angle-left Gailur arteko historia bizia: Durango

Noraezean ibilita topatuko dituzu zenbait plaza eta monumentu. Iraganeko aztarnak nonahi, hainbat zokotan murgilduko zara Durangoren historian. Urte osoan zehar ziurtatuta izango duzun giro paregabe batek gehiago ikusi eta ikasteko gogoa piztuko dizu. Zatoz gurekin!

Abiapuntua Santa Ana arkua da, antzina Durango inguratzen zuen harresiak zituen sei ateetatik gelditzen den bakarra.  Garaipen arku itxurako ate honen azpialdetik igaro eta izen bereko plazan dagoen elizan hurrengo etenalditxoa egin beharko duzu. Eliza honek badu zer kontatu, leku honetan, antzina, XV. mendeko beste eliza bat zegoen. 1723an tenplu zaharra eraitsi zen, ordurako eraikin berriaren habeak ezarrita zeudela. 2009an berreraiki zen eta lan arkeologikoak egin ziren, lan honei esker, hiriaren lehenengo plangintzaren aztarnak topatu ziren. Aurrera jarraitu baino lehen, Santa Ana arkutik eliza zure eskuinaldean utzita, joan ezkerraldean dagoen Lariz Torre kalera, eta hemendik dorrera iritsiko zara.

Hiri jauregi errenazentista da, 1483an Isabel erregina katolikoaren ostatu izan zena kartzela izatera igaro zan XIX. mendean. 2009an berriztatu zen XV. mendeko itxurara itzuliz. 

“La Comedie Française”en oinarritutako margolanak dituen eraikina da zure hurrengo geralekua: Durangoko udaletxea. 1945an berriztatu behar izan zen 1937ko bonbardaketaren ondorioz. Hemendik gertu Arte eta Historia museoa dago, Etxezarreta jauregian, non artelan moderno eta historikoki interesgarriak diren elementuak batzen diren. Azpimarragarria da XV. mendeko Durango hiriaren maketa, hartu bizpahiru minutu xehetasunez behatzeko eta antzeman desberdintasunak orduko eta egungo herriaren artean. 

Kalean behera jarraitzen duzula, ezkerraldera San Agustin Kulturgunea ikusiko duzu, ikuskizun ugari eskaintzen dituen erakustokia. Ezkurdi plazan aurkituko zara metro batzuk aurrera egitean, Durangoko jai-giro eta bizimodu sozialaren sorgunea da enparantza hau. Euskotren geltokia, musika kioskoa, frontoia… ezer ez zaio falta aisialdirako gune apropos honi.

Lehenago kontsultatzeko astirik izan ez baduzu, Ezkurdi plazatik gertu Plateruena Kafe Antzokia dago. Plateruenako kultura arloko programazioa oso anitza eta zabala da eta ostalaritza zerbitzua ere eskaintzen du. Pareko Landako gunean aisialdi jarduerak eta publiko ororentzat pentsatutako ikuskizunak antolatzen dira. Azokagune honetan egiten den festarik erraldoiena, abenduro egiten den Durangoko Azoka da.

Bazter hauek ikusi ondoren gure ibilbidea jarraituko dugu eta hurrengo geltokia Uribarriko Andra Maria basilika izango da. Ez harritu bidean merkatu plazako zurrumurruak aditzen badituzu eta eraikin honekin liluratzen bazara. Monumentu nazionala da eta Euskal Herrian daukagun obra apartenetako bat da. Ez zaitez hemendik joan barrualdea ezagutu barik, aldare nagusiko erretaula altxorra da eta ikusi egin behar duzu. Bonbardaketaren biktima, gerora gune hau ere berreraiki egin behar izan zen. Hala ere, errege-erregina Katolikoen estiloko korua, jatorrizko elementurik zaharrena, ikusgai dago oraindik.

Aztarnak

1937 urtekoko martxoaren 31ko goizeko 08.30etan idatzi zen Durangoko historiaren atalik beltzena. Abiazio faxistaren bonbaketariek goizez eta arratsaldez herria sarraskitu zuten, historikoak ziren hainbat eta hainbat eraikin erabat suntsituz. “Memoriarako espazioa” biktima hauek omentzeko sortu zen; elizan mezetan zeundenei, merkatuan zeundenei, oro har, eraso horien biktima izandako guztiei. “Aztarnak” bisita gidatua gustatuko zaizu honen gaineko argibide gehiago nahi badituzu. Bestela, Turismo bulegora hurreratu informazio gehiago jasotzeko eta bide batez, eraikinari erreparatzeko. Kurutzesantu Museoan zaude, Kurutziaga gurutzearen gordelekuan. Gurutze honek monumentu historiko-artistikoaren kategoria dauka. 

Oraindik aurrera jarraitzeko aukera daukazu, zoaz Kalebarriatik gora. Ezkerraldean dago Bizenta Mogel liburutegia. Seguruenik ez duzu jakingo nor den liburutegi honi izena ematen dion emakumea. Bizentari egozten zaio euskarazko lehen testuen idazmena. 

Kale hauetan gora eta behera bazabiltza, erne ibili, ea ez zaren zezen batekin topatzen. San Fausto jaietan, urriaren 13 inguruan, alde zaharrean bigantxa bat askatzen dute, lepotik soka bat duela, Santa Ana plazara eramateko helburuarekin. Eskultura bat ere badago sokamutur honen omenez...ausartzen al zara?

