribilgune batera heldu arte. Bertan, Miraflores etorbidea jarraitu beharko duzu, ondoren Atxuri kalea deituko dena eta azken hau Erribera kalean bihurtuko da. Errepide honek arriaga plazara eramango zaitu. Frantziako norabidetik bazatoz, prozedura berdin-berdina da, baina 116A irteera beharrean, 115B izenekoa jarraitu beharko duzu.

Gastronomia

Non jan

Ziurrenik Bilbon hartuko duzun erabaki zailena duzu honako hau. Alde zaharrean ehun jatetxe eta taberna baino gehiago topatuko dituzu, mugarik gabeko eskaintzarekin: okelak, arrainak, barazkiak, postreak… denetarik topatuko duzu.

Gainera, ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan, giro izugarria izango duzu Zazpi Kaleetan, batez ere Somera kalean zehar. Asteburuetan pintxo-potea antolatu ohi da eta kaleak jendez gainezka egon ohi dira, Athleticeko partidu egunak direnean batez ere.

Aukera zaila da eta oso ondo pentsatu beharko duzu. Ideia nagusia pintxotan ibiltzea bada, Unamuno, Plaza Berria eta Somerako tabernetako gastronomia obrak dastatzea gomendatzen dizugu. Pintxo eskaintza zabala izango duzu bertan: tradizionaletatik hasita sukaldaritza altuko arte-obretara.

Ostera, zure asmoa jatetxe batera jotzea bada, Zazpi Kaleetatik, Txakur kaletik eta Andramariko jatetxeetatik ibilalditxoa egitea gomendatzen dizugu. Bertan, poltsiko guztietarako menuak topatu ahal izango dituzu, den-denak gomendagarriak.

Ostatua

Non lo egin

Kanping eta landetxeak izan ezik, alde zaharrean hostal eta pentsio ugari topatuko dituzu. Horiez gain, hostel ugari daude inguruetan. Ez ahaztu Bilboko bihotzaz hitz egiten ari garela. Zonalde honetan jende asko mugitzen da, eta zure asmoa lasaitasuna bilatzea bada, inguruetako ostatuei begirada bat botatzea da.

Gogoratu zure asmoa bertan lo egitea bada aldez aurretik kontaktuan jartzea gustuko duzun ostatu horrekin, urteko sasoiaren arabera eskuragarritasunak aldaketak jasaten dituelako.

  • Bilboko Alde Zaharra arin batean bisitatu daiteke, baina bertan denda, taberna eta jatetxe ugari topa ditzakezu, eta sakonean ikusi nahi badituzu denbora emango duzu kalean gora eta kalean behera. Hortaz, gogoratu zure denbora behar bezala antolatzeaz eta Bilbok eskainiko dizun hiri paisaia honetaz gozatzeaz.

    • Kokapena

      Alde Zaharra, Bilbo

  • Oinetako erosoak eramateaz gain, bota begirada bat eguraldiaren aurreikuspenari, egun txakurretan euriak zure ibilaldia hondatu ez dezan. Horrez gain, soinean diru kopuru txiki bat eramatea ez da ideia txarra, tabernetako pintxoek eta jatetxeetako menuek eskaintza paregabeak dituztelako.