angle-left Jai-giroa ‘friendly’ jaialdietan

Gure jaialdi eta ikuskizun bereziak Bilbo musikaren hiriburu gailentzearen berme dira. Estilo eta gogo guztietarako proposamenak biltzen dituzte Bilbao BBK Live eta BIME ospe handiko festibalek, esaterako. MTV Europe Music Awards sari-ematearen lekukoa ere hartuko dugu 2018an. Igo bolumena!

Bilbao BBK Live erreferentziazko jaialdia bilakatu da nazioarte mailan. Punta-puntako bandak igaro dira Kobetamendiko eszenatoki natural eta txundigarritik. Uztailero, milaka lagun ‘erromesean’ doaz jaialdi honetara, zeinak zuzenekoen gune ondoan kanpin erraldoia duen. Era berean, ‘food-truck’ ugari topatuko dituzu, munduko gastronomia ibiltaria aukeran izango duzula.

Honela bada, erraztasun guztiak eskura dituzu musika esperientzia gogoangarria besarkatzearren. Hori guztia girorik atsegingarrienean: Kobetamendin munduko musikazale anitz biltzen dira, beraz, jende berria ezagutzeko aukera paregabea izango duzu.

BIME-k eskaintza txalogarria du ere bai. Hiru atal nagusi bereizten ditu: BIME Pro musika profesionalei zuzendutako jardunaldiak dira; BIME Live zuzeneko musika eta dj saioen jaialdia da eta BIME City, berriz, hirigunean antolatzen diren doako kontzertu sorta da. Urri amaieran egin ohi da, eta sei edizio ostean, ezinbesteko musika hitzordua dugu. Izan ere, BIME Live-k Jaialdirik Teknologikoenari Fest Saria jaso zuen 2017an.

MTV telebista kate estatubatuarrak Bilbo aukeratu du bere MTV Europe Music Awards sarien 25. urteurrena ospatzeko. Azaroaren 4an izango da sari-emate ekitaldia, baina data horren inguruan bestelako kontzertu eta ospakizunak antolatuko dira, giro guztiz xarmangarria sustatuz. Edozein dela zure aukera, prest egon bidaia ahaztezina bizitzeko, zure zain gaude dagoeneko!

Nola heldu

Bai BIME bai MTV EMA 2018 ekitaldiek Barakaldoko BEC erakustazokan dute leku. Bilbotik 10 kilometro eskasetara dago, beraz, guztiz eskuragarria da garraio publikoa nahiz pribatua hartuta.

Bestalde, Bilbao BBK Live Kobetamendin egiten da. Antolakuntzak autobus zerbitzu berezia eskaintzen du jaialdiak irauten duen bitartean, doan. BEC erakustazokatik (Ansio metro geltoki ondoan) eta Termibus-San Mamesetik irteten dira autobusak, Kobetamendirako bidean. Kotxez bazatoz, BEC erakustazokan aparkatzea aholkatzen dizugu, eta han bertan antolakuntzak jarritako autobusa hartu jaialdiaren esparrura arte.

  • Metroa

    Ansio geltokia justu BEC ondoan dago; beraz, oso aproposa da, eta errazena. Dena den, jakin ezazu metro geltoki honek autoentzako aparkalekua ere baduela. Ekitaldiek irauten duten bitartean, metro zerbitzu berezia aurreikusita dago gau osoan zehar.

  • Autobusa

    Bilbotik abiatuta, 3136 Bizkaibus (Bilbao-Cruces-Barakaldo) autobusa har dezakezu. Bestetik, Barakaldoko autobus-zerbitzuak (KBus) ere geltokia du BEC ondoan.

  • Autoa

    Bilbotik 15 minutu eskasetara dago Barakaldo. A8 autobidean zehar, 8. irteera hartu eta N-637tik jarraitu. Hirigunerako jarraibideak segi; ondoren, biribilgunean, lehendabiziko irteera hartu eta Azkue kalera helduko zara, BEC eraikin handia aurrean izango duzula.

Gastronomia

Non jan

Bilbon bapo jatea inoiz ez da arazoik izango. Hirigunean bertan, hots, Alde Zaharra eta Zabalgune inguruan, hamaika taberna eta jatetxe dituzu zain, karta izugarri erakargarriekin.