Lasai hartu atseden Pinondo enparantzan korrikaldi honen ondoren eta gozatu Mañaria errekaren alboetako bazter ederrenaz. Ez joan hemendik argazkirik atera gabe Pablo Pedro Astarloaren eskulturari, gurutzeari eta iturri monumentalari. 

Berehala bereiziko duzu Santa Anako arku izugarria eta hemendik Tabirako San Pedrorako norantza hartuko duzu. Hemengo eliza, alde zaharretik zortzi minutura dago gutxi gora behera, baina behin hona iritsita, zalantzarik barik, jarraitu gurekin aurrera, aho zabalik geratuko zara eta: Bizkaiko elizarik zaharrena da, XV. mendekoa eta ustez aurreko Erdi Aroko eliza zegoen lekuan kokatuta dago.

Ezin dituzu galdu

Mikeldi idoloa: Animalia forma sumatzen al diozu? Eskultura hau Mikeldiko San Vicente ermitan aurkitu zen, animalia baten itxura eskematikoa irudikatzen du, eta bere sabelapean disko bat dauka . Durangoko Mikeldi kalean ikusgai dagoena jatorrizkoaren kopia da. 

Madalenako ermita: Jatorrizko eliza XIX. mendekoa da, hilerriak hirigunetik kanpo ateratzeko dekretua sortu zenekoa hain zuzen. Gerora lekuz aldatu ziren eta egungo ermita eraiki zuten. Eraikin honek xarmanki alaituko du zure ibilbidea.

Nola heldu

Durango oso ondo lotuta dago EAEko hiriburu nagusiekin, bai garraiobide publikoz, bai pribatuz. Errepidez, hegazkinez edo trenez bazatoz, ordu erdian iritsiko zara gutxi gorabehera.

  • Trena

    Bilbo edo Donostiatik Euskotreneko E1 linea erabili dezakezu.

  • Autobusa

    Bizkaibusek zenbait linea dauzka Durangora bidean. Bilbotik A3933. linea duzu (Bilbo-Durango), autopistatik. Elorriotik Bilbora doan A3923a eta Bilbotik Elorriora doan A3911 lineak ere erabili ditzakezu.

  • Autoa

    Bilbotik Durangora 34 kilometro daude. Hiriburutik irtetean N-637a jarraitu beharko duzu, eta AP-8tik ondoren. Irteera Iurretan egin beharko zenuke, 88.a da, eta hemendik Durangora iritsiko zara. Egun aparkatzea nahiko zaila da, beraz autoa kanpoaldeko guneetan utzi eta erdigunera oinez gerturatzea da gure gomendioa.

Gastronomia

Non jan

Durangok kale giro aparta izateaz gain jateko eskaintza ugaria du. Jatetxe dotore baten zein tabernetako pintxotan, zure otordua antolatzeko aukera goxo ezberdinak dauzkazu. 

Ostatua

Non lo egin

Durangon lo egitea bada zure asmoa aukera anitz dituzula ohartuko zara. Alde zaharrean, erdigunean, zein naturan murgildutako landetxe baten zure gustura egokituko den lo egiteko tokia topatuko duzu. 

  • Turismo Bulegoa Kurutzesantu Museoan dago.
    Eskaintzen dituen zerbitzuak honakoak dira: Informazio turistikoa, ibilbide audiogidatuak, Durango familian bisitatzeko jokoa*, bisita gidatuen informazioa, txangoen rreserbak eta oroigarriak.

    Durangoko Turismo Bulegoa 
    Kurutziaga kalea, 38. 48200 Durango, Bizkaia.
    Telefonoa: 946 033 938
    E-posta: turismo@durango-udala.net

    • Ordutegia

      Astelehena 10.00 14.30
      Asteartea 10.00 14.30
      Asteazkena 10.00 14.30-16.00 18.30
      Osteguna 10.00 14.30-16.00 18.30
      Ostirala 10.00 14.30-16.00 18.30
      Larunbata 10.00 14.30-16.00 18.30
      Igandea 10.00 14.30-16.00 18.30
      Museoa zabalik dago Turismo Bulegoaren ordutegi berean.
      Larunbat eta igandetan arratsaldez soilik museo gisa.
      Urtarrila, otsaila, azaroa eta abenduan (astelehenetan itxita)

    • Kokapena

      Durango

  • Bisita gidatuen eskaintza aprobetxatuz udalerria ezagutzea beste aukera bat da. Hala ere, guztiz komenigarria da aurretiaz egitea erreserba.
    Era berean, Durangora hurbiltzeko erabakia hartzen duzunean, ekitaldien zerrenda kontsultatzea aholkatzen dizugu hemen urte osoan zehar programazioa anitza bezain ugaria baita.

    Mendira irteeraren bat egin nahi baduzu berriz, ondo prestatua joatea oso garrantzitsua da. Arropa egokiaz gain egingo duzun ibilbidea ondo antolatu eta behar izatekotan bertako jendeari galdetu zalantzaren bat izanez gero.

  • Alde zaharreko bisita beste era batera egin nahi baduzu ziur proposamen hau atsegin duzula: Turismo bulegoan aurkituko duzu Saltoka jokoa. Mapa, gutun eta pegatinez osatuta dago eta Durangoko gune desberdinetan kokatutako altxorrak topatzean datza jokoa, ondarezko elementuak pista desberdinez aditzera ematen direlarik. Ume eta nagusientzako esperientzia aparta da. Zerbitzu honen prezioa 3 eurokoa da eta Turismo Bulegoan dago eskuragarri.