angle-left Urak txoriekin hegan egiten duenean

Barnealdeko Bizkaia kontrastez beteriko natura gordina erakutsiko dizu: mendi altuak, muino leunak, landa eremuan ezarritako haran sakonak… Arratia eta Urduñako haranak edertasunez beterik daude, eta horren parte da Nerbioiko ur-jauzia.

Ibilbide tipikoenak Nerbioiko behatokira eramango zaitu. Urduñako portua autoz igo beharko duzu kurba itxiez beteriko A-2625 errepidetik. Goian, errepidearen norabidea jarraituko dugu, Santiago Mendia irteera ikusi arte. Lehen aparkalekua da, eta gure gomendioa autoa bertan uztea da. Aparkalekuaren parean etxola bat ikusiko duzu.

Ibilbidearen norabidea jakitea gauza erraza da, panelak edonon ikus daitezkeelako. Autotik jaitsi eta ordubeteko ibilaldiari ekingo diozu. Fuente Santiago-Salto del Nervión PR-BU42 basoko pista jarraituz landak, basoak eta aparkaleku gehiago ikusiko dituzu ibilbidean zehar. Dagoeneko, lau aparkaleku gehiago daude, baina normalean autoz gainezka daude, eta ur-jauzitik gertuen dagoena ordainpekoa da. Bidean zehar animali basatiak ikustea ez da hain arraroa, nahiz eta turisten presentziak aldentzen dituzten.

Ibilaldiaren hiru laurdenak egin dituzunean Santiago Mendiaren otso-tranpetara helduko zara. Garai bateko artzainak otsoek euren abereengan sortzen zituzten sarraskiak ikusita, tranpa hauek eraiki zituzten. Berez, ezkutatuta dauden harrizko hobiak dira. Artzainek, otsoen presentzia atzematean, norabide jakin batetik zehar izutzen zituzten eta animaliak zulo horietara jausten ziren.

Tranpak bisitatu ostean, pistara itzuli eta harresi handi bat gurutzatu ostean, bidegurutze bat topatuko duzu aurrez aurre. Ezkerreko bideak Nerbioiko behatokira eramango zaitu zuzenean. Behatokiak 20 lagunentzako tokia dauka eta zati bat airean zintzilikaturik dago. Bertatik sai arre ikaragarrien hegaldiak ikus daitezke Delikako arroilako hormetan hegazti harrapari hauen kolonia ugari daude-eta. Eskumaldean ur-jauzia ikusteko aukera dago, eta aurrez aurre Delika haranaren ikuspegi panoramikoa. Bertan egoteak ileak puntan jartzeko moduko sentsazioa ematen du.

Eskuinaldeko bideak, ordea, behatoki ez-ofizial baina ez horregatik txarrago batera eramango zaitu. Delika erreka gurutzatu ostean, mendizerratik ibiliko zara, pistako norabidea jarraituz, Nerbioi ur-jauziko behatokia aurrez aurre topatu arte. Behatoki ez-ofizial honek naturaren erraldoitasuna eta izakiaren txikikeria erakutsiko dizu 270 metroko jauzi osoaren lekukoa izanik.

Argazkilarien erabakia

Nerbioiko ur-jauziaz gozatzeko beste modua Delika arroilatik zehar xendazaletasuna praktikatzean datza. Urduñatik BI-4906 errepidea jarraituko dugu Delika herriko El Infierno jatetxeko aparkalekura heldu arte. Autoa bertan uztea ideia ona da, lehenbailehen ibiltzen hasteko. Zure helburua zaldi buztanaren oinarrira heltzean datza. Bertan, argazkilariek ur-jauziaren plano kontrapikatu zoragarria dute, Nerbioiko ur-jauziaren nagusitasuna azpimarratuz.

Ibilbidea praktikatzeak ez dauka inolako zailtasunik. Bidea laua da, Delika errekaren hertzetik. Ibilbidean zehar, behiak, zaldiak eta ardiak ikusteko aukera izango duzu, bertako faunaren argazkiak egiteko aukera paregabea, gero! joan etorriak ordubeteko iraupena izan dezake, baina denbora soberan izanda, ideia paregabea da ur jauziko oinarrira gerturatu eta haitzen ondoan bazkaltzea, gero astiro-astiro bueltatzeko.