Dela euskal errezeta tradizionalak nahiz pintxo-ibilbideak (hau da, poteoa), dela Michelin izardun proposamen berritzaile bezain dastagarriak, ase eta bete geldituko zarela ziurtatu ahal dizugu.

BEC-eko ingurumarietan ere hainbat aukera gastronomiko nahigarriak dituzu, eguneko menua nahiz menu berezia eskaintzen dituzten jatetxeetatik hasita ‘fast-food’ gisako tokiak arte.

Ostatua

Non lo egin

Barakaldon bertan eskura dituzun hotel edota ostatuetan gaua eman dezakezu. Bilbo aukera aproposa duzu ere bai, askoz zabalagoa gainera. Metroz nahiz autobusez oso ondo lotuta daudenez gero, erraz hel zaitezke hiriburura BIME Pro/Live edota MTV EMA-tik bueltan, eta bertan ostatu hartu.

Bilbao BBK Live-ri dagokionez, jaialdi-gunetik 3 kilometro eskasetara kanpin izugarria daukazu, 12.000 lagun inguruko edukierarekin. Kanpalekuak ‘deluxe’ aukera ere badu, hotel bateko erraztasun guztiekin: elektrizitatea, ohe bakar edo bikoitza (ohe-arroparekin eta guzti), buffet zerbitzua gosarirako… (Jaialdiko kanpalekua erreserbatzeko).

Beste behin ere, Bilbo hirigunera bueltan doan autobusa hartu dezakezu jaia bukatu ostean eta eskaintza zabala izango duzu zain: hotelak, ostatuak, aterpetxeak… Baduzu non aukeratu, ez kezkatu!

  • Kontsulta itzazu gure punta-puntako jaialdi eta ekitaldien webguneak kartelarekin liluratzeko, sarrerak erosteko edota azken berriak jasotzeko. Motxila eta sarrerak behin prest dituzula, musika esperientzia ikaragarriaz disfrutatzea da zure lehentasun bakarra, ondo pasa!

    Bilbao BBK Live

    Noiz: Uztailak 12, 13, 14

    Non: Kobetamendi (Bilbo)

    BIME Live/Pro/City

    Noiz:

    BIME Pro: Urriak 24 - 25 - 26

    BIME Live: Urriak 26 - 27

    BIME City: Urriak 24 - 25 - 26

    Non:

    BIME Pro eta BIME Live: BEC (Bilbao Exhibition Centre) (Barakaldo, Bizkaia)

    BIME City: Bilbo hiriguneko hainbat aretoetan

    MTV European Music Awards 2018

    Noiz: Azaroak 3 (kontzertua San Mamesen) + Azaroak 4 (sari-ematea)

    Non: Bilbao Exhibition Centre (BEC!), Barakaldo

    • Prezioa

      Bilbao BBK Live

      Sarrerak hemen

      3 eguneko abonamendua: 155€

      3 eguneko abonamendua + kanpinga: 165€

      Eguneko sarrera: 60€

      Kanpinga (4 gau): 10€

      BIME Live/Pro/City

      BIME Pro. 65 € + 6 € banaketa-gastuak

      Erosi itzazu zure sarrerak hemen

      BIME Live. Bi egunetarako abonamendua: 48 € + 6 € banaketa-gastuak

      Erosi itzazu zure sarrerak hemen

      BIME Pro + Live abonamendua. 98 € + 6 € banaketa-gastuak

      Erosi itzazu zure sarrerak hemen

      BIME City. Doako sarrera edukiera bete arte

    • Kokapena

      Kobetamendi (Bilbao)
      Bilbao Exhibition Centre (BEC) (Barakaldo)

  • Musika jaialdiak nekagarriak izan daitezke: ordu pilo bat zure artista kuttunenak ikusten, gora eta behera, festa, gaupasa… Beraz, arropa eta oinetako erosoak eraman itzazu, jardunaldi luzea aurretik duzu eta.

    Bestetik, jaialdian bertan erosteko erraztasunak dituzu. Bilbao BBK Live-k eta BIME-k, esaterako, ‘cashless’ sistema darabilte. Hau da, sarrera-eskumuturrekoa online edo gunean bertan diruz kargatu eta horrekin ordaindu ditzakezu janaria, edaria, ‘merchandising’-a, etab.