angle-left Athletic Club, gorri-ta-zurea

Futbolzalea bazara eta Bilbon turista gisa zaudela, Guggenheim nahiz Arte Ederretako museoa bisitatzearekin batera, San Mameseko “Katedrala” ezagutu beharra duzu. Itxuraz, zelai berde zabal bat baino ez da, baina mendemuga gainditzen duen historia aberatsa biltzen du bere baitan. Ezagutu nahi?

Athletic Club futbol-talde bat baino askoz gehiago den moduan, San Mames estadio hutsa izatetik askoz haratago doa. Bertako museoak benetan merezi du bisita; historiaz, bitxikeriez eta klubaren xehetasun guztiez jabetzeko parada izango duzu eta.

Besteak beste, “Katedralaren” bilakaera kontatzen duen 3 dimentsioetako film ikaragarria ikus dezakezu, baita Manuel Mª Smith arkitektoaren jatorrizko planoak ere, hamaika objektu interesgarrien artean, hala nola: jokalari mitikoen argazkiak, ekipamendu ohiak, tituluak, kopak, sarrerak eta abar luzea.

Erakusketan topatuko dituzun bideo ugari interaktiboak dira gainera, haurrentzat nahiz gazteentzat bereziki erakargarria dena, ikusentzunezko lengoaian trebetasun naturala baitute.

Athletic Club-aren antzina ezagutu ondoren, bere oraina (eta etorkizuna) gertutik bizitzeko unea dator: San Mames estadiotik tour gidatua; zelaia, aldagelak baita Ohorezko Palkoa ere zapaltzeko aukera ezin hobea eskainiz.

Athletic Club-aren filosofia ezagutuz

Futbolarien egunerokotasunaren berri jasotzea ere posible duzu. Lezamako entrenamendu irekiak ikusi ezezik, hauek bukatzen direnean (baita ate itxitakoak ere), jokalariek sinadurak eskaintzen dizkiete zaleei. Honela, zure seme-alabek bere kirol-idoloak ezagutu ahal izango dute. Athletic-en webgunean eta bere sare sozialetan informa zaitezke entrenamendu ordutegiez.

Halaber, familian futbolari izango direnak badituzu, jakin ezazu uda sasoian Campusa antolatzen duela Athletic Club Fundazioak. 6-14 urte bitarteko ume eta nerabeentzat zuzenduta, Lezamako instalazioetan garatzen dira, ekaina eta uztaila bitartean (aste bat inguruko txandetan). Futbolean trebatu ezezik, euskara nahiz ingelesa hobetuko dituzte, girorik osasuntsu eta atseginean.

Izan ere, Fundazioak sustatzen dituen baloreen artean talde-lana eta elkartasuna nabarmentzen dira. Profesional iaioengandik jasoko dute Athletic Club-aren filosofia, jokalarien bisitak eta hitzaldiak ere izango dituztela.

Ibilbideak

San Mames estadioa futbolaren “Katedrala” deritzogu. Bere barrunbeetan ibilbide gidatua esperientzia ahaztezina izango delakoan gaude, zure familiarekin batera ezagutuko baituzu Athletic Club-aren ‘etxea’.

“Lehoien” etxea ezagutu ezazu Athletic Club Museoa bisitatu ostean. San Mamesen barrena, txoko guztiak ikusiko dituzu

Museoko bisita bukatutakoan, 45 bat minutuko bidaia liluragarriari ekingo diogu, berriki eta goitik behera eraiki den estadioan zehar, hain zuzen. Gune nagusiak hala nola bazter guztiak ikusmiratu ditzakezu.

Ibilbideak lau ‘geltoki’ ditu, halaber: joko-zelaia -jakina, eremu garrantzitsuena eta istorio nahiz pasadizo ikaragarriak gordetzen dituena-; prentsa-aretoa -non kazetari ugarik partida bakoitzaren berri ematen duten-; aldagelak -garaipen eta porroten eszenatokia, alegia-, eta azkenik, Ohorezko Palkoa, non Athletic Clubeko presidentea, zuzendaritza, jokalariak eta bisitariak eseri ohi diren.

