angle-left Ongi etorri Bizkaiko jaialdietara

Jaialdirik garrantzitsuenen artean Bilbao BBK Live nabarmendu dezakegu. Pop, rock eta elektronika uztartzen ditu eta uztailean ospatzen da, hiru egunetan zehar. Milaka pertsona batzen ditu urtero Kobetamendiko eszenatoki naturalak.

Dagoeneko hamabi edizio egin dira eta gurean nahiz nazioarte mailan oso ezaguna da Bilbao BBK Live. Kobetamendiko eszenatokietatik jada igaro dira Guns N' Roses, Iron Maiden, Fito y Fitipaldis, Metallica, Love of Lesbian, Muse edota Coldplay gisako artistak, beste askoren artean.

Jaialditik hiru kilometro eskasetara, lo egiteko kanpin erraldoia topatuko duzu. Mendialdean kokatuta, 12.000 lagunentzako edukiera du.  

2017ko martxoan, Iberiar Penintsulako Formatu Handiko Jaialdi Onenaren saria jaso zuen Bartzelonako Iberian sarietan. Horrez gain, kanpaldi gune, promozio turistiko, ostatu, harrera eta azpiegitura onenak dituela ere aipatu du epaimahaiak.

Dena den, Bizkaiko jaialdiak ez dira udan bakarrik ospatzen. Udazkenean, adibidez, BIME Live ekitaldiaz gozatu dezakezu. Bi gauetan zehar ospatzen da eta egungo musikari ospetsuenetakoak hurbiltzeaz gain, etorkizun handiko artistak aurkeztu ohi dira. Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan egiten da eta eskaintza ezin zabalagoa aurkezten du edizio bakoitzean. 20.000 pertsona baino gehiago biltzen dira urtero, Crystal Fighters, Imagine Dragons, The Kooks, Los Planetas eta abarren musika entzuteko prest. Hala bada, BIME-k Europako entzuleriarik anitzena erakartzeko ospea du.

Urte batzuetatik hona, jaialdi txikiagoak ere nabarmentasuna lortuz doaz pixkanaka. Indie, pop eta rock musika estiloen maitale izanez gero, aukera paregabea izango duzu Bizkaian. Honen adibide Mundaka Fest jaialdia da; musikaz batera, gastronomia eta natura uztartzen baititu. Ekitaldiak Urdaibaiko Biosfera bete-betean du leku: Santa Katalina penintsulan, Mundakako altxorrik preziatuenean, hain zuzen ere. Kanpalekurik ez badu ere, Mundaka eta inguruetatik ostatuak, hotelak edota aterpetxeak aurkitu ahal izango dituzu.

Musika, festa eta girorik hoberena

Bizkaian aniztasun handia dago jaialdiei dagokienez; hainbat musika estilotara bideratuta dauden eta hain jendetsuak ez diren festibalak zain dituzu eta.

BBK Music Legends, esaterako, rock, blues edota soul musika estiloak eskaintzen ditu. Honetara Van Morrison, Georgie Dame edota Gov’t Mule gisako artistak Sondikako La Ola zentrora hurbildu izan dira. Kontzertuez gain, txoko sortzaile eta gastronomikoekin ere egingo duzu topo.

Bizkaiko udako jaialdirik ezohikoenetako bat Dimetal Fest da. Duela hiru urtetik hona, Arratiako Dima herriak Su ta Gar, The Faitheless edota Drakum bezalako taldeak entzuteko prest dauden ikus-entzuleak hartzen ditu.

Reggae musika estiloaren maitale izanez gero, Armintzak Txapel Reggae festibala antolatzen du. Uztailean ospatzen da, eta musika nahiz dantza euskal-jamaikarra aurkezten dira. Macka B, Danny Red edota Jah Observer artistak jada izan dira Armintzako eszenatokian, besteak beste.

Getxok, bestetik, blues soinuak jasotzen ditu bere Nazioarteko Blues Jaialdian. Nahiz eta ikuskizun batzuk ordainpekoak izan, hainbat kontzertu doan entzuteko aukera ere izango duzu Getxoko kaleetan. Bertara hurbiltzen diren artisten artean, William Bell, Priscilla Band edota Confluence dituzu, artista ezohikoak entzuteko parada ere izango baduzu.

Nola heldu

Jaialdi gehienetara garraio publikoz zuzenean heltzeko aukera baduzu ere, herri edo hiritik aldenduta dauden jaialdietara heldu ahal izateko, aldaketak egin beharko dituzu. Horrenbestez, hartu beharreko garraioak zehazki jakiteko, jaialdien webguneei erreparatzea gomendatzen dizugu.

Ostatua

Non lo egin

Aukeratutako jaialdiak kanpalekua ez badu, Bilbo eta inguruko ostatu, hotel edota aterpetxeetan ostatatu ahal izango zara. Hiri erdialdean hainbat izarretako hotelak aurkitzeaz gain, aterpetxe edota ostatu merkeagoak aurkituko dituzu erraz.