angle-left Goi mailako diseinua

Euskal diseinatzaileak, etorkizun oparoko gazteak edota kalitate-bermea duten denda berezituak. Hemengo moda eta diseinu eskaintza zabala da oso. Zure bidaiaren oroigarri esklusibo bat eraman nahi baduzu etxera bueltan, Bilbon zain dituzu azken joerak bertoko nahiz nazioarteko jantzietan, osagarrietan eta altzarietan.

Euskadi marka daramatzaten jantziak edota osagarriak erosi gura badituzu, ezinbesteko geltokia duzu Skunkfunk-en. Ospe handiko marka hau Mikel Feijoo bizkaitarrak sortu zuen 1999an. Egun, Europako 15 herrialdeetan ditu dendak. Landa-giroan oinarritutako diseinu jasangarria du ezaugarri nagusitzat. Zergatik, bestalde, modarekin disfrutatu eta bere ‘look’ propioa diseinatzea gura duten emakumeei zuzentzen zaie. Orobat, gaur egungo emakumeak iradokitzen ditu Bilboko Trakabarraka-ren diseinu kolorezaleak.

Loreak -hasiera batean Loreak Mendian izenez ezaguna-, Euskadiko hiri-modaren adierazle nabarmena dugu. Estilo europarrean oinarrituta, bestelako moda eskaintzen du. Zure estiloa soila eta dotorea bada, minimil-en katalogoari begiratu bat egitea gomendatzen dizugu, Balenciaga maisuaren eragin argia duena. New Basque Style korrontea ere jarraitzen du, hau da, nazioarteko joeretan oinarrituz, euskal ikutua mantendu eta goi-mailako lehengaiak darabiltza.

Bizkaitarra ere badugu Alicia Rueda, ezkontza-modaren alorrean izen entzutetsuenetako bat Estatu mailan. Eztei-jantziak diseinatzeaz ezezik, gonbidatuentzako nahiz festa eta ospakizunetarako jantziak ere taxutzen ditu. Bere diseinuak alfonbra gorrian maiz ikusiko dituzu, Suarez zigilua daramatzaten bitxiak bezalaxe. Nazioarteko ospea duen bitxitegia Bilbon sortu zen, 1943an.

Bizimodu eta estilo bilbotarraren oroigarri baten apeta baduzu, gure aholkua da Alde Zaharretik buelta bat ematea. Hiriko bihotzean du saltokia, esaterako, Sombreros Gorostiaga txapela-marka enblematikoak. 161 urteko historia bermerik behinena duela, inon ez duzu topatuko txapel edo kapelik dotoreagorik.

Bestalde, nazioarteko azken nobedadeak interesatzen bazaizkizu, Echegoyen edota Persuade gisako dendek luxuzko marka anitzen produktuak salgai dituzte, abangoardia-modaren gotorlekua bilakatuz. Halaber, Ercilla, Moyua eta Alde Zaharreko merkataritza-guneetan aparteko estiloa duten arropa, bitxiak, eskuko-boltsak eta osagarri-dendak eskura dituzu. Gustu eta estilo guztietara egokitzen diren proposamenak bermatuta daude.

Bertoko eta nazioarteko diseinua

Azken hamarkadetan Bilbok jasan duen eraldaketa ezinbestekoa izan da diseinuzko altzari eta produktuen enpresek gurean ezartzeko. Halere, Gaston y Daniela bezalako espazio batzuek jada bazuten ospe handia dekorazioaren alorrean. Beste batzuk, ordea, pixkanaka joan dira bere ateak irekitzen gure kaleetan, eskaintza artistiko eta estetikoa aberastu dutela barne-diseinuaren bitartez. Espazio gehienak Zabalgunean kokatzen dira; beraz, diseinua gustuko baduzu, gune honetara hurbildu behar zara dudarik gabe.