Berebat, bazkideen artean zozketa egin ohi da, ohorezko eserleku bat eskainiz. Sari hau bizitzan behin gerta daitekeen aukera dugu.

Bai museoko bisitak, bai San Mames ibilbideak 45 minutuko iraupena dute. Estadioko tourra egiteko asmoa baduzu, erreserbatutako ordua baino 45 minutu lehenago iristea gomendatzen dute antolatzaileek.

Nola heldu

San Mames estadioa primeran lotuta dago garraiobide publikoari dagokionez. Termibus geltokia parean dago; autobusa, metroa nahiz trena eskura dituzula. Kontsulta itzazu ordutegiak eta maiztasuna ondoko webgunetan:
 

Gastronomia

Non jan

Athletic Club-aren filosofia platerrean ere dastatzea posible da. Museoko nahiz estadioko bisitak egin ostean, San Mames bertan den jatetxea daukazu (estadioko 14. atean). Haurrentzako berariazko menuak eskaintzen ditu, baita taldeentzako ere.

Halaber, kafetxo edo ‘zurito’ bat hartzeko, La Campa de los Ingleses Taberna gomendatzen dizugu (26. atean). Eguneko menuak ere daude aukeran, barazki-jaleentzat nahiz zeliakoentzat egokitu daitezkeenak.

Bestetik, San Mames ingurumarietan (Pozas kalean batik bat) pintxo-pote ibilbide gozoa egin dezakezu (baita eguneko menuak edota bokata mamitsuak hartu ere). Partida egunetan, giroa ikaragarria da, taberna guztiak jendez gainezka baitaude, beraz, futbolaren xarma oro har eta bereziki Athletic zalea izatearen esangura jakin nahi badituzu, biziki gomendatzen dizugu ibilbide hau egitea.

Informazio gehiago eta erreserbak:
San Mames Jatetxea. Telefonoa: 94 641 24 32
Taberna La Campa de los Ingleses. Telefonoa: 94 641 24 31

Ostatua

Non lo egin

San Mames Bilbo hirigunean bertan duzu, Zabalgune ondoan. Inguruetan badituzu pare bat ‘hostel’ edo aterpetxe nahiko ekonomikoak, baita hotel tradizionalak ere, Kale Nagusian edota Abandoibarran.

Edonola ere, Bilbon ostatu hartzea ez da inongo arazorik izango eskaintza izugarri zabala baitauka, turista guztien apeta eta interesei egokitzen dena, hain zuzen.

  • Zure bisita guztiz zirraragarria izatearren, informa zaitez aldez aurretik ordutegien eta abarren gainean. Izan ere, estadioa bisitatzeko ordutegiak aldatu daitezke partida egunetan. Bestetik, Athletic Club Museoko eduki guztiak euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez dituzu.

    San Mames estadioa (19 eta 20. ateen artean)
    Rafael Moreno "Pichichi" Kalea, z/g - 48013, Bilbo
    Telefonoa: 94 466 11 00
    E-posta: museoa@athletic-club.eus

    • Ordutegia

      Uda (martxotik urrira)
      Asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara.

      Negua (azarotik otsailera)
      Asteartetik igandera, 10:00etatik 19:00etara.

    • Prezioa

      Athletic Club Museoa
      Helduak: 10 € (14€ San Mames tourrarekin)
      Umeak (6-14): 3 € (5€ San Mames tourrarekin)
      Umeak (0-5): Doan
      Bazkideak eta Club Athletic Fundazioa karneta: 4 € (6€ San Mames tourrarekin)
      Bazkideak eta Club Athletic Fundazioa karneta <=14: Doan

    • Kokapena

      San Mames (Bilbo)
      Lezama

  • Egun paregabe baten oroigarri polita eraman nahi baduzu etxera bueltan, Athletic Club-eko denda ofiziala duzu estadioan bertan, 0 eta 26. ateen artean, hain justu. Jokalarien ekipamendu ofiziala erosi dezakezu bertan, beste osagarri erakargarrien artean.