angle-left Izadia lasai ederrean

Naturarekin aise egingo duzu bat Bizkaian, paisaia berdeek eta aire garbiak zeharo biziberrituko zaituzte eta. Dela gure Parke Natural batean, dela golf partida edota talasoterapia bainu-etxe batean, esperientzia guztiz bizigarria bermatuta dago.

Golfean aditua nahiz hasi-berria zarela, zure mailara egokitzen den zelaia aurkituko duzu gurean. Getxon, esaterako, zelairik zaharrenetakoa dugu Neguriko Golf Errege-Sozietatea, 1911n sortua. Hasieran Leioan ezarri bazen ere, gerora zelai berria ireki zuten Galean (1961), itsasoari begira, Aixerrotako ibilbide zoragarriak inguratzen duela. 2017an, kroket zelaia estreinatu dute, Euskadiko gune ofizial bakarra dela.

Ortuellan, bestetik, Meaztegi Golf daukazu, Severiano Ballesteros jokalariak diseinatua. 18 zuloko zelaia izaki, eskola ere badauka bere baitan. Horrez gain, azpimarratzekoak dira Larrabetzuko Bilbao Golf, Laukarizko kirol-kluba hala nola Mungian den Urgoiti Jauregiko luxuzko instalazioak, besteak beste.

Landa-turismoa gustuko baduzu, Bizkaian bada non hautatu. Urkiola, Armañon eta Gorbeia Parke Naturalez gain, Urdaibaiko Biosfera Erreserba bisitatzea eta bere paradisu naturalean barrena ikusmiran ibiltzea guztiz gomendagarria da. Halaber, Urduñako harana ere miresteko modukoa da, baita bere 800 bat metroko horma zutak ere. 

Ibilaldi luzean nahiz golfean aritu ostean, arima eta gorputza behar bezala erlaxatzea merezi duzu. Hainbat proposamenen artean, Molinar termak gomendatzen dizkizugu. Ohiko talasoterapia tratamenduaz gain, ospe handikoak dira lokatz-bainuak ere bai. Karrantzako haranean kokatuta, mende bat baino gehiagoko historia daukate, 2003an guztiz eraberritu badituzte ere. Hori bai, XIX. mendeko jatorrizko arkitekturaren xarma mantentzen du. Halaber, Gorbeiako Parkean den Areatza bainuetxe-hotelak bereizgarri du darabilen ur mineral sendagarria, bereziki onuragarria dena azala zaintzeko hala nola erreumari aurre egiteko.

Nola heldu

Ostatua

Non lo egin

Bizkaiko Parke Naturalak bisitatzekotan, bertako aterpe nahiz inguruko herrietako ostatu edota landetxetan egin dezakezu lo. Bestetik, golfa bada Bizkaia bisitatzeko arrazoi nagusia, hainbat zelai-guneren baitan badituzu hotela, jatetxea eta kafetegi zerbitzua. Adibidez, Mungiako Urgoiti Jauregia Golf-en, luxuzko logeletan atseden hartzeko aukera izango duzu. Bestetik, bai Molinar termek bai Areatza bainu-etxeak hotel zerbitzua dute, beraz, oso eta santu lo egingo duzula ziurtatu ahal dizugu.