angle-left BIME Bizkaia International Music Experience

Bizkaia International Music Experience (BIME) ekitaldiaren seigarren edizioa urri amaieran garatuko da. Udazkeneko musika-hitzordu ezinbestekoa dugu hau, Europako jaialdirik hoberenetako bat izatearen ospea duela. Musika zale nahiz industria-profesionalentzako jardunaldi honek hiru atal ditu: BIME Live, BIME Pro eta BIME City.

BIME Live. Bi gauez, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokak barne hartzen ditu hainbat eszenatoki, non Estatuko nahiz nazioarteko taldeek kontzertu txundigarriak eskaintzen dituzten. MGMT, Editors, Slowdive, Belako, Vulk, Kurt Vile & The Violators, Elena Setién eta Unknown Mortal Orchestra dira lehendabiziko talde baieztatuak, besteak beste. Ondo apuntatu datak: urriak 26 (ostirala) eta 27 (larunbata).

BIME Pro. Industria musikal eta digitalari zuzendutako lehendabiziko azoka europarra da. Urriaren 24tik 26ra bitartean, BEC-eko aretoetan antolatuko dira jardunaldi hauek, era guztietako hitzaldi, mahai-inguru, tailer eta ekitaldiekin, baita aurkezpenak, formakuntza ikastaroak eta ‘speed meeting’-ak (bilera arinak) ere. Musika-industriako ekoizle, promotore eta adituen eskutik jasoko ditugu sektoreko azken berri eta joerak, hala nola punta-puntako komunikazio, marketing nahiz teknologia enpresen ordezkariengandik. 

BIME City. Paraleloki, urriaren 24-26 bitartean, Bilboko kaleak eta areto ikonikoak zuzeneko musikaz blai egongo dira. Etorkizun oparako artista gazteen proposamenak ezagutzeko aukera izango duzu, Estatu eta nazioarte mailan. Hiriguneko areto ospetsuenek hartzen dute parte BIME Cityn, hots: Kafe Antzokia, Azkena, Stage Live, Bilborock, La Ribera, Shake, El Balcón de la Lola edota Hika Ateneo, besteak beste. Orotara, 40 kontzertu baino gehiago eskaintzen dituzte. Gainera, sarrera doakoa da edukiera bete arte. Non ikusiko dugu elkar, beraz?

Gomendioak

Esan bezala, BIME City saileko kontzertuak doako sarrerakoak direnez, edukiera bete arte, aholkatzen dizugu denbora nahikorekin hurbiltzea aretoetara, leku egokia hartzearren zure gustuko talde edo bakarlariaz behar bezala disfrutatzeko. Gogoan izan Bilboko areto oso jendetsuak direla egitasmo honetan parte hartzen dutenak, beraz, antolatu zaitez ondo eta ez ezazu galdu aukera paregabe hau!

Nola heldu

Hegazkinez bazatoz, aireportutik irteten den Bizkaibus A3247 autobusa (15’) har dezakezu, eta Moyua Plazan jaitsi, hau da, Bilbo hirigunean bertan. Orduan, metroaren aukera duzu Barakaldon den BEC-era heltzeko (Ansio geltokia, justu erakustazoka ondoan).

BIME City-ri dagokionez, Bilbo hiriguneko hainbat aretotan egiten den heinean, garraio publikoa hartzea guztiz gomendagarria da. Metroa hartuta erraz hel zaitezke hiriko gune nagusietara, esaterako. Honela bada, Abando geltokian jaitsi Kafe Antzokia, Azkena, Stage Live eta Shake aretoetara bazoaz. Bestetik, zure gogoko artistek La Riberan, Bilborocken nahiz Hika Atenean jotzen badute, orduan Alde Zaharra geltokia da zeurea.

Gastronomia

Non jan

Bizkaiak goi-mailako gastronomia ezaugarri du. Halaber, Bilbo hiri guztiz kosmopolita dugu, non euskal sukaldaritza tradizionaleko eta azken gastronomia-joerako jatetxeek (urban nahiz slow food, kasu) bat egiten duten. Gure platerrak ez dira gure erroetara mugatzen bakarrik, mundu osoko zaporeak dastatzeko aukera izango baituzu hirigunetik irten gabe: txinatarra, japoniarra, mexikarra, italiarra… baita hainbat bazterreko errezetak nahasten dituzten jatetxe berritzaile eta erakargarriak ere. Dena den, Alde Zaharreko nahiz Zabalguneko tabernetatik ‘poteoan’ ibiltzeko gonbitea luzatzen dizugu: horietan dastatuko dituzun pintxoak aintzat hartuz, ez zara batere damutuko!

Ostatua

Non lo egin

BEC erakustazoka (Barakaldo) Bilbotik 10 kilometrotara dago besterik ez. BIME Pro nahiz BIME Live-ra bazatoz, beraz, Barakaldon bertan eskura dituzun hotel edota ostatuetan gaua eman dezakezu. Bilbo aukera aproposa duzu ere bai. Metroz nahiz autobusez oso ondo lotuta daudenez gero, erraz hel zaitezke hiriburura BIME-tik bueltan, eta bertan ostatu hartu (edo jarraitu jai-giroa BIME City bide, nonbait). Gainera, ekitaldiak irauten duen bitartean, metro zerbitzu berezia ahalbidetuko dute gau osoan zehar.

Bilbon ostatu hartzea erabakitzen baduzu, eskaintza zabala daukazu: Izar bakarreko nahiz 5 izardun hotelak, ostatuak, aterpetxeak, alokatzeko etxebizitzak… Dela hirigunean bertan edo inguruko auzoetan, zure gustuko aukera topatuko duzu ziur.

Deskontuak

BBCardek eskainitako deskontuak

Erosi