Urduña, Opilaren ondoko hiria

Bizkaiko gainontzeko herrien artean, Urduña da, Bilboz gain, hiri titulua daukan beste herria. Antzina, Gaztelarekin komertzio-harremanak izateko kokapen estrategiko ezinhobea zeukan hiria zen. Salbada mendizerraren magalean kokatuta, Bilbo eta Gasteiztik 40 kilometrotara, Urduñak Gorbeialdeko paisaiaren edertasunez inguraturik bizi da, natura birjinaren erdigunean. Hiriaren inguruan landa eremu zabala ikusiko duzu, behi, zaldi eta ardiez beteta. Bertan arnastuko duzun aireak ez dauka parekorik eta begiekin arakatuko dituzun txoko guztiek gainontzeko hiriek eskaini ezin dezaketen magiaz itsutuko zaituzte.

Bizitza dago Urduñan. Bertara egingo duzun egun bakoitza ezberdina izango da. Egun eguzkitsuetan, batzuetan, Urduñako Opilaren ikuskizunaz gozatu ahal izango duzu. Aparteko fenomeno meteorologikoa da, zeinean eguraldi antiziklonikoa denean, Burgoseko Losa haranean lainoa denean, alderantzikatze termikoa gertatzen da: hego haize leunak lainoa bultzatu egiten du Salbada menditik Urduñarantz, hegaleko bide erdiraino soilik, ezohiko eszena sortuz. Bertako biztanleak ohituta daude naturak eskaintzen duen ikuskizun honetara, kanpotarrek, fenomenoa ulertu gabe argazkiak ateratzen dituzten bitartean.

Hiri titulua bertan ikus daitezken eraikin batzuengatik eskaini zioten Urduñari: eraikin erlijiosoen artean, XV. mendeko Santa Maria eliza gotikoagatik, Familia Santuaren eliza barrokoagatik eta herriko zaindariaren irudia duen Andra Mariaren Santutegiagatik, alegia. Horiez gain, bestelako eraikin eta jauregiak ikus daitezke hiri honetan: Ortes Belasco, Mimenza, Díaz Pimienta… jauregiak bisitatzea merezi dute, antzina Urduña bera inguratzen zuen harresiaz gain. Gaur egun defentsa-sistema honen %65a mantentzen da. Toki horiek bisitatzeaz gain, Foru plazatik bueltatxoa ematea gomendatzen dizugu, bertan XVIII. mendeko bukaeran egindako eraikin neoklasikoaz gain, udaletxea dagoelako.

Ibilbideak

Gordexola berez burdinaren esparruan hazitako herria duzu, XX. mende erdira arte industria honetan oinarritzen baitzen. Bertan, burdinola ugari topatu zitezkeen. Jauregi eta dorretxeen herria ere bada, eta hainbat luxuzko etxe topa daitezke bertan.

Bilbotik Urduñara bidean, badira Nerbioiko Ibilbidea osatzen duten herriak. Herri hauek Gordexola, Artziniaga eta Kexana dira

Bilbotik irten bezain pronto, BI-636 errepidea hartuko duzu, eta laster BI-2604 errepidea jarraitu beharko duzu, Gordexola norabidean.Errepide bera Urduñako norabidean 25 minutuz jarraituz Artziniagara helduko zara.

Erdi aroko herria duzu honako hau, eta bertako interesgune nagusiak bertako Dorrea, museo etnografikoa eta Enzinako Amabirjinaren Santutegia dira. Errepide bera Urduñako norabidean 25 minutuz jarraituz Artziniagara helduko zara. Elementu arkitektoniko horiez gain, zenbait kirol praktikatu daitezke bertan: xendezaletasuna, BTTa, zaldi-paseoak...etab.

Artziniagatik Kexanara gidatuko dugu 12 minutuz A-624 errepidea jarraituz. Toki interesgarrienak jauregi fortifikatua, eliza, Dominikoen komentua, eta Cabello Birjinaren kapera-dorrea dira. Kexanatik irten bezain pronto Urduñako norabidea hartu beharko zenuke, A-625 errepidea jarraituz.

Nola heldu

Urduñara heltzeko hainbat aukera daude. Praktikoena eta bizkorrena trenez da, trafikorik ez dagoelako eta erdigunean utziko zaituelako. Autoz antzeko denbora emango duzu bidaiatzen, trafiko-arazorik ez badago, noski.
 

  • Trena

    Renfeko Aldiriak tren-zerbitzuaren 3. lineak (C3) arin batean eramango zaitu Bilboko Abando Indalecio Prieto Geltokitik Urduñara. Garraiobide azkarra eta erosoa da, aukerarik egokiena autorik ez baduzu. Ordu erdiro trenak irteten dira Bilbotik eta bidaia 45 minutu ingurukoa da.

  • Autobusa

    Zure aukera autobusa bada, Termibus autobus-geltokiko ordutegiak kontsultatzea gomendatzen dizugu.

