angle-left Ezagutu gaitzazu gure museoen bidez

Museo gehienak Bilbon topatuko dituzu, nagusiak Guggenheim eta Arte Ederretako museoak izanik, ia derrigorrez bisitatu beharko zenituzkeen museo bi. Geldialdi horiez gain, bestelako museoak bisitatzea erruz gomendatzen dizugu.

Guggenheim museoa 1997an inauguratu zenetik Bilboko arte eta kultura ikonoan bilakatu da, ezbairik gabe. Aro garaikideko artelan erakusgarrienak biltzen ditu museo honek. Fatxadak aho bete hortz utziko zaitu: Frank Gehryren titaniozko egitura duzu honako hau eta barrualdean Serra, Chillida, Kiefer, Warhol edo Sauraren behin betiko erakusketak topatuko dituzu.

Museo hau baino lehen, Arte Ederretako museoa zen hiriko esanguratsuena, bisita kopuruan. Guggenheim museoaren itzalean dagoen eraikin honek antzin aroko, aro modernoko eta aro garaikideko artearen 10.000 pieza inguru biltzen ditu barnealdean eta Grekore, Matisseren eta Picassoren artelanak ikusteko aukera paregabea izango duzu, bertako Zuloaga edo Arrúe bezalako artistak ahaztu gabe.

Historiaurreko maitalea bazara zure museoa Arkeologia Museoa duzu. Duela 10.000 urteko piezak ikusiko dituzu bertako erakusleihoetan. Bestalde, gure esentziaren jatorriaz den-dena jakin nahi baduzu, Euskal Museoa bisitatzea gomendatzen dizugu, San Andres eskola ohian kokatutakoa. Bertako erakusketan Euskadiko iragan industriala, arrantzalea eta nekazaria ezagutu ahal izango duzu.

Ibaiaren pare-parean Bilboko Itsasadarreko Museoa topatuko duzu, ibaian bertan oinarritutako kultura-tenplua. Horiez guztiez gain, Athletic-en museoa, Berreginen museoa eta beste asko bisitatzeko aukera izango duzu Bilbon bertan. Zeren zain zaude?

Bizkaiko Museoak

Bizkaian museo ugari dauzkagu zuretzat, eta horietako hainbat gomendatuko dizkizugu jarraian: Galdamesen Loizaga dorrearen barnean Auto zahar eta klasikoen museoa bisitatu ahalko duzu, munduko Rolls Royce bilduma osatuena bertan egonik.

Barnealdean, El Pobal herrian Ferreriaren museoa topatuko duzu, zonaldeko burdin minerala lantzen duen museoa. Museoa antzinako errota batean bertan ezarrita dago, naturan galduta. Bertatik kiloemtro gutxira Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa topatuko duzu, gure iragan industrialaren inguruko informazio guztia biltzen duena. Portugaleten, Bizkaiko Zubiaren alboan Rialaia dago, industyriaren ingurukoa ere.

Gernikan, Bakearen Museoa topatuko duzu, balio historiko kalkulaezina duen herrian bertan kokatuta. 1937an bonbardaketa pairatu zuen herri honetako museoa bisitatzeaz gain, herritik ibilalditxoa egitea oso gomendagarria da. Balmasedan La Encartada txapelen lantegia zain daukazu, gaur egun museo bihurtua. Txapelak Euskal Herriko janzki tipikoa duzu.

Nola heldu