Firma batzuk aipatzearren, Tokyo Story interiorismo eta dekorazioaren erreferentea dugu. Baita Urbana 15 ere, non azken joerak miretsi ditzakezun bere ‘showroom’ ikaragarrian. Le Patio Bilbaok, bestetik, altzariak eta dekorazio-objektu bilduma erakargarria dauka, ikutu moderno eta dotorea ezaugarri duela. Mosel-ek nazioarteko diseinatzaileek sinatutako altzariak, sukaldeak eta osagarriak eskaintzen ditu. Atico 60-ren diseinu-kontzeptua bat dator mundu-mailako gaurkotasunarekin. Espazio hauez gain, nazioarteko markak ere baditugu; esaterako, Kartell edota Bang & Olufsen, biek ala biek berezko saltokiak dituztela Bilbon. 

Artisau-lana estimatzen baduzu, Alde Zaharrean badira hainbat saltoki mitiko; adibidez Cesteria Alonso saski-denda, eskuz egindako zume nahiz ihizko objektuetan maisuak direla. Era berean, La Merced zaharkin-dendan, zaharberritzeaz gain, antzinako objektuetan eta arte-lanetan ere adituak dira.

Nola heldu

Gisa honetako denda gehienak Zabalguneko eta Alde Zaharreko merkataritza-guneetan lekutzen dira; oinezkoentzako alde ugariekin, hortaz, oinez ibiltzeko ezin aproposagoak dira. Autoz ere hel zaitezke hirigunera, baina gomendatzen dizugu garraio publikoa hartzea.
 
  • Metroa

    Zabalguneko merkataritza-ibilbideak egiteko asmoz, Abando, Moyua nahiz Indautxu geltokietan jaitsi zaitezke. Bilboko bihotzetik dendaz denda ibili nahi izatekotan, orduan Alde Zaharra da zure geralekua.

  • Tranbia

    Aukera aproposa izan daiteke Alde Zaharreko dendetara heltzearren (Arriaga edota Erribera geltokiak), baita zure ibilbidea Zabalgunean hasi nahi baduzu (Abando) edota zuzenean diseinu-saltokietara abiatu nahi izatekotan (Guggenheim edo Euskalduna).

Gastronomia

Non jan

Zabalguneko dendetan ikusmiran ibili ondoren apur bat nekatuta zaudela, hartu ezazu atsedenalditxo bat hiriko pintxorik gozoenak dastatzeko, Diputazio, Henao zein Heros kaleetan dauden betiko tabernetan. Indautxu aldean, Maestro Garcia Rivero edota Gregorio de la Revilla kaleetan ere baduzu non aukeratu.

Bestalde, Alde Zaharretik bazabiz, erabat gomendagarria da Plaza Berrian dauden kafetegi tradizionaletan mokadu bat hartzea, hala nola Zazpi Kaleetan edota Erribera Merkatuaren inguruetan dauden tabernetan. Betiko zaporeek eta usainek liluratuko zaituzte ziur.

  • Bilbo Europako hiri kosmopolita dugu, non moda eta diseinuaren gaineko azken joeren berri jaso dezakezun, bai bertoko nahiz nazioarteko diseinatzaileei dagokienez. Zure bidaiaren oroigarri esklusiboa eraman dezakezu etxera bueltan, dela arte-lan bat, dela altzari edo jantzi bat. Beste era batera esanda: aprobetxatu ezazu zure bisita eta emaiozu ikutu bilbotarra zure armairu edo etxeari. Horrela inoiz ez zara gure lurraldeaz ahaztuko.

    Kontsulta itzazu zure saltoki kuttunen webguneak; ordutegien, marken eta prezioen informazio guztia aldez aurretik jaso dezazun.

    • Kokapena

      Bilbo

  • Zorionez, moda eta diseinu denden gune nagusiak Zabalgunean eta Alde Zaharrean biltzen dira, hau da, Bilbok jateko duen tokirik aipagarrienetan. Gauzak horrela, dendaz denda ibili ostean geldiunetxo bat egitea gomendatzen dizugu, pintxo eta txakolin pare bat hartzearren, dela Zabalgunean edo Alde Zaharrean. Gozo-zalea bazara, zorionekoa zara ere bai: aipatu zonaldetan hiriko gozotegirik hoberenak daude. Beraz, Carolina edota arroz-pastel zaporetsua dastatu dezakezu erakusleihoei so zauden bitartean...