  • Autoa

    Autoz bazatoz, Bilbotik 37 kilometrotara dago Urduña, 40 minutu inguruko bidaia, trafiko arruntarekin. Bilbotik A8 autobia hartu eta gutxira A-68 autopista jarraitu beharko duzu, Gasteizko norabidean. 3. irteera hartuko duzu, Laudiorantz eta segituan BI-4516 errepidea jarraitu Laudio-Urduña norabidean. Ondoren, errepidea utzi eta BI-625 errepideari ekingo diozu. Urduñara bigarren irteeratik sartzea aholkatzen dizugu (ekialdekoa).

Gastronomia

Non jan

Nerbioiko Jauziko ibilbideetan ez duzu inolako tabernarik ezta jatetxerik topatuko. Beraz, hamaiketakoa edo bazkaria eta ura eramatea oso garrantzitsua da. Ibilbidearen bueltan, hainbat taberna eta jatetxe topatuko dituzu Urduñan eta inguruetan.

Urduñako inguruetan, ordea, eskaintza zabalagoa izango dituzu, taberna eta jatetxe ugari topatuko dituzulako bertan. Produktu lokalei dagokionez, esperientzia gastronomiko betea eskaintzen du hiriak, euskal sukaldaritzako plater tipikoenak eskainiz: bakailaoa pil-pilean, Marmitakoa… Urduñan ere oso tipikoak dira zonaldeko barraskiloak eta arraultza ekologikoak. Horiez gain, Bilbotik ordubetera egon arren, Urduñan ere bertako produktuez egindako pintxoak topatuko dituzu, Idiazabal gaztarekin egindakoak, esaterako. Arratiako marmelada eta okelak barnealdeko produktu nagusiak dira, oso gomendagarriak den-denak.

Hiriko jatetxeetan aukeratuko duzun edozein menu Bizkaiko Txakoliarekin lagundu daiteke, Euskal Herriko jatorri-deiturako ardo zuria. Aiara eta Nerbioi altuko zenbait entitatek Euskadiko Txakoliaren ibilbidea sortu dute, Ardoaren Hirien Espainiar Elkarteak ezagutarazia. Horrexegatik, Arratian ardandegi ugari topatu ahal izango dituzu. Beraz, ardo zuriaren zalea bazara, ez galdu ibilbide hau egiteko aukera!

Ostatua

Non lo egin

Lo egiteko leku gomendagarriena Urduña bera da. Inguruetan ostatua topatzea lan zaila da eta hirian zerbitzu guztiak topatuko dituzu. Gainera, Urduña hiri lasaia da.

  • Nerbioko ur-jauzia kirolaren maitaleentzako zonalde zoragarria da. Urduña eta Delika inguruan xendazaletasuna praktikatzeko bide ugari daude, adin guztietarako doituak. Ibiltzen hasten bazara ez zara geldituko, ikusteko leku asko daude eta. Bizikletaren kasuan, ostera, bidexka ugari daude Urduñako inguruetan, eta animatuz gero Goiurira hurbildu zaitezke bertako ur-jauzi ikaragarria ikustera. Beste jarduera interesgarri bat (konplexuagoa) Urduñako portua igotzea izan daiteke.

    • Kokapena

      Urduña

  • Kasu egingo badiguzu eta euria egin osteko egun horietan hurbilduko bazara, trekking-a praktikatzeko oinetakoak edo mendiko botak eramatea gogor gomendatzen dizugu. Lurra lokaztuta topatuko duzu ziurrenik, eta aparkalekutik begiratokira doan ordubeteko bidea, harrizkoa izan arren, bidetik irteteko aukera dago. Neguan bazatoz, oinetako erosoak, txanoa eta eskularruak beharko dituzu. Udan, ordea, praka laburrak, betaurrekoak eta txanoaz gain, eguzkirako krema eta ura eramatea lagungarria izan daiteke.

    Azkenik, argazki kamerako bateriak guztiz kargatuta eraman beharko zenituzke. Zorrotik aterako duzun momentuan ez diozu argazkiak egiteari utziko.

  • Urduñak izan ditzakeen jai guztien artean, maiatzeko Otxomaioak dira, ezbairik gabe. Jai horietan, Bihotza izeneko pertsonaia protagonista da. Aste horretan zehar, hiria jendez eta giroz betetzen da. Gainera, nekazaritza eta abeltzaintza azoka antolatzen dute jai hauetan. Horrez gain, aipatzekoak dira ere Aste Santuan zehar egiten diren ospakizunak.